2023ko udal eta foru hauteskundeak

Jon Ander Azpiroz: "Hirigintza Plana, auzoak, baserriak eta energia dira lan ildo nagusiak"

Andrea Zipitria eta Urtzi Oteiza 2023ko mai. 9a, 14:14

Jon Ander Azpiroz Otegi (1991, Aia) izango da datozen udal hauteskundeetako EAJren alkategaia, Aian. Gipuzkoako Foru Aldundian Landa Udalerrien Garapenerako zuzendaria izan da orain arte, eta Aiako Udalean zinegotzi lanak egin ditu azken bi legealditan. Urolako Komunikazio Taldeak elkarrizketatu egin du Azpiroz. Azaldu du "gauza batzuk oso argi" dituztela, baina "programa ez da itxia; ez dugu jasotakoa soilik egingo".

Nolatan aurkeztu zara alkatetzara?
Zinegotzi izan nintzen orain dela bi legealdi, eta legealdi honetan ere tokatu zait bigarren urtetik aurrera zinegotzi lanak egitea. Oso gaztetatik herrigintzan ibilitakoa naiz, ondoren salto handiago bat ematea erabaki nuen; udaletxeko zinegotzia izatea, herrigintza egiten jarraitzeko. 

Gipuzkoako Foru Aldundian Landa Udalerrien Garapenerako zuzendaria izan naiz orain arte eta aurten, nire alderdiko herriko batzarrak eskatu egin zidan alkategai aurkezteko. Pixka bat pentsatu ondoren, baiezkoa ematea erabaki nuen. 

Ze balorazio egingo zenuke EAJak Aiako Udalean azken lau urteotan egindako gestioaz? 
Nor bere buruaren epaile izatea ez da oso egokia izaten. Ez dut uste legealdi ohiko bat izan denik, edozein egongo balitz ere, pandemia eduki dugu tartean eta horrek asko aldatu zuen guztia. Nahi batzuk baziren egitekoak, eta izurriteak guztia hankaz gora jarri zuen momentu batean. Nik uste azkenean ondo erantzun zaiola pandemiari. 

Dema plazan gaude oraintxe. Hau izan daiteke legealdi honetako ikur bat. Aiako herriak kultura aldetik hainbat antzerki, kontzertu eta kulturaz gozatzeko aukera izan du nahiz eta pandemian egon. 

Aiako EAJak zer puntu nagusi jaso ditu bere hauteskunde programan?
Programarekin hasi aurretik, nik uste talde polit eta konprometitu bat egin dugula, eta ilusio handiarekin hartu duena erronka. Nik benetan eskerrak eman nahiko nizkieke, baiezkoa eman duten horiei herriarekin konprometitua daudela erakutsi dutelako beste behin ere. Auzoetatik ere hainbat herritarrek baiezkoa eman dute eta hori oso garrantzizkoa ikusten dut; Aia ez da kaskoa bakarrik, herria auzokoak ere egiten dute. 

Programa ikuspegitik, guk gauza batzuk oso garbi ditugu, baina ez da itxia; ez du esan nahi hori bakarrik egingo dugunik. Hau da, askotan programan jartzen ditugu garbi izaten ditugun gauzak, baina horrek ez du esan nahi hori bakarrik egingo dugunik. 

Hasi gintezke aipatzen Aiako Hirigintza Plana. Hori, berrikusi beharra dago. Epetik kanpo dago jada, orduan, berrikuspen bat tokatzen zaio. Askotan ikusten ez den zerbait da, baina eragina duena Aiako garapenean. Etxebizitzen gaia, kasu. Gazteek etxebizitza aukerak eduki behar dituzte herrian bizitzen jarraitzeko. Zentzu honetan, udalari gai horretan aurrerapauso bat ematea tokatzen zaio. 

Auzoak. auzoetako ordezkariak edukitzea ona da, baina lanketak egin behar dira beraiekin, jakin ahal izateko bertako beharrak zein diren. Noski, bertakoek eskatzen dutenaren arabera eta aukeren arabera uztarketa bat egin behar da. Auzoak ere bizirik nahi ditugulako. 

Energia berriztagarriena izango litzateke programako beste puntu garrantzitsuenetako bat. Argiak badakigu zer nolako igoera izan duen, eta hor lanketa bat egitea beharrezkoa da. Salto kuantitatibo eta kualitatiboa eman behar da Aian. Izan ere, gero eta herritar gehiago dago sentsibilizatuta gai honekin. Udaletxetik hasita, udal eraikinetako argiteria plaka fotovoltaikoekin salto bat eman beharra dago. Nola? ba, beno aukera ezberdinak aztertu behar ditugu. Kooperatiba batzuk aztertu ditugu, beste hainbat herrietan egin dituzten ekimenak ere bai.

Baserriak funtsezkoak dira. Orain dela hilabete bat Getarian egin genuen aurkezpenean galdetu egin zidaten nolatan dugun halako natura ingurune polita, eta lehen sektorearen existentzia. Oso garbi daukagu bat bestea gabe ez dugula ulertzen. Aian ez ditugu 1.000 lorezain nominan, herrian ditugu baserritar batzuk oraindik lehen sektoretik bizi direnak eta horiei esker dugu egun paisaia. Udal txiki bat izanda, baserritarrei lagundu egin behar diegu, oztopoak jarri gabe. Azpiegiturak behar dituzte, baserri bide egokiak behar dituzte, ur edangarria… Bada, horien ondoan egon behar dugu, beraiei entzun baita ere zer behar duten jakiteko. 

Aipatutako puntu horiez gain, turismo jasangarria bultzatu behar dugu, eta aipatuko nuke baita ere Aiak kiroldegi baten beharra duela. Kirolari asko ditugu herrian. Adibidez, 40 neska dabiltza Orioko eskubaloi klubean, ez da edozein zenbaki. Momentuz, baditugu kirol instalazio batzuk herrian, baina egokitu egin behar dira, itxurazko kiroldegi bat behar du herriak, bestela, inguruetako herrietara joan behar dutelako herritarrak. Eta, noski, herri bizi bat nahi badugu hemen ere zerbitzu eta azpiegitura batzuk eduki behar ditugu. Kiroldegiaren gaiarekin oso zentratuta gaude. Ari gara orain espazio horiek guztiak non jarri ditzazkegun aukeratzen, eta aztertzen udalarentzako zein dan egokiena.

Orokorrean esanda, baditugu gehiago. Politika sozialarekin jarraitu beharra dago etxez etxeko zerbitzuarekin, hirugarren adinekoentzat. Lanketa ezberdinak egin beharra daude, eskoarekin elkarlanean egon behar dugu. Aian gazteri bat dago, oso aktiboa eta horiekin ere elkarlanean aritzea ezinbestekoa da. Bidelagun izan nahi dugu. Gazteak dira etorkizuna. 

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak? 
Programan aipatu ditugun gauza horiek guztiak gauzatzea alde batetik, eta bestetik, herritarrei entzutea. Hitz batean esateko, elkarlana da garrantzitsuena, eta horrelako herri txikietan gehiago. 

Kiroldegiaren gaia ere atera duzu. Hor bada eraikin bat, eskola zaharra, askotan aipatu dena kiroldegi bezala prestatuko dela. Zer dago horretaz? 
Aztertzen ibili gara. Egia da zuk eraikin bat egiten duzunean helburu bat edukitzeko, eta momentu horietan eskola zen, eta antolamendua ere eskola batena du. Aukerak ematen ditu eraikin horrek bertan kiroldegia jartzeko, baina aztertu beharko da ea leku egokiena hori den ala ez. Garbi dagoena da, leku batean jarri edo besteak, kiroldegia behar duela Aiak. Nik uste jakitun garela, ezin ditugula eduki Aian, Zarautzen dituzten instalazioak, baina kiroldegi duin bat edukitzea behar du Aiak. Dagoeneko beste hainbat herri txikietan dituzten kiroldegiak bisitatzen izan gara. 

Gaur egungo herritarren kezka nagusietako bat etxebizitzen gaia da. Zer proposatzen duzue etxebizitzei dagokionez?
Tarteka udalak, hamar urtetik behin edo, lankidetza batzuk bultzatu behar ditu, zeren eta oso zaila da ekimen pribatutik etortzea herrira etxebizitzak egitera. Bestalde, Aian etxe huts dezente daude. Nik uste hortik joan behar dugula. Etxe huts horiek nolabait eraberritu egin beharko dira eta gazteen esku jarri. Promozio berri handirik egin gabe, Aian egon dadila aukera bizitzeko.

Promozioak egin behar badira, aztertuko da, baina nik uste Aiak ere ez duela jada aukera asko hazteko. 

Bestela, non ikusten duzu hutsunea Aian? 
Orografiak ez du asko laguntzen, irisgarritasun aldetik baditugu gauza asko egiteko. Aia izena bera omen dator, aldapan dagoen ordeka-gune batetik. Nik uste irisgarritasun gaian lanketa bat beharrezkoa dela. Beti dago zer egina. Baserri bide askotan ere lanketa asko falta dira. Izan ere, Aia da Gipuzkoa mailan herri-bide gehien dituen udalerrietako bat. Eta, gero energia berriztagarriari dagokionean, nik uste lan politak egin daitezkeela.  

Aiako Gazte Asanblada sortu da orain dela gutxi. Ze proposamen dituzu herriko gazteentzat? 
Etxebizitzarena izan daiteke proposamenetako bat, baina nik uste beharrezkoena elkarlana dela. Belaunaldi aldaketa bat izan da hor, eta izugarrizko ilusioarekin daude asko. Elkarlanean egin behar ditugu kultur ekitaldiak, baita urteko kultur programetan beraiek parte hartzea beharrezkoa da. Jakin dezaten, gu alboan izango gaituzte behar dutenerako. 

Eta beste errealitate bat da gizartea zahartzen ari dela. Aineko herritarrentzat zer? Zentzu honetan anbulategiarekin zer gertatuko da? 
Hirugarren adinekoak ez ezik, herritar guztiak gaude kezkatuta anbulategiarekin. Premiazko zerbitzu bat ikusten dugulako. Hainbat gestio egiten ari gara Eusko Jaurlaritzarekin, hemen mantentzeko anbulategia.  Hirugarren adineko herritarren gaira bueltatuta, herritarrekin bezala elkarlana nahiko genuke bultzatu. Goiz Argi egoitza oso garrantzitsua da beraientzat, tailerrak eta beste hainbat gauza egiteko aukera izaten dute bertan, beraiek ere nolabait eduki dezaten bizitza aktibo bat. Orain dela gutxi eskatu dute eraikinaren aterpe ingurua ixtea, eta horixe egin da. Elkarlan horri jarraipena eman behar diogu orain.

Nolako Aia nahiko zenuke lortu zure lanarekin? 
Aiarrez betea, eta hori esaten dudanean da adibidez, orain bezalako gazte kuadrilla eder bat edukitzea, herriari bizia ematen. Hirugarren adineko herritarrak ere gustura sentitu daitezela eta atzerritik datozen herritarrentzat, udalerri harrera ona duen herri bat izatea. Baserritik bizi direnak harro sentitu daitezela baserritarrak direlako, eta baita ere Aiako herritarrak baserritarrak egiten duten lana errekonozitzea nahiko nuke.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide