Epai batek metalgintzako hitzarmena aplikatzera behartu du Guascor Energy enpresa

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 14a, 14:00

Oikian du Guascor Energyk fabrika. (Guascor Energy)

Oikiako fabrikak sektoreko hitzarmena aplikatu eta soldatak erregularizatu beharko ditu, ESK sindikatuak azaldu duenez. Auzitegiaren erabakiari ezingo dio errekutsorik jarri enpresak. 

Metalgintza sektoreko hitzarmena aplikatu beharko du Guascor Energy enpresak aurrerantzean. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak, ESK sindikatuak azaldu duenez. Horrekin batera, soldatak ere erregularizatu beharko ditu lantegiak. 

Afera 2022. urtean piztu zen. Sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, COVID-19aren pandemiaren aurretik, enpresak eta langile batzordeak adostutako itunak aplikatzen zituzten lantokian. 2020an, metalgintzako hitzarmen berria sinatu zuten eragileek, este beste neurri batzuen artean soldatak KPIaren arabera igotzea adostu zuten. Hitzarmen hark 2022ra arte iraun zuen. 2022an bertan, enpresako itun berri bat negoziatzen hasi zen Guascor Energy sindikatuekin. ESKren arabera, proposamenak KPIa baino soldata igoera baxuagoa planteatzen zuen: %1,5eko igoera KPIa %6,5 igo zenean urte hartan. Langileek –180 langile ditu Oikiako fabrikak– 200.000 euroko diru galera izango zutela kalkulatu zuen orduan sindikatuak. Horren aurrean, ituna ez sinatzeaz gain, ESK-k salaketa aurkeztu zuen lan arloko Donostiako epaitegian.

Epaitegi haren erabakiak enpresari eman zion arrazoia. ESK-k erabakia errekurritu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta hark, berriz, arrazoia eman zion sindikatuari. Enpresak, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen iazko apirilean. Urte eta erdiren ondoren, epaitegi horrek ez du aintzat hartu enpresak aurkeztutako errekurtsoa. Eman berri duen ebazpenari ezingo zaio beste errekurtsorik jarri. ESK sindikatuaren arabera, "Gipuzkoako Metalaren Hitzarmena aplikatzea besterik" ez zaio geratuko enpresari, "eta, beraz, soldatak erregularizatzea".

Erreklamazioak aurkezten

ESK-k ohar bidez azaldu duenez, orain arte enpresak ez ditu igoerak ordaindu, gaia judizializatuta zegoen aitzakiarekin: "Nolanahi ere, ondo dakite soldatak erregularizatzeko betebeharra dutela, eta, horregatik, plantillaren zati batek dagoeneko egin du dagokion erreklamazioa, dagokiona kobratu ahal izateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide