(Argazkia: Jaime Garzia)
Azkoitiko Matadeiko IV. Antzerki Jardunaldien barruan, Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) musikariak eta Maialen Lujanbio (Hernani, 1976) bertsolariak
Txori mugariak ikuskizun berezia taularatuko dute datorren igandean, 19:00etatik aurrera. Zuzeneko irratsaio bat irudikatuko dute —irrati-performance bat, alegia—, iparraldeko eta hegoaldeko zedarriak aztertzen.
Donostiako 2011ko Literaktum jaialdirako sortu zenuten ikuskizuna.
Bi urteren ondoren, ikuskizuna aldatu egin al da? Hau da, txori mugariek mugak gainditu al dituzte?
Maialen Lujanbio: Bi urte pasa badira ere, emanaldi sorta bat izan da; dozena bat saio egingo genituen, alegia. Hasieran ibiltzeko ideia berezirik ez zuen, enkarguzko lan bat izan zelako. Gerora, urte hauetan egiten jarraitu dugu, eta egin ahala ertz batzuk eransten, zorrozten eta aldatzen joan gara. Funtsean, ordea, saioaren oinarria hasierako bera da.
Xabier Erkizia: Enkarguzko lana izanik, lanari buelta bat eman nahi izan genion, eta momentuan ez ginen kontziente izan nolako eragina izango zuen gugan. Hasierako enkargua gauza xumeago bat zen, eta, nolabait esateko, guk geuk konplikatu genuen. Eta halako kasuetan gertatzen den bezala, estreinaldira larri samar iritsi ginen. Lehen saioa eskaini ondoren konturatu ginen zer egin genuen zehazki, zer pauso eman genuen. Ornitorrinkus proiektuetako urteetatik ezagutzen genuen elkar Maialenek eta biok, eta nahiz eta elkarrekin lan egiteko esperientzia izan, lehendik genituen klabeak beste leku batera eraman genituen
Txori mugariak-en. Beraz, ondoren etorri diren emanaldi sortak geure burua topatzeko balio izan digu.
Proiektua konplikatu egin zenutela adierazi duzue. Alde horretatik, ikusleak egiten duzuena barneratzeko zailtasunak izango al ditu?
X.E.: Orokorrean, arteak duen arazoetako bat da hori. Konplexua izateak ez du esan nahi zaila denik. Askotan nahaste hori ematen da. Sinplea edo mami-mamia den zerbait egiten ez baduzu,badirudi iragazi bat jartzen ari zarela entzulearekiko, eta ez nator batere ados horrekin. Bizitza bera konplexua da, ez baita gauza errazekin egiten. Kasu honetan, euskaldun orok eta, nolabait ere, gizaki orok era batera edo bestera bizi izan duen egoera bati buruz hitz egiten da: botere erlazioak, iparraldearen eta hegoaldearen ezberdintasunak... Ez da ohiko edo egunerokoa iparralde bat zer den galdetzea geure buruari. Konplexua bada, bai ez zaila, eta, gainera, hor dago lanaren gako garrantzitsuenetako bat.
Arte diziplina hainbat jasotzen dituen irrati-performance bat taularatzen duzue. Maialenek testuak errezitatzen ditu, eta Xabierrek doinuekin egiten du jolas. Nola egituratuko duzue atmosfera hori?
M.L.:Lehen emanaldian Stephane Garin musikari eta fonografista izan geneuen lagun, baina, geroztik, lan kontuak medio, ezin izan du jarraitu, eta ikuskizuna bikote moduan ari gara eskaintzen.Irrati-performance deitu diogu, nolabait esanda, zuzeneko irratsaio, kontzertu eta irakurtaldia izan daitekeelako. Alde batetik, emanaldiaren ardatz diren elkarrizketa grabatuak daude. Beraz, gure ahotsekin batera, jende gehiagoren ahotsek hartzen dute parte; hau da, gure iparraldean grabatutako jendeari egindako elkarrizketak. Horrez gain, guk egindako prosazko testuak eta bertsoak daude, eta, gero, noski, soinu eta erreferentzi askoren nahiz diferenteen konposaketa lana. Elementu horien guztien collage edo bateratze bat da
Txori mugariak.
X.E.: Ornitorrinkus proiektuaren aldean,
Txori mugaria-ken nahasiago daude partaide bakoitzaren betebeharra. Izan ere, biok egiten dugu denetarik, biok egiten baitugu musika eta biok irakurtzen baititugu testuak. Nabari da Ornitorrinkusen arrastoa, elkarrenganako ezagutza hobea delako, eta horrek erraztu egiten du kokapen hori, baita norberak egin dezakeen ekarpena ere. Alde batetik, lausoagoa da, baina bestetik, naturalagoa.
Ikuskizun osoa neurtuta al dago, ala inprobisazioak bere lekua du?
M.L.: Nahiko neurtua dagoen emanaldia da. Ez dira testu inprobisatuak, testu idatziak baizik. Gero, badago inprobisaziorako tartea; egoerak ematen dizuna, alegia. Inprobisazioa dago lekuaren eta momentuaren araberako gertakisun horietan, edo soinuen eta ahotsen harremanaren aldian aldiko diferentzia horretan. Ez hainbeste testuetan.
X.E.: Lanak testu pila bat du; erreferentzia historikoak nahiz geografikoak, eta Zuberoan eginiko hainbat elkarrizketa ere bai. Halako ahots saltsa handia dagoenez, irratiarekin parekatu dugu. Gure helburu testu horiekin jolastuz narrazio bat osatzea izan da. Beharbada, hasieran dagoen testu batek ez du inolako loturarik gainerakoekin, baina bukaera aldean bere lekua topatzen du, analogiak eta ezusteko loturak sortuz. Horrek behartzen gaitu testuetara lotuta egotea, eta, hori horrela, inprobisazioari bere tokia kentzen dio. Hala ere, bada inprobisaziorako tartea, baina horretarako arau batzuk jarri dizkiogu geure buruei. Irratiak ematen digun marko horiek, finena. Normalean, jendea ez da joaten irratsaio bat zuzenean entzutera, eta, alde horretatik, guk ere adierazi behar dugu zer nolako balio erantsia duen hori zuzenean entzuteak. Horrek zentzua izan dezan estrategia batzuk erabiltzen ditugu, eta ahalegin horretan dago inprobisazioa.
Maialen Lujanbioren izena bertsolaritzarekin lotzen da ezinbestean. Ikuskizun honek ba al du zerikusirik bertsolaritzarekin?
M.L.: Ni bertsolaritzatik nator, eta halaxe izan dadin eta halaxe ikus dadin nahi dut. Horrek ez du esan nahi bertsolaritza bere zentzu arruntenean edo klasikoenean bakarrik ulertu behar denik. Zenbat duen bertso mundutik? Ni bertan nago, eta nire abiapuntu hor dut. Horrek ez du esan nahi bertsotan bakarrik egingo dudanik. Bertsoak badaude, baita bertso munduko erreferentziak ere; azken finean, euskal munduko erreferentziak direnak. Dena dela, prosazko testu idatziak daude, eta bestelako ariketa batzuk ere. Beraz, nire ohiko bertso saioen mugetatik ateratzen da hau.
X.E.: Saioan bertan bertsolaritza aipatzen dugu, jorratzen dugun gaietako bat baita. Presente dago, hor dago. Egin daiteke bertsoen inguruko irratsaio bat edo irratsaio bat bertsotan? Nolabait esateko, hortik doa ideia. Alegia, egin daiteke irratsaio bat kontzertu bati buruz ala irratsaioa bera bihurtzen da kontzertu? Zein da ezberdintasuna hitzaldi, kontzertu, bertso saio edo irratsaio baten artean? Hori da definitzeko zaila dena, baina guretzat horren garrantzitsua ez dena. Behin gertatzen denean, gainera, inork ez du galdetzen ikusi eta entzun duena zer izan den. Nahiko modu naturalean ateratzen da guztia.