Aizarnazabaldarrek errefusaren edukiontzietako giltzak jaso beharko dituzte hilaren 10ean eta 11n

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 6a, 11:40

Urola Erdiko Mankomunitateak hondakinen bilketan egingo dituen aldaketak tarteko, Aizarnazabalgo bizilagunek errefusaren edukiontziak irekitzeko giltzak beharko dituzte. Astelehenean eta asteartean banatuko dituzte, 09:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, udaletxean. "Urtetik urtera errefusa kopurua hazten ari delako" hartu dute hondakinen sisteman aldaketak egiteko erabakia.

Hondakin organikoen eta errefusaren bilketa sisteman zenbait aldaketa egingo dituzte Aizarnazabalen, eta horren harira, errefusaren edukiontziak irekitzeko giltzak jaso beharko dituzte bizilagunek. Hain zuzen, astelehenean eta asteartean, ekainak 11 eta 12, banatuko ditu Urola Erdiko Mankomunitateak errefusaren edukiontzietarako giltzak 09:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, udaletxean.

"Urtetik urtera errefusa kopurua hazten ari delako" hartu dute hondakinen sisteman aldaketak egiteko erabakia. Egun, errefusa kontainer handi batzuen bidez biltzen da herrian, eta aurrerantzean bilketa edukiontzi txikietan egingo dute. Ontzi bakoitzak zenbaki bat izango du, eta horiek portalen eta etxeen arabera banatuta egongo dira. Itxita mantenduko dituzte, eta herritarrek egokitutako zenbakidun ontzia soilik erabili ahal izango dute. Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi duenez, ekainaren 10eko aste horretan irekita utziko dituzte errefusaren edukiontziak, jendeak giltzak jaso arte, eta ekainaren 24ko astean itxiko dituzte.  

Organikoari dagokionez, berriz, alde batetik, herrian gaur egun dauden bilketa guneak berritu dituzte. Bestetik, aurrerantzean herritarrek hondakinak organikoaren ontzira bota besterik ez dute egin beharko, eta hortik aurrera mankomunitateak hartuko du guztia kudeatzeko eta jarraipena egiteko ardura. Izan ere, orain arte erabiltzaileek hondakinak organikora botatzeaz gainera, egituratzailea gehitu eta guztia nahasi behar zuten. Sistema berriarekin, baina, hondakinak adierazitako ontzira botatzea soilik izango da egin beharrekoa. Mankomunitateko ordezkarien arabera, herritarrentzat sistema "erosoagoa" izatea da aldaketa honen helburuetako bat.

Urtetik urtera errefusa kopurua hazten ari delako hartu dute hondakinen sisteman aldaketak egiteko erabakia. Hori horrela, sistema berria ezartzearekin batera, Urola Erdiko Mankomunitateko kideek eguneroko jarraipena egingo dute, "errefusa bere onera itzultzen den ikusteko eta erabiltzaileek hondakinak leku egokira botatzen dituztela ziurtatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide