Euskal umorea egin daitekeelako

Ihintza Elustondo 2023ko eka. 14a, 10:00

Argazkia: Mikel Martinez.

Umorez Blai bakarrizketa saioa izango da ostiralean Zumaian (19:30), Larrainak eta udalak sustatuta. Lau umoregile ariko dira: Ana Goitia, Antton Telleria, Maria Blanco eta Julen Portillo.

Euskaraz umorea sortzeak zeregin zaila izateko fama du, baina jendeak esaten duenari kasu gehiegirik egin gabe, bide horixe jorratuko dute ostiral honetan Zumaian. "Bateren batzuek hori esaten dute, eta beste mila gauza ere esaten dituzte, baina guk ez dugu uste hori horrela denik. Tokatzen da umorea euskaraz egitea, euskara gai atseginekin lotzea eta elkarrekin ondo pasatzea", adierazi du Belen Uranga Larraina euskara elkarteko kideak. Horrexegatik, Umorez Blai bakarrizketa saioa antolatu du elkarte horrek Zumaiako Udalarekin elkarlanean. Ostiralean izango da emanaldia, 19:30ean, Mari kaleko plazatxoan. 

Honako hauek izango dira Umorez Blai saioan parte hartuko duten umoregileak: Ana Goitia, Antton Telleria, Julen Portillo eta Maria Blanco. Horietatik bi eskualdekoak dira, gainera: zestoarra da Blanco, eta zarauztarra Portillo. Bakoitza ordu laurden inguruz ariko da solasean, eta guztira, ordubeteren bueltako saioa egingo dute. 

Urangak nabarmendu duenez, urtero saiatzen dira kultura eta euskara uztartzeko ekintzak antolatzen: "Euskara eta kultura elkarren eskutik doazela aldarrikatu nahi dugu. Aurten, lehen aldiz, bakarrizketen saioa egitea pentsatu dugu, umorez elkar ezagutzeko eta euskarari bultzada txiki bat emateko". Berezia da harentzat saioarentzako aukeratu duten kokalekua. "Oso leku polita da, zumaiarrontzat oso berezia. Elkarri begiratzeko eta elkarrekin barre egiteko oso leku aproposa iruditzen zaigu". 

Portillo izango da bakarrizketa eskainiko duen umoregileetako bat, eta hark nabarmendu duenez, leku gehiagotan ere egin izan dituzte antzeko saioak: "Taldetxo bat daukagu, eta saio batetik bestera bakarrizketariren bat alda daitekeen arren, antzeko saioak eskaini ohi ditugu han-hemenka", esan du. Umorea euskaraz egitea zeregin erraza iruditzen ez zaion arren, bide hori jorratu egin behar dela uste du: "Wazemank desagertu zenetik, ez da bueltatu euskarazko umorea telebistara, plaza publikora, eta iruditzen zait beharrezkoa dela hori berpizten saiatzea. Kontua ez da umorerik ez daukagula, baina plaza publikoan ez dauka hainbeste leku euskarazko umoreak". 

30 urteren bueltan ditu Portillok, eta adin horretako krisiaz arituko da Zumaiako hitzartzean. "Saio arina izango da, eta bertaratzen direnei barre eginarazten saiatuko naiz", dio. Zerbait ezberdina egiteko gogoz dauden herritarrak emanaldia ikustera animatu ditu: "Barre egiteko gogoz dagoena etor dadila eta goza dezala". 

Blancok ere parte hartuko du saioan, baina ez du bakarrizketan kontatuko dituenen gaineko zertzelada gehiegirik eman nahi izan. "Ez dut ezer aurreratuko, saioa ikustera joan behar da", dio. Dena den, nabarmendu du Zumaiako saioa "berezia" izango dela, "asko preziatzen" duen herria delako. Saioa "mimo handiz" prestatzen ari dela esan du. 

Umorea euskaraz egitea erraza ez dela uste du hark ere, baina gauza bat argi du: «Ni euskalduna naiz, euskaraz hitz egiten dut, eta euskaraz bizi nahi dut. Beraz, ez dauka zentzu handirik umorea erdaraz egiteak». Bere ahalegina horretan jarriko duen arren, euskal gizartea ez du horretarako erabat prestatuta ikusten. "Kostatu egiten zaigu geure buruaz barre egitea. Euskaldunak geure buruari buruz barre egiteko hezi behar ditugu, eta horretan ari gara", adierazi du. 

Kultura eta euskara bultzatu behar direlako, herritarrak ostiraleko saiora animatu ditu Blancok. "Helduak badakit etorriko direla, baina mesedez eskatuko nieke gazteei aukera bat emateko kulturari. Futbola ikustea oso ondo dago, baina beste abaniko txiki bat ere ireki beharko genuke. Eta saioa 19:30ean da, ez da hain berandu. Gero poteoa egin nahi badute, badute horretarako denbora", esan du, umorea galdu gabe. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide