Jasone Irigoien artista aiarra, erakusketan jarritako margolan baten aurrean (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Jasone Irigoienek ‘Gaurko Ni-ak atzokoari’ margo erakusketa zabaldu du Aiako Jauregi tabernan.
«
Gogoratzen naiz zugan / begiotan zaitut / baina hain urrun era berean...». Jasone Irigoien artista aiarraren hitzak dira, baina ez daude maitasun deklarazio batetik aterata. Ezta hurrik eman ere. Aiako Jauregi tabernan zabaldu berri duen
Gaurko Ni-ak atzokoari margo erakusketan dute ardatz; hau da, margolanen osagarri gisa txertatu duen olerkian. «Iraganean egindako sorkuntza lanari nola begiratu azaltzen dut bertan», azaldu du Irigoienek.
Denborarekin «beste begi batzuekin» ikusten du bere lana, eta horren aurrean, «beste pertsona bati buruz ariko banintz bezala» sentitzen da. «Margotzerakoan nire munduan sartzen naiz, eta ez epaitzen saiatzen naiz, bestela ez gara askeak sortzerakoan. Behin amaitutakoan bere denbora behar dut onartzeko, baina denbora hori pasatzen denean arrotza egiten zait. Niretzako ere denbora bat pasatu da eta bitarte horretan beste gauza batzuk egiten aritu naiz».
Azken bi urteetan landutako 18 koadro dira Jauregi tabernan ikus daitezkenak, abuztuaren hasiera arte. «Atzera begirako bat da aurrera jarraitzeko. Epaitu gabe eta errespetuz norbere buruari begiratzea, alegia».
Bi joera integraezin
Duela urte batzuk
Dualismoa metamorfosian proiektua landu zuen Irigoienek. «Gure pertsonalitatearen bi aldeen arteko oreka horretan aritu nintzen lanean; kontzientea eta subkontzientearen artean. Bi joera horiek erakusketako margolanetan ageri dira. Bata, abstraktuagoa da, indar gehiagokoa eta basatiagoa, eta bestea, berriz, figuratiboagoa, baina era berean surrealista; nire haurtzaroko sena berreskuratu nahian, nolabait esateko».
Bi joera artistiko horiek –abstraktua eta surrealista– presente egon dira bere ibilbide osoan. Hala ere, aitortu duenez, «ezin ditut artelan berean integratu». Hasieran bien arteko ezberdintasuna nabariagoa zen, baina, orain, garapenaren poderioz, elkarrengana gerturatzen doazela dio artista aiarrak.
(Aritz Mutiozabal/Hitza)
Emozionalki egiten du lan, eta artelan bakoitzean «biluztu» egiten da. «Arropa kentzeak baino lotsa handiagoa ematen dit nire barrunbeak askatzeak. Azken finean, olerki bat idatzi edo abesti bat egiten duzunean bezala da; emozioak kaleratzen dituzu noten edo letren bidez. Margolaritzan ere gauza bera gertatzen da».
Margolanak «intuitiboki» ikusle orok uler ditzakeela uste du. «Koadro baten aurrean jartzen garenean ikusten dugunak emozio batzuk sorrarazten dizkigu: bazterketa, erakargarritasuna, lasaitasuna, tristura... Zenbat eta sormen lan gehiago ikusi, orduan eta nabarmenagoa da. Segituan nabaritzen da zer transmititu nahi duen margolan horrek. Nik honetan egiten dut lan, eta horregatik ematen dit lotsa». Hain zuzen ere, pintura irakaslea da Zarauzko Artezaleak gunean, eta Aiako Herri eskolan espresio tailerra ematen.
Aske izateko ausardia
Olerkia margolanen ondoren idatzi zuen, eta lau zatitan banatuta txertatu du erakusketan. «Azken finean, biluzteari buruz ari naiz», dio Irigoienek. «Guztiok dugu maskara bat jarrita, eta era batera edo bestera jokatzen dugu baldin eta noren aurrean gauden. Askotan ez gara ausartzen aske izaten. Horretarako indarra behar da, batzuen aldetik agian bazterketa sentituko duzulako. Ezin gara denen gustuko izan. Baina aurrena gure gustuko izan behar dugu».
Behin artistikoki biluztuta, bere sorkuntzak jendeaurrean erakustea ez dela «erraza» onartu du. Jauregi tabernako jabeak proposatu zion erakusketa egiteko ideia, eta Irigoienek onartu. «Zailena norbere herrian izaten da. Begi zorrotzagoz begiratzen zaituztelako, eta zu zeu ere lotsa gehiagorekin sentitzen zarelako. Dena dela, ondo daramat».