Guraso Eskolak egin dituzte azken bi urteetan Aizarnazabalen, eta eskola horien jarraipen gisa, Guraso Aholkularitza zerbitzua eskaintzen ari dira joan den urritik. Hilean behin eskaintzen dute zerbitzu hori, hileko lehen astelehenetan, 18:00etatik 19:30era, Basakaitz herri eskolan. Aholkularitza zerbitzua jasotzeko aurrez eskatu beharko dute hitzordua gurasoek.
Aitziber Estonba (Irun, Gipuzkoa, 1976) soziologo, sexologo eta familia eskoletan adituak eskaintzen die aholkularitza gurasoei. "Guraso Eskoletan, hilabetean behin, gai bat hartu eta haren inguruko saioa egiten genuen, taldean bilduta. Ikusi genuen, ordea, beharra zegoela intimoki edota modu pertsonalagoan jarduteko. Ondorioz, ikasturte honetan zerbitzua modu horretara ematea erabaki dugu. Hau da, Familia Eskolaren jarraipen bat da, baina zerbitzua banaka edota bikoteka eskaintzen zaie gurasoei oraingo aholkularitza saioetan", azaldu du Estonbak.
Aholkularitza saioak gurasoei zuzendutakoak dira. Egunerokoan familietan sortzen diren zalantzak eta gatazkak partekatzeko nahiz hausnartzeko espazioa dira. "Askotan, guraso gisa oso bakarrik sentitzen gara familia hezteko orduan. Sentitzen dugun hori beste norbaitekin elkarbanatzen dugunean, hobeto sentitzen gara sarritan. Bakarkako zerbitzua eskaintzen denean, umearen ezaugarrietaz-eta lasaiago hitz egin dezakete gurasoek", adierazi du Estonbak.
Haren ustez, etxe edota familia guztietan sor daitezke kezkak, zalantzak, arazoak edota zailtasunak. "Arazoak behin eta berriro errepikatzen direnean, horiei aurre egiteko pista batzuk falta izaten ditugu edota beste betaurreko batzuk behar izaten ditugu gatazkei beste modu batean heltzeko".
Gurasoek aholkuren bat behar dutela sentitzen dutenean, hitzordua hartu besterik ez dute egin behar zerbitzua jasotzeko. Horretarako, aurrez eskatu behar da ordua: 618 62 62 08 telefono zenbakira deituta edo mezu bat bidalita nahiz aitziberestonba@hotmail.com helbide elektronikora idatzita.
Ordu erdi edota 45 minutu inguruko saioak izaten dira. "Aholkularitza jasotzeko izena emanda dagoen jendearen arabera, saioak luzeagoak edota motzagoak izan daitezke", zehaztu du Estonbak. "Hori bai, heziketaz hausnartzeko bidea emango duten aholkularitza saioak dira: pertsonalizatuak, konfidentzialak, epaiketarik gabekoak eta ulermena bultzatuko dutenak".
Urrian hasi ziren Guraso Aholkularitza saioekin eta ekainera bitartean eskainiko dituzte, hileko lehen astelehenetan.