Sanandresak Azkoitian: lehen asteburuko egitaraua

Ane Olaizola 2013ko aza. 22a, 04:00

Egitaraua Azaroak 23, larunbata
  • 11:00etatik 13:00etara. Herriko plazan, areto dantza erakustaldia eta parte hartze ikastaroak.
  • 16:00etan. Elkargunean, Zubi Aurre Igeri Elkarteak antolatuta, Haurrentzako San Andres Igeri Saria.
  • 16:30ean. Herriko plazatik  abiatuta, IX. Herri Lasterketa,  Raka Maraton  Elkarteak antolatuta.
  • 18:00etan. Baztartxo antzokian, Kondairaren oihartzuna,  Sahatsa Dantza Taldea, Iraurgi Abesbatza eta Azkoitiko Musika Bandaren ikuskizuna.
  • 22:00etan. Herriko kaleetan zehar Danborrada.
Azaroak 24, igandea
  • Goizean. Herriko plazan, baserriko produktuen erakusketa eta salmenta, eta bolillo edo ehoziri-lanen erakustaldia.
  • 12:00etan. Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako dantzariak, Xabier Munibe ikastolako Kandiola dantza taldea, Floreaga ikastetxeko Kandiola dantza taldea eta Azkoitiko Txalkor txistulari taldea, herriko kaleetan zehar.
Iazko San Andres Eguneko irudi bat (Ane Olaizola/Hitza) Sanandresak ate joka dira Azkoitian, eta asteburu honetan festarako motorrak berotzen hasiko dira herritarrak, jaien bueltako lehenengo egitasmoak izango baitira biharkoak eta etzikoak. Dena den, azkoitiarrek zerura begira egon beharko dute azken unera arte, eguraldiak goitik behera baldintza bailitzake hainbat ekitaldi. Danborrada izango da asteburuko protagonista nagusietako bat. Ohi bezala, zortzi konpainia aterako dira kalera, danbor eta barrika jotzailez osatuak. Xabier Munibe ikastolak eta Floreaga salestar ikastetxeak bina konpainia izango ditu, gurasoez eta ikasle ohiez eratutakoak. Horiez gain, Izkiturri elkarteak, Napoleon taldeak, pilotarien taldeak eta Amnistia taldeak astinduko dituzte danborrak. Hasiera batean, 22:00etan abiatuko dira Gurea pilotalekutik, baina eguraldiaren iragarpenak direla-eta danborradaren ibilbidea moztu, hasiera atzeratu edota bertan behera gera daiteke. Euria eginez gero, konpainietako zuzendariak ordu erdi lehenago elkartuko dira hartu beharreko erabakia adosteko, eta ondoren herritarrei jakinaraziko diete megafonietatik. Baserritik plazara Kirolak eta kulturak ere tarte propioa izango dute sanandresetako lehen asteburuan. Besteak beste, herriko talde batek areto dantzak eskainiko ditu kalean zehar, jendaurrean, eta ondoren nahi duten herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. Igandean, berriz, herriko baserritarrak eta ehoziri edo bolillo egileak plazan izango dira, beren lana ezagutarazteko, dantzariek eta txistulariek kaleak girotzen dituzten bitartean. Udalak gogoratu du azokara joateko ohitura berreskuratzeko, goizero egiten duten azoka ez ezik, ostiral arratsaldetan ere egiten dutela berdura plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide