Alter egoak norbere buruaren bila

Aritz Mutiozabal 2013ko mai. 3a, 10:00

Txubio Fernandez de Jauregi eta Espe Lopez aktoreak. Futuro simple, futuro imperfecto ikus-entzunezkoan du abiapuntua Ella y el. Ficciones antzezlanak. Duela hiru urte Gasteizko Artium museoak jardunaldi batzuk antolatu zituen, eta Irungo Legaleon-T konpainiako Espe Lopez eta Txubio Fernandez de Jauregi aktoreei beren etorkizunari buruzko hausnartzeko eskatu zieten. «Hasiera batean, zuzeneko emanaldi bat izan behar zuen, baina bertaratu ezin genuenez, bideo bat egitea erabaki genuen», gogora ekarri du Espe Lopezek. Egindako lanak erantzun ona izan zuela ikusirik, taula gainera eramatera animatu ziren urtebete geroago. BAD Bilboko Antzerki eta Dantza jaialdian estreinatu zuten, eta, harrezkero, batean eta bestean antzeztu dute. Igande honetan, 19:00etatik aurrera, Azkoitiko Matadeixen izango dira, bai emakumezkoa bai gizonezkoa, fikzioetan. Ikertzaile bereziak Antzezlanean, paradoxikoki, aipatutako aktoreak desagertuta daude, eta bi ikertzai­le benetan  berezik —Lopezek eta Txubio Fernandez de Jauregik beraiek antzeztuko dituztenak— haiek aurkitzeko erantzukizuna hartuko dute. «Eto­r­kizunean desagertu egingo gara, eta inork ez du jakingo non gauden. Horregatik, beste bi pertsonaia sortu ditugu, eta horiek gure arrastoa jarraituko dute, nahiz eta ez gaituzten inondik ezagutzen. Hori horrela, desagertutakoon testuak topatzen hasiko dira», dio Lopezek. Ikertzaileak, izatez, ez dira ikertzaileak, dantza garaikideko adituak baizik. «Azken finean, beren buruez hitz egiten duten pertsonaiak dira. Gure buruez ari gara, alegia. Horretan datza antzezlanaren jokoa: zer gertatuko litzateke norbera bere posiziotik desagertuko balitz? Zer egingo luke? Nondik ibiliko litzateke? Modu horretan, gogoetarako tartea eskaintzen diogu publikoa», zehaztu nahi izan du Legaleon-T antzerki taldeko kideak. «Hausnarketa ironikoa» Etorkizunari buruzko bihozkada baino gehiago, «hausnarketa ironikoa» dela nabarmendu du Lopezek: «Txubio eta biok 50 urtetik gorako aktoreak gara, eta ibilbide luzea dugu Euskal Herri barruan eta kanpoan. Baina desagertuko bagina, ez litzateke ezertxo ere gertatuko. Artista gisa, panoramatik desagertuta sentitu izan baikara  noizbait. Izan ere, artisten ikerketa eta lana ez da beharbeste baloratzen, eta, neurri batean, horretan gabiltzanon aldarria litzateke». Zer pentsatua ematen duen antzezlana da, baina umorea presente dago uneoro. Ella y el. Ficciones zientzia-fikzio komikoa da, nolabait esateko. «Jendeak primeran pasatzen du. Ez diogu zapore garratzik eman nahi jorratzen dugun gaiari. Azken finean, jolas egiten dugu proposatutako fikzioarekin, eta horretarako gertaera ironiko bat aurkezten dugu. Errealitatean gertatzen da, baina kanpotik begiratzen saiatzen gara». Laugarren hormarik ez dago antzezlan honetan. Bi ikerlariak iritsi bezain pronto, ikusleen aurrean aurkeztuko dute haien burua, eta desagertuen inguruan hizketan hasiko dira. Alde horretatik, kontaketa zuzena izango da. Gidoia Lopezen eta Fernandez de Jauregiren artean idatzita dago, eta zantzu nahiz pasarte biografikoak barneratzen dituzte. «Jende asko uste dut kontatzen duguna asmatua dela, baina ez da hala. Gure benetako bizitza da». Hasieran lotsa pixka bat ematen zien horren biluzik agertzea. «Nolanahi ere, distantziatik landuta dago, eta norbere buruaz barre egitea ere bada».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide