Zurrumurruetatik arrazakeriara

Ane Olaizola 2013ko mai. 9a, 10:00

Tailerreko irudia bat, herenegun (Ane Olaizola/Hitza) Zurrumurruen kontrako lehenengo tailerra eskaini zuen herenegun Agustin Unzurrunzaga soziologoak, eta dozenaka lagunek entzun zituzten hark aurreiritzien eta arrazakeriaren inguruan emandako azalpenak. Azkoitiko Aniztasun Taldeak SOS Arrazakeriarekin elkarlanean antolatu dute ekimena. Unzurrunzagaren arabera, zurrumurruak «oso arriskutsuak» izan daitezke gizartean. «Gure baloratzeko eta besteena baztertzeko tresnak dira», azaldu zien bildutakoei. Zurrumurruen kontra egitea «zaila» bada ere, horretarako tresnak badaudela berretsi zuen. «Beti egongo da norbait zurrumurruei eutsiko diena, baina aurreiritziak dituztenei zalantza sortaraztea soilik aurrerapauso handia da». Unzurrugunzagak «arrazakeria modernoaren» nondik norakoak azaldu zituen, baita Europako zenbait herrialdetan hedatu den eskuin muturreko korrontea ere. Honen arabera, arrazismoak botere politikoari dei egiten dio pertsonak «desberdinak» direla esanez, hierarkia bat osatuz. Horren oinarrian, «bidegabekeria pertsonaletatik» sortutako sentimenduak egon ohi direla uste du.  «Egoera txarrean dagoenarentzat egoera okerragoa duena arerio bihurtzen da, harekin elkartu beharrean». Gizarteko sektore «ahulenak» izaten dira zurrumurruen jomuga, horretarako identifikatzen «errazak» direnak. Soziologoaren iritziz, hor dute iturburua etorkinen zurrumurruek. Usteak, erdia ustel Etorkinei buruzko aurreiritzien inguruan Azkoitian galdeketa egin ostean hasi dituzte tailerrak. Herenegun azaldu zutenez, herrian gehien entzuten diren zurrumurruak hauek dira: etorkinak gizarte laguntzetatik bizi direla, ez dutela integratu nahi, gehiegi direla eta ezin direla gehiago onartu, eta euskal osasun-sistema eta larrialdi zerbitzuak kolapsatzen dituztela. Bertaratu zirenek prestazioen inguruan eztabaidatu zuten, eta gizarteak etorkinekiko har ditzakeen jarreraz hausnartu zuten. Zurrumurruen inguruan sakontzeko astirik egon ez bazen ere, hariari tira egin dio UROLA KOSTAKO HITZAk. Prestazioen inguruko aurreiritzia da Azkoitian erabilienetakoena. Unzurrugunzagak gezurtatu egin du, baina, etorkinak gizarte laguntzak «neurriz kanpo» erabiltzen dituztela. «Jaurlaritzako eta aldundietako datuak hala erakusten duten moduan, etorkinak beren lanaren edota egindako lanatik ateratako laguntzen esker bizi dira». Honek adierazi du migrazio prozesu guztiak lanaren inguruan osatzen direla. Bestetik, Espainiko Estatuko laguntza «handienak eta onenak» Euskal Autonomia Erkidegoak dituela jakinarazi du, baina, hala ere, herrialde horretako immigrazio tasa %6,5ekoa dela dio, eta estatu mailakoa %12,2koa. «Etorkinak lana aurkitzeko aukera gehien duten lekuetara joaten dira, eta ez prestazio gehien dituztenera». Horrez gain, soziologoak jakinarazi du Jaurlaritzak 2010ean egindako inkesta baten arabera, EAEko etorkinen erdiak euren lanetik bizi ziren. Inkesta beraren arabera, berriz, %87k «oso balorazio positiboa» zuen EAEko gizarteaz. Aldiz, erkidegoko %56,4k baino ez dute «iritzi oso ona» etorkinen inguruan. «Etorkinek pertzeptzio hobea dute gutaz, guk haietaz baino», dio. Era berean, galdetutako etorkinen %80,8ek adierazi zuten ondo integratuta sentitzen direla EAEn. Horren harira, esaldi hau da Aniztasun Kontseiluak prestatutako galdeketan gehien errepikatu den bigarren zurrumurrua: Ez dute integratu nahi. «Zer ideia du gizarteak integrazioaren inguruan?», galdegin du SOS Arrazakeriako kideak. Honen esanetan, integrazioa ez da alde bakarrekoa. «Ateak ez badira zabaltzen integratzeko, eta ahalegin guztia besteak egin behar badu, oso zaila izango du integratzea». Unzurrugunzagak adierazi du guraso etorkinen seme-alaben jaiotza datua hazi egin dela, baita jatorri atzerritarra dutenen ezkontza tasa ere. «Horrek esan nahi du egonkortasuna badutela, eta bertan geratzeko asmoa dutela».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide