'El eco' dokumentalak emango dio hasiera etzi zine forumeko denboraldi berriari

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 8a, 11:00

Jatorri anitzeko sei filmek osatuko dute Ostarrena zine klubak antolatuko udazkeneko zikloa.

Etzi emango dio hasiera Ostarrena zine klub taldeak 2024-2025 zine forum denboraldiari. Jatorri anitzeko sei film aukeratu dituzte taldekideek udazkeneko ziklorako. Hala, abendura bitartean Georgia, Butan edo Irlandako filmak ikusteko aukera izango da Aita Mari aretoan. Saioak 19:00etan izango dira eta sarrerak, 5 euroan, salgai izango dira aretoko leihatilan.

El eco dokumental mexikarrarekin emango diote hasiera zikloari. Tatiana Huezok zuzendutako lana film dokumental onenaren saria jaso zuen Iazko Berlingo zinema jaialdian. Mexikoko haran urrun eta bakarti batean, neguak eta lehorteak zigortuta, haurrek heriotza, gaixotasuna eta maitasuna ikusten ikasten dute. Bizitzaren aurrean bertigoa sentitzeari buruzko istorioa, hazteari buruzkoa proposatu du Huezok lan honetan.

Drama eta thrillerraren artean mugitzen den Tatami film georgiarra emango dute urriaren 24an. Kirola eta politikaren artean mugitzen den filma zuzendu dute Zar Amir-Ebrahimik eta Guy Nattivek. Leila judoka irandarra eta bere entrenatzaile Maryam Munduko Judo Txapelketara joango dira Iranentzat lehen urrezko domina etxera ekartzeko asmoz. Lehiaketaren erdian, Errepublika Islamikoaren ultimatum bat jasotzen dute, Leilari lesio baten itxurak egitea eta galtzea eskatzen diona. Bere askatasunarekin eta bere familiaren askatasunarekin, Leilak ezinezko erabaki bati aurre egin behar dio: lesio baten itxurak egitea eta Irango erregimenari obeditzea, Maryamek eskatzen dion bezala, edo biak desafiatzea eta urrea lortzeko borrokan jarraitzea.

Errefuxiatuen gaia jorratu du Agnieszka Holland zuzendari poloniar beteranoak  azaroaren 7an emango duten Green border draman. Epaimahaiaren sari berezia jaso zuen film honek iazko Veneziako jaialdian. Aipatu errefuxiatuak Bielorrusia eta Poloniaren arteko 'muga berdea' osatzen duten baso zingiratsuetan, Europar Batasunera iritsi nahi duten Ekialde Ertaineko eta Afrikako errefuxiatuak Alexander Lukashenko diktadore bielorrusiarrak zinikoki diseinatutako krisi geopolitikoan harrapatuta daude. Europa zirikatzeko ahaleginean, errefuxiatuak mugara erakartzen dira, EBrako urrats erraz bat agintzen duen propagandarekin. 

Irlandatik Butanera

Komedia eta musika uztartzen duen Kneecap film irlandarrarekin jarraituko du zikloak azaroaren 21ean. Irlanderaz abesten duen hip hop taldea da Rich Peppiatt zinemagileak zuzendutako lan honen protagonista –Michael Fassbender ezagunak ere lan egiten du pelikula honetan–. Irlandan 80.000 irlandar hiztun daude, 6.000 iparraldean bizi dira eta horietako hiruk dena hankaz gora jarriko dute Kneecap izeneko rap hirukotea osatzen dutenean. Anarkikoak, basatiak eta edozertarako prest daudenak ama-hizkuntza salbatzeko.

Abenduaren 5ean, berriz, Butan herrialdea jatorri duen El monje y el rifle filma emango dute Zumaiako zinema aretoan. Pawo Choyning Dorji da zuzendaria eta Asiako herrialde horretan girotzen du historia, 2006. urtean. Butango erresuma demokraziarantz doa. Hauteskundeak egiteko, gobernuak bozketa-simulazioak antolatzen ditu, herritarrak ezagutzen ez duten zerbaitetarako prestatzeko. Bitartean, Ura hirian lama zahar batek monje bati agintzen dio arma bat lor diezaiola laster izango den erregimen-aldaketari aurre egiteko. Lortzen duen errifle baliotsua arma bildumagile estatubatuar batek bilatzen duen pieza bat da.

Udazkeneko zikloa amaitzeko, abenduaren 19an terrorezko La sustancia film britainiarra ikusteko aukera izango da Aita Marin. Coralie Fargeat zinemagile frantziarrak zuzendutako lana da hau eta 'Zu, baina hobeto zentzu guztietan' promesatik abiatzen da, zelulen zatiketan oinarritutako produktu iraultzailea, alter ego gazteagoa, ederragoa, perfektuagoa sortzen duena. Gidoi onenaren saria jaso du aurtengo Canneseko jaialdian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide