Udal sozietateak 300.000 euro ordaindu dizkie Biteso eta Sierras Sabi enpresei, eta bi aldeek 2007an zehaztu zituzten konpromiso guztiak kitatu dituzte
Azkoitia Lantzen-ek zabalik zuen auzirik handienetarikoa itxi egin da. Izan ere, Biteso eta Sierras Sabi enpresekin akordiora iritsi da udal sozietatea, eta beraz, bertan behera utzi dituzte Intsausti eremu industriala bizitoki bihurtzeko proiektua egiteko bi aldeek zituzten konpromisoak. Urrategi Alberdi alkateak eta Esther Lizarralde alkateordeak eman dute akordioaren berri, eta «albiste benetan pozgarria» dela azpimarratu dute.Intsaustin etxebizitzak egiteko proiektua auzibidean izan da azken bi urteetan. Izan ere, Azkoitia Lantzen-ek eta gune horretan zeuden Biteso, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresek ez dituzte 2007an sinatutako konpromisoak bete. 2007ko kontratuetan zehaztutako 1.980.000 milioiko bermea eskatzen zion orain arte Bitesok udal sozietateari, eta auzia konpontzeko negoziaketetan izan dira azken urtean. Kalteak ordaintzeko, Azkoitia Lantzen-ek 300.000 euro ordaindu dizkie azkenean Biteso eta Sierra Sabiri, eta bi aldeek zituzten konpromisoak likidatuta, auzi guztia konponduta gelditu da.
Kalte ordainak langileei
2007an, Azkoitia Lantzen-ek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Intsausi bizitoki bihurtzeko proiektua hasi zuten, eta 550 etxebizitza —gehienak libreak— egiteko hainbat kontratu sinatu zuen Biteso, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresekin. Lehenengo biak lurren jabeak ziren, eta hirugarrenak jarduera industriala zuen han. 2010ean 690era igo zuten etxebizitzen kopurua, eta bakoitza 300.000 eurotan saltzea aurreikusten zuten. Etxebizitzak egiteko, bertako enpresek Oinartxoko industrialdera lekualdatu behar zuten, baina ez dute euren hitza bete. Gainera, Sierras Sabi eta Galmak itxita daude egun. Azkoitia Lantzen-ek ere ezin izan ditu bere konpromisoak bete, eta ordutik batak besteari salaketak jarri dizkiote. Akordio honekin, gainera, enpresek langileei zor zizkieten kalte ordainak ordaintzea ahalbidetu dute. Izan ere, Azkoitia Lantzen-ek eman dien dirua horretara bideratu dute.
Alberdik gogoratu du udalean gobernu berria sartu eta hiru urtera eman diotela irtenbidea. «Zaila izan da, baina azkenean lortu da, bi enpresekin egin den akordioari esker». Enpresek 1.980.000 euro eskatzen bazizkien ere, Azkoitia Lantzen-ek «milioi askotako konpromisoak» zituen proiektu honekin, besteak beste deskontaminazio eta urbanizazio lanen eraginez. Aurreko agintaldietan EAJk diseinatutako proiektua egitea udalarentzat «porrota» izango litzatekeela esan du alkateak.