Etorkizuneko euskara planaren zertzeladak eman dituzte Zumaian

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 27a, 16:15

Araitz Muguruza eta Ainhoa Baglietto, atzoko hitzaldian. (Juan Luis Romatet)

Euskara plana diseinatzeko egindako lanketaren berri eman dute Ainhoa Baglietto eta Araitz Muguruza Ahize AEK aholkularitzako kideek jendaurrean egindako aurkezpenean.

Zumaiako Udalaren datozen hamar urteetarako euskara plana diseinatzeari ekin zioten iaz. Ahize AEK aholkularitza enpresari esleitu zioten lan hori. Egindako lanketaren, diagnostikoak emandako datuen eta 2024-2034 epeko euskara planak izan ditzakeen alderdien berri eman zuten aholkularitza zerbitzuko kide Ainhoa Baglietto eta Araitz Muguruzak atzo, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan eskainitako hitzaldian.  

Prozesuak parte hartze handia izan duela goraipatu zuten biek ala biek. "Irrika eta gogoa nabaritu ditugu herritarren artean", esan zuen bere hitzartzean Bagliettok. Lanketari hasiera eman zion galdetegia 283 herritarrek erantzun zutela azaldu zuen. "Kopuru handia da. Zumaiaren tamainako beste herri batzuetan egindako prozesuetan 150 bat lagunek parte hartu dute". Horrekin batera, bederatzi elkarrizketa ere egin zituzten. "Halako ingurunera hurreratzen ez den jendearen iritzia jaso nahi izan dugu", esan zuen Bagliettok, eta galdetegia gazteengana eraman nahian, Zumaiako ikastetxeetako DBH3ko eta Batxilergoko ikasleekin ere saio bereziak gauzatu zituztela gogoratu zuen. 105 ikaslek parte hartu zuten horietan. Bost lan mahai osatu zituzten jarraian, eta lan mahai irekia azaroaren 23an egin zuten. Azken horretan, plana diseinatzen hasteko bileran, 28 lagunek parte hartu zuten. 

Diagnostikoa

Euskarak Zumaian bizi duen egoeraren datuak plazaratu zituzten hitzaldian. Egun, Zumaiak 10.000 biztanletik gora ditu. "Azken hamarkadetan, 1.600 bizilagun gehitu dira herrian. Atzerritik Zumaiara etorritako pertsonen kopurua –Nikaraguakoak, Marokokoak eta Errumaniakoak nagusiki– %6 hazi da; Espainiar Estatutik etorritakoen kopurua, aldiz, %7 jaitsi da". Biztanleriaren %86,6k euskara ulertzen duela nabarmendu zuten.

Euskararen ezagutza handia bada ere –%74koa–, erabilerak behera egin duela ondorioztatu dute. "Demografia aldetik kezkatzen gaituen datu bat ere badago; Zumaiako gizartea gero eta zaharragoa da. Gainera, 45 urtetik gorakoen erabilerak nabarmen egin du behera", azaldu zuen Bagliettok. Atzerrian jaiotakoek euskararekiko duten inplikazio faltak herritarrei kezka sortzen diela ere esan zuen.

Oikia arnasgune bezala definitu zuten. Kanpotik Oikiara bizitzera joan diren pertsonen kopuruak gora egin badu ere, euskararen ezagutza %83,3koa da. Hala ere, 11 puntuan jatsi da euskararen erabilera etxeetan. Oikiak neurri propioak behar dituela ere esan zuen, "beheranzko joera gelditzeko".

Plan berriaren zertzeladak ere eman zituzten. Aroa markoa erabili dute diseinatzerakoan, eta nahi estrategikoa "Zumaia euskal hiztun kontziente eta aktiboak dituen herria izatea" dela azaldu zuten, "euskararen erabilera handitzeko". Euskararen mahai bat eratzea eta horren barruan hiru bilgune sortzea planteatu dute: transmisio bilgunea, kirol bilgunea eta kultur bilgunea, hain zuzen. Bilgune horiek eragile desberdinek osatuko lituzkete, udaleko sailek, Larraina elkarteak, eta, bilgune bakoitzaren arabera, UEMAk edo herriko eragileek. Aipatu bilguneak urtean lautan bilduko lirateke, "edota beharra dagoenean". 

Bagliettok zein Muguruzak adierazi zuten plana bost urteko epean berrikusi beharko litzatekeela, "balorazio bat egiteko". Lehen urterako eginbeharrekoak ere jaso zituzten: udalak plana onartzea, bilguneak osatzea, euskararen mahaia osatzea, indarrean dauden ekintzen jarraipena egitea eta proposatzen diren ekintzak urteko planera eramatea.

Proposatutako plana, behin Euskara Batzordetik pasatuta, udalbatzarrak onartu beharko du aplikatzen hasi aurretik. Ondo bidean, ekaineko bilkurara eramango dutela aurreikusi dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide