Alvaro Villarrek (Aizarnazabal, 1984) «gogotsu eta ilusioz» hartu zuen joan den ekainaren 11n Aizarnazabalgo alkate kargua (Bildu koalizioa izan zen garaile). «Gauza asko ikasi beharra» du orain, hasieran. Izan ere, «egun bakoitza desberdina da»; egun batean arkitekturaz ari dira, hurrengoan baserrietako kontuez eta, hurrengoan, herritar baten arazoa konpondu nahian. «Aspertzeko astirik ez dago; are gutxiago, horietako gauza asko niretzat berriak direnean».
Zer egiten zuen orain artean Alvaro Villarrek, eta zertan aldatu da bere bizimodua?
Orain arte kirol arloan egin izan dut lan, kiroldegietan prestatzaile moduan, eta ikastaroak eskaintzen. Magisteritza ikasi nuen, eta leku askotan lan egin dut, arlo asko ukitu dut. Orain udaletxean 25 orduko lanaldia izango dut, eta horri heltzea pentsatzen dut. Gainera, ez dira beti 25 ordu izango, ordu gehiago egin beharko ditugu. Dena den, pilates eskola daukat Aizarnazabalen martxan, eta hori ere mantendu nahi dut, gustura nabil jendearekin eta eskatu egiten dute. Garrantzitsua da dauden zerbitzuak mantentzea.
Nola etorri zen Bildutik alkatetzara aurkezteko erabakia?
Hauteskundeak iristen ari ziren eta lehengo alkateak uzteko asmoa zeukan. Nik herrian gauza askotan parte hartu izan dut, baina udalean zuzenean ez nuen inoiz jardun. Udaletxean lan egiten duen lagun batek esan zidan «gaur arratsaldean hirekin hitz egin behar diagu», eta eurek proposatu zidaten zerrendaburu izatea. Erabaki zaila zen, ondo pentsatu nuen, pare bat astez jendearekin hitz egiten aritu nintzen eta denon artean ikusi genuen esperientzia ona izango zela, aukera ona zela ikasteko. Herritarrek ere estimatzen nindutela ikusita, animatu egin nintzen.
Artean ez zenekiten Bildu legeztatuko zuten ala ez. Baina, baiezkoaren kasuan, Aizarnazabalen nahikoa argia zen Bilduk irabaziko zuela.
Bai, baiezkoa eman nuen momentutik banekien alkate izango nintzela. Horregatik, bi hilabete horiek balio izan didate prestatzen joateko eta egoera asimilatzeko.
Kargu-hartze hitzaldian gurasoei eman zenizkien eskerrak. Zergatik?
Nire gurasoak Extremaduratik (Espainia) etorri ziren. Aita 10 urte zituela etorri zen, eta handik urte batzuetara ama ezagutu eta hona etorri zen hura ere. Aurrena Zarautzera etorri ziren, eta duela 35 bat urte iritsi ziren Aizarnazabalera. Beti egon dira integratuta. Ama euskara ikasteko eskoletara joan da, aitak ez du astirik izan lanagatik, baina ulertzen du. Gu ere txikitatik euskal dantzetan, abesbatzarekin euskal kantu txapelketetan, Gabonetan eta Santa Agedan abestera atera izan gara; euskal giroan hezi gaituzte.
Zer proposamen eta asmo dituzue herrirako? Nondik hasiko zarete lanean?
Niretzako garrantzitsuena herria dinamizatzea eta kulturaz bustitzea da une honetan. Herria polita dago, ondo dago, errepideak eta espaloiak ondo daude, etxebizitza nahikoa dago. Baina, asteburua iristen da eta ez dago kontzerturik, ez dago antzerkirik, ez hitzaldirik. Haurrentzako ere kirol aukerak falta dira. Arlo horietan hutsune handia dago. Horretan eragina izan du herrian hainbeste enpresa egoteak. Alde batetik mesedea dakar, noski; baina, bestetik, ez dio kulturari mesederik egiten. Neure lagunartetik hasita, jendeak 16 urterekin eskola utzi du eta lanean hasi da, garai onak zirelako. Behin lanean hasten zarenean, ez dituzu kultur eskaera horiek egiten, ez daukazu gogorik antzerki eskola bat sortzeko. Aurreko belaunaldietatik datorren joera da hori. Herrian bertan ez da, esaterako, musika talderik sortu. Iaz antzerki herrikoia egin genuenean, 40 lagunek hartu genuen parte; jendeak erantzun egiten du, baina lehen pausoa da kostatzen dena.
Bestetik, zerbitzu gehiago eskaini nahi diegu herritarrei. Herri txikiak askotan alboratuta gelditzen dira. Autobusekin gertatzen zaigu hori, herri txikia izanik ez omen da errentagarria. Badakigu ez duela irabazirik ekarriko, baina zergak berdin-berdin ordaintzen ditugu. Orain arte ez dugu medikurik izan, eta oraindik ez dugu pediatrarik. Herri txiki batean jaiotze hutsagatik aukera gutxiago duzu. Eskolari dagokionez ere, eskola txikia delako garrantzia gutxi eman izan zaio. Orain egoera hobean dago, baina orain gutxi arte adin eta maila desberdinetakoak gela berean jartzen zituzten, eta hori ere ez da egokia. Zerbitzuak indartu behar ditugu.
Zer-nolako lantaldea osatu duzue?
Oso talde anitza osatu dugu, adin desberdinetakoak, neskak eta mutilak, arkitekturazaleak eta baserri mundukoak. Desberdinak baina helburu bakar batekin: herriarentzako lan egitea.
Bake prozesua aurrera doa. Badira oraindik, ordea, horretan sinisten ez dutenak.
Beti izan dut argi demokrazian sinisten baldin baduzu, egin beharreko lehen gauza indarkeria eta armak uztea dela, horrekin ezin dela negoziatu. Baina, egia esan, aspertuta nago bai alde batekin, bai bestearekin, batzuek presoak erabili izan dituztelako eta, besteek, terrorismoaren biktimak. Bakoitzak berea soilik ikusten du. Ezin dira manifestazioak ilegalizatu, jendea jo edo torturatu, eta ezin da zure helburuak lortzeko inor erail. Arazo guztietan erdibideak daude. Heziketa behar da, jendeak irakur dezan zer gertatzen den eta nondik datorren, nondik eta nola sortu zen Euskal Herria; informazioan eta elkarrizketan oinarritutako gizartea sortu behar da eta Bilduk horren aldeko proiektua izan nahi luke.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide