GUTUNA

Bide bazterreko seinaleak: margoketa arrazistak gure herrian

Martxel Aldai 2024ko urr. 29a, 08:52

Andazarrate inguruko errepide bazterrean agertutako margoketa arrazistetako bat. (Aiako Udala)

Martxel Aldai mugimendu sozialistako kide aiarrak honako gutuna helarazi dio Gukari duela aste batzuk Andazarratetik Aiarako errepide bazterrean, Iturriotz-Azpi inguruan agertutako margoketa arrazistak direla eta.

Azken asteetan gure herriko bide ertzak mundu mailan aguro hedatzen ari den fenomenoaren lekuko izan dira. Andazarratetik herrirakoan agertu diren margoketa arrazistek, euskara garbian eta lauburuz apaindurik etorkinen deportazioa eskatuz, agerian uzten dute Euskal Herrian ez dugula berezko dike naturalik olatu erreakzionario honen aurrean, eta hala denaren ideian babesteak ez dakar sortzen ari diren faxismoaren adierazpen antolatu hauek hauspotzea besterik.

Izan ere, Donostiako Kaleko Afari Solidarioena eta beste herri batzuetan agertutako margoketena datorkigun aro ilunaren erakusle dira: lapurreten, eraso matxisten eta segurtasun ezaren aitzakiapean ideia erreakzionarioak zabalduz, faxismoa hazten ari da. Desinformazio eta kasu konkretuen orokortze konstantetik gorrotoa elikatuz, immigrazioaren aurkako diskurtsoa hedatuz doa gizartean, baita ustez ezkerrekoak diren posizioetan ere. Azken hauek, ultraeskuinaren kontakizuna eta markoa erosita, faxismoa borrokatu nahian etorkinen gaineko estigmatizazioa areagotzen dute, politika gero eta autoritarioagoak ezartzeari eta kontrol mekanismoak areagotzeari atea irekitzen diote eta zentzu komuna posizio erreakzionarioetara desplazatzen dute, egiturazko arazoa ezkutatuz: pobrezia eta miseria.

Miseria baita jatorrizko lurraldeetan dutena, mundu mailako potentzia kapitalisten arteko gerrek eta mendebaldeko estatuen politika inperialistek eragina; miseria baita, desjabetze erabatekotik ihesi, harrera-herri honetan zain dutena, bizi bitarteko oro ukatuta eta eskubide politikorik gabe aurkitzen baitira. Ezin da immigrazioaren fenomenoa eta erreakzioa modu serioan analizatu honen erro kausara joan gabe: arrazakeriaren aurkako borrokak kapitalismoaren aurkako borroka behar du izan, ezinbestean.

Arazoa ez baita immigrazioa, arazoa atzean dagoen pobrezia eta arrazakeriaren gorakada baitira. Bide bazterreko seinaleak borratu bakarrik ez, ulertu eta aldatu egin behar ditugu: gaurdanik martxan jarri pobretzen ari den gizarteko kapa zabalen bizi baldintzen aldeko borrokak, aldi berean hauen aurka agertu daitezkeen soka guztietako diskurtso eta praktika arrazista eta faxistei milimetro bat ere ez utziz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide