Intsaustiko proiektua auzitan, Azkoitian

Ane Olaizola 2013ko eka. 19a, 04:00

Azkoitiko Intsausti eremu industriala bizitoki bihurtzeko proiektua abiarazi zuten 2007an Azkoitia Lantzenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gunean 690 etxebizitza libre eta babestu egiteko asmoa zuen orduan Azkoitiko Udalak, eta horretarako hainbat kontratu sinatu zuen Biteso, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresekin. Lehenengo biak lurren jabeak ziren, eta hirugarrenak jarduera industriala zuen han. Bost urte geroago, ordea, egoera oso bestelakoa da, eta alde bakoitzekak auzi korapilotsua du esku artean. Urola Kostako Hitza egunkariak jakin duenez, abiarazitako akordioak auzibidean dira egun, eta Azkoitia Lantzenek Bitesoren aurka salaketa jarria du, «kontratua ez duelako bete». Lurren salerosketan jarduten du enpresa horrek. Intsaustiko proiektuari dagokion eremua (Ane Olaizola/Hitza) Etxebizitzak eraiki ahal izateko bi kontratu sinatu zituzten urte horretan. Batetik, Azkoitia Lantzenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Intsaustiko 7.663 metro koadro lur erosi zioten Bitesori. Azkoitiko Udalaren arabera, 6.000.000 euro ordaindu zuten lurrengatik. Beste kontratu pribatu bat ere egin zuten bi erakundeek eta Intsaustiko hiru enpresek. Aldundiak 3.000.000 euro inguru ordaindu zuen, eta honek gero Etorlurri eman zizkion lurrak, etxebizitzak susta zitzan —Etorlurrek duen hirugarren lur-sailik handiena da Azkoitikoa—. Udalaren arabera, adostu zuten prezio osoa 9.000.000 eurokoa izan zen, eta kontratu pribatuan Azkoitia Lantzenek 600.000 euro ordaindu zituen une hartan. Gainontzekoa ordaindu ahal izateko, besteak beste, hiru enpresei Oinartxo industriguneko sail bat ematea adostu zuten. Horrez gain, Azkoitia Lantzenek 1.980.000 euro eman zien enpresei, berme gisa. Era berean, etxebizitzak eraiki ahal izateko, lehenengo fasean gauzatu beharreko baldintzak zehaztu zituzten. «Kontratuaren baldintzak ziren enpresak herriko beste gune batera lekualdatu eta langileak mantendu behar zituela», adierazi du udalak. Batak besteari salaketak Egoera, ordea, erabat korapilatu da orduz geroztik; «enpresak ez dira lekuz aldatu; are gehiago, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresak likidatuta daude. Kontratua ez dute bete, beraz», adierazi du Azkoitiko alkate eta Azkoitia Lantzeneko lehendakari Pello Bastarrikak. Gainera, jakinarazi du Biteso «bermea betearazten» saiatu zela 2011n: «Kontratua betetzeko oztopoak jarri nahian, Oñartxoko saila desegokia zela salatu zuten. Epaitegietara jo zuen, eta Kutxari exigitu zioten bermea eman ziezaiotela». Epaileak, ordea, ez dio eman arrazoia enpresari, «ez zituelako zehaztutako baldintzak bete». Haren ondotik, Azkoitia Lantzenek iaz erabaki zuen kontratua bertan behera uztea, eta apirilean salaketa jarri zuen Bitesoren aurka, «kontratua ez duelako bete eta horretarako asmorik ez duelako». Aldundiak adierazi du salaketa jartzeko asmoa duela. Hala, hasierako egoerara itzul daitezela eskatu diote bi erakundeek enpresari, lurrak eta dirua trukatuz. Egunkari hau Bitesorekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du emaitzarik izan. Iraurgi Lantzenen datuen arabera, berriz, Biteso enpresa ere likidatuta dago. Proiektua, «bideraezina» Alkateak prozesuaren irakurketa egin du, eta nabarmendu du «ondorio negatiboak» sortu dizkiela proiektuak. «Oinartxoko sailak 1.900.000 euroko balioa zuen 2009an; orain, tasazioa eginda, erdira jaitsi da horren prezioa. Izugarrizko galera izan zen hori erostea». Auziak goitik behera baldintzatu du hango etxebizitzen proiektua, baina egungo egoerak ere kolokan jarri du egitasmoa. «Etxebizitzen gaineko erabakirik ez da hartu oraindik, baina aurreikusitakoak, behintzat, ez du etorkizunik». Izan ere, egungo egoeraren ondorioz proiektua «ekonomikoki bideraezina» dela aitortu du. «Salaketarik egongo ez balitz ere, egun ezin izango litzateke gauzatu hasierako etxebizitzen proiektua». Hasierako proiektuak 690 etxebizitza egitea aurreikusten zuen, 138 babestuak eta gainontzekoak libreak. Udalak argitu duenez, bataz besteko prezioa 60 milioikoa izango lukete. «Logikak dio guztiz bideraezina izango litzatekeela gaur egun Azkoitian halako proiektu bat egitea. Geldirik dago etxebizitzen merkatua, eta enpresarik eta eroslerik ez dago hori aurrera eraman ahal izateko». Hain zuzen, adierazi du proiektua gauzatuko balitz «izugarrizko galera ekonomikoa» izango litzatekeela herriarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide