Juan Luis Zabala: «Ezin da trikitiaren historia idatzi Maltzeta aipatu gabe»

Ane Olaizola 2012ko abe. 5a, 11:35

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazle eta kazetariak Juan Garate Maltzeta trikitilari azkoitiarraren biografia idatzi du. Maltzeta, soinu bete bihotz du izenburu liburuak, Euskal Herriko Trikitixa elkartearena izan da ekimena. Lanarekin batera Maltzeta-Etxetxo baserrian jaiotako trikitilariaren piezez osatutako diskoa ere kaleratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Nolatan idatzi duzu Maltzetaren biografia? Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik iritsi zitzaidan Maltzetaren inguruko liburua idazteko enkargua. Denbora askorik ez nuen, baina Altzibar auzokoa zen Maltzeta, eta ni ere han jaio eta hazi nintzen. Ez nuen berarekin traturik izan, baina bistaz ezagutzen nuen. Ni orduan ez nintzen trikiti zalea, baina trikitixa beti izan dugu inguruan; are gehiago Altzibar auzoan. Zabale baserria hor dago, baita Landakanda ere. Beti esan izan dut Zabaleko esnea edan eta Landakandako granjako arrautzak jaten nituela. Imuntzo ere balkoitik ikusten genuen, eta Maltzeta bertan bizi zen. Hala ere, trikiti mundua ez nuen ezagutu. Enkargua iritsi zitzaidanean pentsatu nuen polita izango zela txikitan ezagutu ez nuen mundua hobeto ezagutzea. Liburua bere biografia da, modu nahiko linealean kontatuta. Aita dultzaineroa zuen, eta osabekin aritzen zen dultzaina jotzen, ezkontzatan eta. Txikitatik izan zuen musikarekiko zaletasuna, baina dultzaina baino nahiago zuen soinua. Pedro Sodupe Gelatxo soinujotzailea ikusi zuen Hirukurutzen, eta orduan sortu zitzaion zaletasuna. Poliki-poliki oso [...]

Idazle azkoitiarra, bere azken liburuarekin

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazle eta kazetariak Juan Garate Maltzeta trikitilari azkoitiarraren biografia idatzi du. Maltzeta, soinu bete bihotz du izenburu liburuak, Euskal Herriko Trikitixa elkartearena izan da ekimena. Lanarekin batera Maltzeta-Etxetxo baserrian jaiotako trikitilariaren piezez osatutako diskoa ere kaleratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak.

Nolatan idatzi duzu Maltzetaren biografia?
Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik iritsi zitzaidan Maltzetaren inguruko liburua idazteko enkargua. Denbora askorik ez nuen, baina Altzibar auzokoa zen Maltzeta, eta ni ere han jaio eta hazi nintzen. Ez nuen berarekin traturik izan, baina bistaz ezagutzen nuen. Ni orduan ez nintzen trikiti zalea, baina trikitixa beti izan dugu inguruan; are gehiago Altzibar auzoan. Zabale baserria hor dago, baita Landakanda ere. Beti esan izan dut Zabaleko esnea edan eta Landakandako granjako arrautzak jaten nituela. Imuntzo ere balkoitik ikusten genuen, eta Maltzeta bertan bizi zen. Hala ere, trikiti mundua ez nuen ezagutu. Enkargua iritsi zitzaidanean pentsatu nuen polita izango zela txikitan ezagutu ez nuen mundua hobeto ezagutzea.

Liburua bere biografia da, modu nahiko linealean kontatuta. Aita dultzaineroa zuen, eta osabekin aritzen zen dultzaina jotzen, ezkontzatan eta. Txikitatik izan zuen musikarekiko zaletasuna, baina dultzaina baino nahiago zuen soinua. Pedro Sodupe Gelatxo soinujotzailea ikusi zuen Hirukurutzen, eta orduan sortu zitzaion zaletasuna. Poliki-poliki oso estimatua izaten hasi zen, eta punta-puntako trikitilaria izan zen erromeriaren urrezko aroan. Ezkondu arte horretan jardun zuen, profesionalki. Ondoren lanean hasi zen, baina istripua izan zuen Zubillaga enpresan, eta ondorioz pentsioa jasotzen hasi eta berriro trikitixari heldu zion.

Maltzetaren biografia idazteko Azkoitiko trikitilariekin egon al zara?
Luis Alberdi Zabale-rekin egon naiz, urte askotan bere pandero-jotzailea izan baitzen. Eugenio Alberdi Zabaleta, Ramon Zubizarreta Landakanda eta Joaquin Errastirekin ere egon naiz. Laja-rekin ere hitz egin dut, eta honek esaten du bere maisuetako bat izan zela Maltzeta, eta trikitixa munduan egin zitekeen guztia egin zuela. Trikitilari bezala bi dohai zituen: piezak sortzeaz gain, jendearekin egoten bazekien, eta horiek eskatzen zietenari erantzuten zien. Prest zegoen jendean maitasuna irabazteko. Familiarekin ere egon naiz. Juanen bizitzako datu garrantzitsua da bere alaba Mamen Garaterekin jotzen hasi zenekoa. Lajak dioen bezala, berrikuntza handia ekarri zuen horrek. Alaba hamar urte ingurukin hasi zen aitarekin panderoa jotzen, hankarekin eta buruarekin ere jotzen zuen, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Jendearen gustuko gauzak egiten zituen, eta alabak dio oso esperientzia polita izan zela. Oso eskertuta dago aitak mundu hori erakutsi ziolako.

Askok diote festa sortzaile paregabea izan zela.
Bai. Hala ere, Jazinto Rivas Elgeta-k, esaterako, bizimodu boemioagoa zuen, baina Maltzeta oso gizon zuhurra eta formala zen.

Zer ekarpen egin zion trikitiari?
Pieza ezagun asko sortu zituen; 15-16 urte da ezagunetarikoa, Akelarrek zabaldu bazuen ere. Erromerietan pertsona garrantzitsua izan zen, eta esan beharra dago garai hartako erromeriak garrantzitsuak izan zirela. Diskotekak sortu aurretik hemengo jendearen dibertitzeko modua zen. Ezin da trikitixaren historia idatzi Maltzeta aipatu gabe.

Lehenengo aldia izan al da trikitilari baten inguruko biografia idatzi duzuna?
Bai. Aurretik Jesus Mari Artze txalapartariaren biografia idatzi nuen, duela hamar urte. Liburu honekin ohartu naiz trikitixaren munduan oraindik badagoela giro bat, oso ezaguna ez dena. Baina badago mundu bat zaharrak eta gazteak batzen dituena, eta oso giro ona ikusi dut. Ez da katea eten. Badaude lehengo trikitilarien lana estimatzen duten trikitilari gazteak. Liburu honek balio izan dit horretaz jabetzeko.

Gaztetan albo batera utzi zenuen trikitixa gogoratzeko balio izan al dizu?
Gaztetan ez nion kasurik egiten trikitiari, baina gero konturatu naiz oso garrantzitsua izan dela gure gurasoen belaunaldiarentzat. Neurri batean barre egiten genion trikitiari. Rocka entzuten hasi ginen, eta 15 urte inguru genituenean, lagun artean eztabaidatzen genuen. Batzuei gustatzen zitzaien, eta guri iruditzen zitzaigun gauza zaharkitua eta atzerakoia zela. Mamen, aitarekin panderoa jotzen hasi zenean, Aupa aitatxo! esaka, barregarria iruditzen zitzaidan. Egungo ikuspegitik, ordea, oso gauza polita iruditzen zait. Samurtasun handiz ikusten dut Mamenek aitarekin bizi izan zuena.

Familia gustura geratu al da?
Hala esan didate, eskertuta daude. Maltzeta orain sei urte hil zen, eta hunkitu egin dira zenbait gauzarekin. Oso gogoan dute, eta gogorra egin zaie zentzu horretan. Baina bilduma honetan egon behar zuen azkoitiarrak; liburuak izango ditu hutsuneak eta kontatu gabeko gauzak, baina oinarrizko biografia badago behintzat.

—————————————–

Haurrentzako ‘Mozoloaren bakardadea’ liburu ilustratua idatzi du Juan Luis Zabalak

Juan Luis Zabalak umeei zuzendutako Mozoloaren bakardadea liburu ilustratuta aurkeztu zuen atzo. Azkoitiarrak idatzi du testua, eta Begoña Durrutik egin ditu marrazkiak. Duela bi urte sortu zuten lana, Artelekuan egin zituzten topaketetatik abiatuta. «Mozoloren ipuina kontatzen nion semeari, artean bizpahiru urte izango zituen. Kontatuz eta kontatuz aldatu ere egin nuen ipuina, eta ikastaroetan horixe landu nuen». Orduko lanak orain izan du fruitua. «Irudiak testuak adinako garrantzia du. Testua oso motza da, eta une batean irakurtzen den liburua da. Artelan bat da, hein batean». Erein argitaletxearekin kaleratu du liburua Zabalak. «Ez da ohikoa album ilustratu bat kaleratzea, eta horretarako ausardia handia behar dute argitaletxeek».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide