Interpretazio zentroan, bisitarientzako informazioaz gain, erakusketa etnografiko bat dago atondua. (Iturraran parketxea)
Pagoetako natur parkeak eguna pasatzeko aukera paregabea eskaintzen dio hara biltzen denari. Gipuzkoako Parketxe Sarea osatzen duten natur parkeetako bat da, eta bisitariari Iturrarango interpretazio zentroan egiten zaio harrera. "Interpretazio zentroa baserri batean dago. XV. mendekoak dira baserriaren lehen datuak, baina 1711n erre egin zen, eta baserria berreraiki egin zuten. Baserriak jatorrizko egitura du, egurrezkoa, eta eraikina bera jada interesgarria da bisitatzeko", azaldu du Amaia Agote Iturraran Parketxeko ingurumen hezitzaileak (Aia, 1976).
Interpretazio zentroan, Pagoetako natur parkean egin daitezkeen ibilbide, txango, jarduera eta abarren informazio osatua ematen diote hara iristen den edonori. "Eta, horrekin, bisitariak erabakitzen du zer egin nahi duen, zer duen gustuko eta zer bisitatu nahi duen".
Aukeren artean lehena interpretazio zentrotik atera gabe egin daiteke. "Eraikinaren gune batean erakusketa etnografikoa dago. Garai batean baserrietan erabiltzen ziren tresnak ditugu ikusgai, eta inguruko paisaia kulturalaren bilakaera ere aztertzen da. Mahai luze bat dago, eta, hor, historiaurretik hasi eta gaur egun arteko istorio moduko bat kontatzen da, non azaltzen den gizakiaren eraginez nola joan den aldatzen tokiko paisaia; ikus daiteke nola aldatu den, eta, aldi berean, azaltzen saiatzen gara nolakoa izango litzatekeen paisaia hau gizakiaren esku hartzerik gabe".
Irakurri erreportaje osoa,
Gipuzkoako Hitzaren webgunean.