Hitanoaren erabilerak jaitsiera nabarmena izan du du hamarkada batzutatik hona, ez Zumaian bakarrik, baita Euskal Herri osoan ere. Haren ezaguera eta erabilera handitzeko saiakera ugari egin dira azken urteotan. Hala, duela 25 urte, Xabier Azkuek idatzitako Zumaiako hitanoa liburua argitaratu zuen Zumaiako Udalak, eta orain hamabost urte hitanoa unitate didaktiko gisa hasi ziren lantzen herriko ikastetxeetan.
Orain, liburuaren argitalpenaren mende laurdena betetzen dela eta, beste pauso bat eman nahi izan du udalak, hogeiko hamarkada hasieran sortutako Appa hi! aplikazioaren Zumaiako bertsioa sortuz. Gaur eguerdian aurkeztu dute telefonoetarako programa, udaletxeko plenoa aretoan egindako agerraldian. Bertan izan dira Aitor Manterola euskara zinegotzia, Xabier Azkue euskara teknikaria, Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeña eta prozesuan lagundu duten zenbait herritar.
Modu errazean
Aplikazioa sortu duen Badihardugu euskara elkarteko kidearen esanetan, hitanoa "modu erraz eta erakargarrian" ikasteko aukera eskaintzen du. 2021. urtean sortu zuten sakelakoetara aplikazio hori, Oñatirako bertsioekin, eta ordutik Euskal Herriko beste herri batzuetako euskalkietara egokitutako bertsioak sortu dituzte. Esaterako, Urola Kosta eskualdean, Azkoitian eta Zarautzen badituzte jada aipatu aplikazioko bertsioak.
Programa appahi.eus webgunetik jaitsi daiteke, doan. Behin aplikazioa sakelakoan instalatuta, galderak noka edo toka eran jasotzeko aukera eskainiko du. Bost aste –35 egun guztira– irauten duen plangintza jarriko da martxan, eta egunean ikasgai bana eskainiko du. "Ikasgai gutxi batzuk teknikoak dira, baina gehienak galdera modura daude planteatuta", gaineratu zuen. "Egingo diren galderak zuzen erantzutea da helburua. Gaizki erantzuten bada, zuzentzeko aukera egongo litzateke", argitu du.
Agirrebeñak argitu du egunean ikasgai bakarra emango dela. "Ezingo dira egunean bi ikasgai egin", azaldu du. Aste amaieran, errepaso gisako ikasgaia emango da, "aurretik emandakoa ikasi dugun konprobatzeko". Hori guztia marrazkiez, argazkiez, bideoez eta gainerako material osagarriarekin jantziko dute. Aukera dago, baita ere, lehiaketak egiteko, "Egunean behin aplikazioaren kasuan bezala".
Gazteekin lantzekoa
Hitanoaren transmisioan etena izan da azken urteotan, eta guraso eta seme-alaben artean apenas erabiltzen den hika. Bai, ordea, gazteen artean, lagun artean, eta mutilen artean gehienbat, askotan aditzaz asmatuaz. "Ea aplikazio horren bidez lortzen dugun hitanoa berreskuratzea", azaldu du Xabier Azkue teknikariak.
Gogoratu du Emakumeon Etxean egin direla saioak noka berreskuratzeko eta, herriko ikastetxeetako ordezkariak han zirela, egoki ikusi zuen eskoletan ere erabiltzea gazteen artean hitanoa lantzeko.
Era berean, gogora ekarri du aurtengo Euskaraldian aukera egongo dela aplikazioan ikasitakoa praktikan jartzeko. Izan ere, izena ematen duten norbanakoei galdetuko zaie ea hika ere parte hartu nahi duen, eta baietz esaten dutenek H letradun txapa bat jasoko dute. Gainera, jarduera bereziak ere antolatuko dituzte Euskaraldiaren egitarauan: noka trikipoteoa, hikadromoa...