Pausoz pauso, 30 urte; pausoz pauso, Adiskide. Horrela zioen 2019. urtean Aizarnazabalgo Adiskide gaztetxearen urteurrenerako atera zuten abestiak, eta bi urtez pausorik ezin emanda egon badira ere, normaltasun izpiek Gazte Egunaren hirugarren edizioa egin ahal izatea ahalbidetu dute. Duela bi urte egin zuten "jai handiko formatua" berreskuratu nahi izan dutela dio Haritz Gorriti (Aizarnazabal, 1994) gaztetxeko kideak, eta egitarau oparoa antolatu dute biharko. Tartean, berrikuntza bat: Ahari-plost. Lurrean baldosak marraztuko dituzte itxitura baten barruan, eta herritarrek baldosa horiek erosi ahal izango dituzte. Aharia sartuko dute ondoren itxitura horren barruan, eta ahariak kaka egiten duen baldosaren jabeak otarre bat eskuratuko du. Horrez gain, zoro-jolasak, bazkaria eta kontzertuak izango dira, besteak beste, Gazte Egunean. 70 pertsona espero dituzte bazkarian.
Aste Santuaren aurretik hasi ziren Gazte Eguna antolatzen, eta antolakuntzan aurrenekoz parte hartu du Aratz Manterolak (Aizarnazabal, 2004). "Gaztetxera sartu ginenean Gazte Astea antolatzeko eskakizuna egin genuen". Hark dio "lan egiteko gogoarekin" sartu zirela gaztetxera; ildo horretatik, Gorritik jakinarazi du pandemia garaian gaztetxea "nahiko geldirik" egon zela, baina adiskide berriekin martxan jarri direla berriro ere. Gazte Asteaz gain beste hainbat ekintza egiteko asmoa ere badute, gainera. Gaur egun, 25 pertsona inguru dabiltza gaztetxean, eta askotariko lantaldeak dituzte; zentzu horretan, gaztetxeak "iraupena baduela" nabarmendu du Manterolak.
Adiskide gaztetxeak funtzionatzeko modu desberdina du Gorritiren esanetan: "Elkarte moduan funtzionatzen dugu, ez da beste gaztetxeetan bezala. Kide moduan gure betebeharrak eta eskubideak ditugu, eta ez gara asanblada bidez antolatzen". Hain justu, "eredu propio bat" sortu dutela gaineratu du hark: "Gaztetxe izateagatik ideia zehatz batzuekin lotzen da gunea, baina guk geure eredu propioa sortu dugu; iruditzen zait gaztetxe moduan beste era batean funtzionatzeko modua erakutsi dugula".
30 urteko ibilbidea
Duela hiru hamarkada ez zuen gaztetxe izena hartzen Adiskidek, eta kokalekua ere desberdina zen. Gorritik jakinarazi duenez, Zentroa deitzen zioten eraikin batean zegoen Adiskide: "70eko hamarkadan herrian izan zen apaiz batek gazteentzat lokal bat egon zedin nahi zuen, eta hortik sortu zen Adiskide". Duela urte batzuk bota egin zuten eraikin hori, eta egun dauden tokira lekualdatu zuten elkartea, lehengo liburutegi zaharrera, hain zuzen ere.
Orain dela bi urte ospatu zuten Pausoz pauso. Adiskide +30 urtez urteurrenaren emaitzarekin "oso-oso gustura" gelditu zirela dio Gorritik, eta horregatik nahi izan dute oraingo honetan ere formatu hura berreskuratu. Manterolak azken Gazte Egunean "oraindik oso gaztea" zela dio, baina aho-zapore gozoarekin gelditu zen hura ere. Biharko Gazte Eguna halakoa izateko buru-belarri lanean aritu dira.
Logo berria ere prest
Biharko ospakizuna "handia" izatea nahi dute Aizarnazabalen, eta Gazte Egunaren hedapenean lanean aritu direla gaineratu dute Gorritik zein Manterolak. Hori dela eta, Instagram eta Facebook sare sozialetan asteak daramatzate egitarauaren berri ematen nahiz Gazte Eguna sustatzeko edukiak igotzen. Egunotan, esaterako, promozio bideoa sareratu dute. Horrez gain, kamisetak eta jertseak atera dituzte, eta bihar horietako ale batzuk salgai egongo direla jakinarazi dute. Era berean, gaztetxearen irudi berria ere aurkeztu dute, Gazte Eguneko kartelean zein logoan ikus daitekeen moduan. "Aurreko logoaren berrinterpretazio bat egin digu Alots Arregi artistak, baita kartela ere. Izatez Gazte Egunerako sortu zen, baina luzerako geldituko da".
Argi dituzte zeintzuk diren egun horren zein gaztetxearen xedeak zein erronkak. "Gazteen artean harreman ona sortzea eta herrian gelditzeko gogoa sustatzea nahiko genuke", dio Gorritik. Era berean, Adiskide "izaera publikoa duen elkarte pribatua" dela gogorarazi du, eta "herriari irekita" dagoela. Horren harira, Manterolak uste du gaztetxea herrian errotuta dagoela, eta horren erakusle dela bazkarira "gazteak zein zaharrak" animatu direla. Gaztetxeko kideen beste erronketako bat herriko gazte aldizkaria ateratzen da; hori gauzatzeko lanetan ari dira orain.
Hona hemen Aizarnazabalgo Gazte Eguneko egitaraua:
Bihar, larunbata.
- 12:00. Zoro-jolasak.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:00. Ahari-plost.
- 19:00. Ustekabe txaranga.
- 22:30. Kontzertuak: Intzak Hik eta Bad Sound System.
- 01:00. DJ-ak: Davila eta Goiko.