Odei Arregi: «Garrantzitsua da jakitea norbaiti behintzat gustatu zaiola idatzi dudan lana»

Ane Olaizola 2012ko uzt. 19a, 07:15

Odei Arregi (Azkoitia, 1984) idazleak II. Karmele Igartua Beka irabazi du. Epaimahaiak Arregiren poesia «argia eta zehatza» delako saritu du. Halaber, bere poemetan «oso begiratu pertsonala» islatzen dela nabarmendu du. Karmele Igartua Beka bat jaso berri duzu. Bergarako Idazle Eskolak urtero ateratzen duen beka da. Edozein motatako lanak aurkez daitezke bertara: poemak, eleberri baten zati bat, dibulgaziorako lan bat… Aurten, mota guztietako lanak aurkeztu dituzte. Zergatik aurkeztu duzu poesia? Modalitate bakoitzerako orri kopuru bat eskatzen dute, eta gutxieneko orri kopurura iristeko errazena egin zitzaidalako aurkeztu dut poesia. Normalean poemak edo ipuinak idazten ditut. Hogeita hamar orri idatzi behar nituen. Beraz, orri horiek poemekin betetzea errazagoa egiten zitzaidan ipuinak idaztea baino. Zeren inguruko poemak dira? Askotariko poemak dira. Izan ere, hogeita hamar orri egiteko hogeita hamar poema idatzi ditut. Ezin dut zehaztu gai bakar bat jorratu dudanik bilduma osoan. Guztiek, ordea, tonu jakin bat dute; azkarrak eta irakurterrazak dira. Hau da, irakurleak ez du bi aldiz irakurri beharrik izango esanahia ulertzeko. Beka honetarako idatzi al dituzu poemak, ala aurretik eginda zenituen? Batzuk aurretik eginak nituen, baina bilduma osatzeko adina ez nituen, eta horietatik batzuk, gainera, ez zuten balio. Orduan, batzuk aukeratu ditut, eta falta zitzaizkidanak beka honetarako idatzi ditut. Lehenengo aldia [...]

Odei Arregi

Odei Arregi aste honetan Balda plazako txoko batean (Argazkilaria: Ane Olaizola)

Odei Arregi (Azkoitia, 1984) idazleak II. Karmele Igartua Beka irabazi du. Epaimahaiak Arregiren poesia «argia eta zehatza» delako saritu du. Halaber, bere poemetan «oso begiratu pertsonala» islatzen dela nabarmendu du.

Karmele Igartua Beka bat jaso berri duzu.
Bergarako Idazle Eskolak urtero ateratzen duen beka da. Edozein motatako lanak aurkez daitezke bertara: poemak, eleberri baten zati bat, dibulgaziorako lan bat… Aurten, mota guztietako lanak aurkeztu dituzte.

Zergatik aurkeztu duzu poesia?
Modalitate bakoitzerako orri kopuru bat eskatzen dute, eta gutxieneko orri kopurura iristeko errazena egin zitzaidalako aurkeztu dut poesia. Normalean poemak edo ipuinak idazten ditut. Hogeita hamar orri idatzi behar nituen. Beraz, orri horiek poemekin betetzea errazagoa egiten zitzaidan ipuinak idaztea baino.

Zeren inguruko poemak dira?
Askotariko poemak dira. Izan ere, hogeita hamar orri egiteko hogeita hamar poema idatzi ditut. Ezin dut zehaztu gai bakar bat jorratu dudanik bilduma osoan. Guztiek, ordea, tonu jakin bat dute; azkarrak eta irakurterrazak dira. Hau da, irakurleak ez du bi aldiz irakurri beharrik izango esanahia ulertzeko.

Beka honetarako idatzi al dituzu poemak, ala aurretik eginda zenituen?
Batzuk aurretik eginak nituen, baina bilduma osatzeko adina ez nituen, eta horietatik batzuk, gainera, ez zuten balio. Orduan, batzuk aukeratu ditut, eta falta zitzaizkidanak beka honetarako idatzi ditut.

Lehenengo aldia da beka baten lehiaketara aurkeztu zarena. Zer dela-eta animatu zinen horretara?
Kasualitatez, denbora librea banuen horretarako, eta lan erdia egina nuen dagoeneko. Hori hala izanik, nahiko egoki suertatu zitzaidan bekaren deialdira aurkeztea.

