Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak osasun arloari lotutako saltokietara zuzenduta hainbat kanpaina egingo ditu Azkoitixen Bai Euskarari egitasmoaren barruan, eta lehenengo proiektua herriko optiketara bideratu dute. Kanpainaren bidez euskarak duen presentzia bultzatzea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako optiketako ohiko jarduneko beharrak hartu dituzte kontutan. «Edozein saltokietan herritarrek euskaraz jarduteko aukera izan dezaten nahi dugu; kasu honetan, optiketako hiztegia euskaraz barneratzea da gure asmoa», adierazi du Agurtzane Epeldek, Azkoitiko Udaleko euskara zinegotziak. Hala nola, optiketan erabiltzen duten lexikoa jaso eta euskarazko hiztegia sortu dute, ohiko hitzen zerrendarekin. Gidaliburua, gainera, CD batekin batera banatu dute; udalak adierazi duenez, euskarri horretan saltokiaren «beharretara egokitzeko» ereduak aurkituko dituzte saltzaileek.
Udalak jakinarazi du dagoeneko banatu dutela material guztia, eta egitasmoa aurrera eramateko herriko optikekin harremanetan izan da euskara saila. Hala nola, udaleko tekniko bat optiketako kideekin elkartu da. Saltoki horien hizkuntza egoera aztertu dute, eta guztien «beharretara» egokitutako gidaliburua kaleratu dutela adierazi du udalak.
Izan ere, udalak ondorioztatu du merkataritzan ahozko komunikazioan euskara «nagusitzen dela», baina idatziz egiterakoan «ohitura falta» eta «zalantzak» dituztela gaineratu dute. «Idatzizko lanean eta erabiltzen dituzten produktuetan gaztelera da nagusi. Elkarlanean prestatu dute zerrenda, eta hortik abiatu dira kanpaina garatzeko», adierazi du euskara zinegotziak. Hala, arazo horiei aurre egiteko egitasmo «aproposa» dela deritzo udalak, «kanpoko babesa eta laguntza» jasotzen baitute.
Epelderen arabera, optiketako arduradunek «oso gustura» jaso dute ekimena, eta horren erabilpenaren ardura saltoki bakoitzak izango du orain; izan ere, euskarazko hitzak plazaratzea «guztien» esku dagoela uste du zinegotziak. Izpi optika da kanpainan parte hartu duen saltokietako bat, eta honen arabera, eguneroko traturako baino, publizitatera bideratutako eta idatzizko komunikaziorako da lagungarria euskarri berria. «Kartelak egiterako orduan, esaterako, lana erraztuko digu, baita hitz teknikoak behar ditugunean ere». Ahozko komunikazioari dagokionez, ordea, euskara hutsezko hitzak erabiltzeko «ohitura falta» dagoela dio, eta hiztegian jasotzen diren hitzetako batzuk «itxura arraroa» eman dezaketela uste du. Hala ere, halako ekimenak «positiboak» direla azpimarratu du optikak.
Hurrengoak, dentistak
Udalak aurretik ere egin ditu halako ekimenak herriko merkataritzan; hala nola, arraindegietan, okindegietan eta etxetresna elektrikoen dendetan. Arraindegiei dagokienez, arrainen hiztegia saltokietako paretetan itsatsi dute, bezeroek euskaraz egin ditzaten erosketak. «Leku guztietan euskara normalizatzea nahi dugu». Hori hala, aurrera begira osasunarekin lotutako saltokietara bideratuko dute euskara sustatzeko kanpaina; hurrengoa dentistetara bideratuko dute. Epeldek aurreratu duenez, datuak biltzen hasiko dira orain, eta sektore horretako euskararen egoera aztertu ondoren ekimen berdintsua egiteko asmoa du euskara sailak, iraila inguruan.
Udalak herriko saltokien «laguntza» eskertu du, eta merkatariei eta herritarrei dei egin die materiala erabili eta euskaraz hitz egiteko dendetan.
Euskaraz egiteagatik laguntzak
Era berean, euskara zerbitzuak gogoratu du hainbat laguntza eskaintzen dizkiela merkatariei; hala nola, euskara ikasteagatik saltokietako eta tabernetako langileei matrikulen %75 itzultzen die. Kanpoko errotuluak euskaraz jartzen badituzte, berriz, %50eko laguntza jasoko dute; gehienez, ordea, 360 euro jasoko dute. Halaber, webgunea euskaraz sortzea nahi dutenei %60 laguntza emango diete, gehienez 600 euro.