Joseba Ostolaza, harria jasotzen.
Aizarnazabalen harri-jasotze jaialdia izango da larunbatean, eta eskualdeko eta inguruko
harri-jasotzaile ezagun ugari izango dira herriko pilotalekuan. Horien artean izango da Joseba Ostolaza. Marka pertsonala ezartzen saiatuko da harri-jasotzailea,
Xiete harriarekin. 18:30ean izango da saioa, eta bost minutuko txanda izango du zestoarrak 190 kiloko harria altxatzeko. Ostolazak adierazi duenez, harriak forma kubikoa du, baina neurriz ohikoa baino handiagoa eta irregularragoa da. «Lehenik eta behin, jasoaldi bat ematen saiatuko naiz, eta hori lortzen badut, ahalik eta jasoaldi gehien ematea izango da nire helburua», adierazi du harri-jasotzaileak. Izan ere, errekorra egiteko 11 jasoaldi egin beharko ditu, baina ez du uste kopuru horretara iritsiko denik. Hori hala, «marka pertsonala» egitea erabaki du. «Oso zaila da Goenatxoren markara iristea. Beraz, laupabost aldiz jasotzea da nire asmoa».
Harriaren ezaugarriengatik,
Xiete harria jasotzea «zaila» dela deritzo. Hain zuzen, datu ofizialen arabera, gaur arte hiru harri-jasotzailek bakarrik lortu dute harri hori jasotzea. Iñaki Perurenak bederatzi jasoaldi egin zituen bost minutuko bi saiotan, 1978an. Jose Martin Ibar Azpiazu
Urtain IV.-arekin, Jose Mari Iruretagoiena
Zuazola-rekin eta Jesus Mari Alberdi
Ziorra-rekin lehiatu zen Perurena. Honez gain, Urtainek soilik lortu zuen altxatzea. Bost jasoaldi egin zituen hark. 1994ean, berriz, Juan Jose Unanue Aranbarri
Goenatxo II.-a azkoitiar ezagunak jaso zuen Ostolazak altxatu nahi duen harria. Bost minutuko saioan, 11 aldiz altxatu zuen azkoitiarrak. 2001ean beste ahalegin bat egin zuen Goenatxok; minutu batean lau aldiz jasotzea lortu zuen orduan.
Dena den, Ostolazak aipatu du
Agerre I.-ak ere harria jaso zuela aurkitu duela hainbat artxibotan. «1957an izan zen hori. Lehenengoan azkar jaso zuen, eta bigarrengoan atzera erori zitzaion. Hirugarrengoan ez zuen izterren paretik igotzea lortu». Izan ere,
Xiete harriaren historia ezagutzen aritu da Ostolaza. Honen arabera, 1930ean atera zuten harria, Udaletxe Harria izena zuen, orduko bi harri-jasotzaileen apostua egiteko. Azkenean ez zuten erronka jokatu, eta harria bere horretan geratu zen. «Landu gabe geratu zen, eta horregatik da irregularra». Aizarnazabaleko Xiete taberna azpiko garajeetan dago harria azken urtetan, eta horregatik hartu du izen berria.
Larunbatekoa ez da izango Ostolazaren proba bakarra, hurrengo egunean, X. Etxauriko Aintzineko Harriaren Jasoaldian hartuko baitu parte. Ostolazarekin batera izango da Aimar Irigoien errezildarra, besteak beste.
Jaialdi osatua
Ostolazaren saiakerarekin batera, berak prestatutako jaialdi osatua izango da etzi, harri-jasotzaile ugari arituko baitira erakustaldiak egiten eta lehiatzen; batetik, kintopekoen norgehiagoka izango da. Horiek bikoteka arituko dira, txanda librean, eta honako hauek hartuko dute parte: Jagoba Otaegi (Aizarna, 19 urte), Beñat Telleria (Lasarte, 17 urte), Iñgigo Eizagirre (Zarautz, 18 urte) eta Mikel Lopetegi (Zarautz, 16 urte).
Horrez gain, Jon Ander Maiza andoaindarrak Aizarnazabalgo pilotalekuan debutatuko du; lehenengo aldiz irtengo da plazara Maiza, eta bi harrikin egingo du saioa. Erakustaldiak ere izango dira jaialdiaren barruan; hala nola, Idoia Etxeberria eta Aimar Galarraga oriotarrek eta Josetxo Urrutiak hartuko dute parte, eta azken honek ingudearekin jardungo du lanean. Seniorretan, berriz, Jokin Eizmendi eta Jesus Mari Iruretagoiena aiarrak, Hodei Iruretagoiena zarauztarra eta Urtzi Telleria lasartearra arituko dira; horiek ere bikoteka egingo dituzte erakustaldiak, txanda librean. Bertara joateko sarrerak 10 euroko prezioa izango du, eta egunean bertan erosteko aukera izango dute herritarrek.