Aiako VII. Mendi Lasterketa antolatu du kirol elkarteak otsailaren 25erako

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 17a, 10:17

15 kilometroko proba izango da, herriko plazan hasita eta leku berean amaituta. Otsailaren 23ra bitartean eman daiteke izena, ‘kirolprobak.com’ atarian.

Aiako Mendi Lasterketa, iaz. (Argazkia: Aritz Mutiozabal). VII. Mendi Lasterketa antolatu du Aiako Kirol Elkarteak otsailaren 25erako. 10:30ean Aiako herriko plazatik hasiko dute proba parte hartzaileek, eta 15 kilometroko ibilbidea egin ondoren, leku berean bukatuko dute.  Duela lau urtetik, ibilbide bera du probak: Aiako plazatik Arreta aldera abiatuko dira lasterkariak, eta Olarteta gainera igoko dira gero. Murugul gainetik igaro ostean, Artetxotara jaitsi, eta Sagastizabal zeharkatuta iritsiko dira Aiako plazara. Eguraldia lagun badute, parte hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko diete antolatzaileek, plazan bertan. Juan Mari Aldai  Aiako Kirol Elkarteko kidearen hitzetan, lasterketa zaila ez  da, baina hasiera gogorra du probak: "400 metroko desnibela dago aurreneko hiru kilometroetan. Garrantzitsua da korrikalaria abiatzerako berotuta egotea". Gerora, ordea, Pagoetako parke naturalean barrena sartuko dira korrikalariak, eta inguru guzti hori "oso polita" dela uste du Aldaik: "Ezagutzen ez duen jendeari izugarri gustatzen zaio parajea". Aiako Kirol Elkarteak gaur egun zazpi kide ditu, eta probak boluntarioen lanari esker antolatzen dituzte. Otsailaren 25ean antolatu duten proban, zehazki, hogei boluntario izango dira mendiko bidegurutzeetan; eta beste hainbeste helmugan, dutxetan eta kontsignan. Izen-ematea, zabalik Otsailaren 23ra arte izango da lasterketan izena emateko aukera, kirolprobak.com webgunean. Txip horiarekin 15 euro ordaindu beharko da parte hartzeko eta txip horirik gabe 18 euro. Parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan behar direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta ez da beharrezkoa izango kirol talde bateko kide izatea. 400 lasterkarirentzako kupoa prestatu dute, eta otsailaren 23rako betetzen ez bada, probaren egunean bertan ere  izena emateko aukera jarriko dute, 25 euroren truke. Aurreko urteetako datuekin alderatuz, iazko lasterketaren parte hartzea "izugarria" izan zela gogoratu du Aldaik: "300dik gora parte hartzaile izan ziren, eta horietatik 290 korrikalarik lortu zuten helmugara garaiz iristea". Inguruko herrietako lasterkarien parte hartzea errazteko, frontoiko eta eskolako dutxak irekiko dituzte. Arropa gordetzeko zerbitzua ere ipiniko dute, Kultur Etxean. Lehenengo hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat ordainsaria izango da, baina parte hartzaile denek jasoko dute Aiako kutixiekin osatutako saskia. Horrez gain, orain arteko denbora marka hobetzen duenarentzat, aparteko saria jarri dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide