Epe jakinik ez dagoen arren, hilabete batzuen buruan frontoirik gabe geldituko da Orio, pilotalekua eta horren aurreko etxe zaharra bota egingo dituztelako eremu horretan etxe berriak egiteko. Hedabide honek galdetu badu ere, Orioko Udalak oraingoz ez du esan frontoi berria non eraikiko duten eta hori noiz egongo den erabilgarri. Ospele Orioko pilota elkarteko palistek ere "informazio falta" sumatu dute gaiaren inguruan, eta "ziurgabetasun horren aurrean", erabaki bat hartu dute: kluba utzi, eta Aiako Kirol Elkartearen barruan Aiako Pala Taldea atala sortzea; han ez zegoen pala talderik azken urte hauetan.
Talde berri horretako kide Iban Aldalur aiarrak eta Garikoitz Zubillaga Aiako bizilagunak eman dituzte ibilbide hasiberriari buruzko xehetasunak, azpimarratuz "gustura" zeudela Orioko klubean eta horren jarrera eskertuz "aldaketa egiteko emandako erraztasun guztiengatik". Aiako kirol elkarteak eta udalak egin dieten harrerarekin ere "pozik" dira Aldalur eta Zubillaga.
Gaur lehen partida
"Entrenatzeko toki bat ziurtatu nahi genuelako etorri gara Aiara" esan du Aldalurrek. Gaur-gaurkoz zortzi palista ditu taldeak, eta gehienak aiarrak izanik, herrian gelditzea izan da aurreneko aukera. Aldalurrez eta Zubillagaz gain, Iker Lizaso, Oier Izeta eta Aimar Aranberri aiarrak, Zigor Esoain eta Unai Illarramendi oriotarrak eta Xabi Murua aginarra dira taldekideak. Pixkanaka palista kopurua handitzea espero dute, eta esan dute taldean gizonek zein emakumeek daukatela tokia.
Aiako Pala Taldeak prest ditu jantzi berriak, eta lehiatzeko gogotsu eta gertu daude. Zortzi palista izan arren hiru bikote ariko dira pilota federazioak antolatzen duen herrialdeko txapelketan, honakoak: hirugarren mailan Murua-Izeta eta Esoain-Lizaso ariko dira, eta bigarren mailan, berriz, Aldalur-Zubillaga.
Gaur arratsaldean jokatuko dute denboraldi berriko aurreneko partida, Aian bertan, gainera. 18:00etan lehiatuko dira Murua eta Izeta Anoetako Kuku elkartekoen aurka. Igandean, toki eta ordu berean, Esoainen eta Lizasoren txanda izango da, Añorgakoen kontra. Aldalurrek eta Zubillagak, berriz, etxetik kanpo izango dute partida igande goizean, Mutrikun.
Aiako pilotalekuan, beraz, astebururo pala partidak jokatuko dituzte –irailetik abendura izango da herrialdekoa–, eta zaleek partidak herrian bertan ikusteko aukera edukiko dute. "Geu umeak ginenean helduei begira aritzen ginen eta erreferenteak hortxe izaten genituen, eta Aian ere umeen eta gazteen artean zaletasuna bultzatzeko egokia iruditzen zaigu ekimen hau, eta hala iruditu zaio alkateari berari ere», azaldu du Zubillagak. "Horrez gain, astero partidak egoteak giroa sortzen du pilotalekuaren inguruan, eta bizitza ematen dio frontoiari», gaineratu du Aldalurrek. Aiako Udala taldea babesteko prest agertu dela esan dute, eta "gustura" dira palistak.
Torneo pribatuetan ere ari dira lehian Aiako Pala Taldekoak, eta aurrera begira, nahiko lukete herrian bertan ere txapelketaren bat antolatu. "Lana eta dirua kostatzen dira, baina polita litzateke urtero ospatuko litzatekeen halako egitasmo bat ekartzea herrira", iritzi dio Zubillagak. Oraingoz, baina, helburu xumeagoa dute buruan: taldea egonkortzea.