Espero al zenuen irabaztea?
Deskuiduan ere ez. Gainera, oso kuriosoa izan da; izan ere, poemak bidali nituenean uste nuen antolatzaileei iritsi zitzaiela, baina gero jakin nuen ez zituztela jaso. Pentsatzen nuen ezingo nuela ezer egin, baina esan zidaten berriro bidaltzeko aukera izango nuela, beti ere aurrekoa epearen barruan bidali nuela frogatzen banuen.

Ez nuen espero irabazterik. Bilduma osatzeko eta lan mardulagoa egiteko aitzakia bat izan da beka hau. Izan ere, askotan lan bat ez da guztiz egiten inora aurkeztu beharrik ez badugu. Horretarako aprobetxatu dut, beraz;  horrez gain, zorte handia ere izan dut.

Saria irabazteaz gain, lana garatu egin behar al duzu orain?
Hasiera batean ez. Izan ere, beka hau sari bat irabaztea bezala da. Antolatzaileek, ordea, saridunari aukera ematen diote lana osatzen joeateko eta argitaratzeko. Beraiek zabalik daude horretarako, baina ez da derrigorrezkoa. Orain antolatzaileekin nahiko nuke elkartu, horien iritzia ere jakiteko. Ez dut inoiz ezer argitaratu, eta ez dakit zer egin behar den horretarako. Baina gustatuko litzaidake.

Epaimahaiaren arabera, zure poesia «argia eta zehatza» da, eta begirada pertsonala du.
Ados nago argia eta zehatza dela, oso erraz irakurtzen baitira. Ez zait gustatzen ulertzeko zailak izan daitezkeen poemak. Beste estilo bat da. Horrez gain, norbaitek zerbait egiten duen momentutik da pertsonala. Idazkera nahiko herrikoia erabiltzen dut; ez dut azkoitiarrez idatzi, baina gertutasun bat ematen dut idazkeraren bidez.

Aurrerantzean ere aurkezten segitzera bultzatzen al zaitu sariak?
Ez du zerikusirik. Halako kasuetan, norberak ez daki zer lan aurkeztuko diren, ezta epaimahaia nortzuk osatzen duten ere. Sari guztiak oso subjektiboak direla uste dut. Nire lanak ez du besteena baino gehiago balio, baizik eta une horretan epaimahaiari lan hau gehiago gustatu zaio. Beste epaimahai bat izango balitz, beharbada beste saridun bat izango litzateke. Ondo dago halako lehiaketetara aurkeztea, epe bat eta pauta batzuk dituzulako lan bat egiteko. Hori izan ezean, guztia airean geratzen da.

Gainera, norberaren lana beste norbaitengana iritsi dela jakiteko ere balio dute halako bekek. Zerbait irabaztea baino, garrantzitsuagoa da jakitea norbaiti behintzat gustatu zaiola nire lana. Zenbait kasutan, gainera, lana berrikusteko aukera ematen dute, eta ederra da aditua den norbaitek zure lana partekatzea.

Zer motatako lanak idazten dituzu?
Ipuinak helduentzako idazten ditut, eta azkenaldian pertsonaia gogorrak sortzen ditut; neurotikoak eta obsesiboak izaten dira; guztia gaizki ateratzen zaie, baina barregarriak dira. Poesiari dagokionez, berriz, momentuan ateratzen zaidana egiten dut.

Orain zertan zabiltza?
Idatzi egiten dut, eta horrez gain kale antzerkian nabil. Bi laguneko taldea dugu Gasteizen, eta hiru obra inguru ditugu, zirkoa eta kale antzerkia uztartuta. Udan herriz herri gabiltza.

Eskualdean nola ikusten duzu kale antzerkiaren egoera?
Euskal Herrian badaude herri batzuk oso ohituta daudenak herri antzerkietara. Uste dut hezkuntza kontua dela. Hala ere, oro har asko jaitsi da kale antzerkia. Ez da nahitaezkoa, eta gertukoa egiten da. Lehendabizi doaneko ekintzak kentzen dituzte.

Eskualdean, berriz, ez dago halako ohiturarik. Herrian ez dut inoiz antzeztu, ez dut aukerarik izan. Gertuko herrietan ere ez da egiten kale antzerkirik. Baina poliki-poliki aurrera goaz; aurrekontu txikia izaten dugunez ez dugu arazo handirik izaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide