Musikari poliedrikoa, folketik abangoardiara eta popetik rock zaratatsura pasatu daiteke Joseba Irazoki (Bera, 1974). Bakarkako ibilbide luzea du, eta bere instrumentuarekin, gitarrarekin, aberastu ditu beste talde edo proiektu batzuk ere. Duncan Dhurekin ere jo izan du, eta Nacho Vegas asturiarraren taldeko kidea ere bada. JIEL (Joseba Irazoki eta Lagunak) taldearekin etorriko da larunbatean Zumaiara.
Proiektu egonkorrena kontsideratzen du musikariak berak, eta urte hauetan hiru disko plazaratu dituzte, hirurak Bidehuts diskoetxearekin: Joseba Irazoki eta Lagunak (2014), Zu al zara? (2018) eta iaz plazaratutako III (2021).
Aurretik ere sarri egona zara Zumaian. 2015eko Dardarafesten jo zenuen, bakarka orduan. Kontzertu hartako oroitzapenik ba al duzu?
Jaialdiaren hasieran jo nuen gizon-orkestra formatuan. Sentsazio onak izan nituen jendearen aldetik-eta, baina uste dut kontzerturen erdia ona eman nuela, baina beste erdia pixka bat desastrea atera zitzaidala. Egunaren arabera hobeagoak edo okerragoak ateratzen dira. Garai hartan loopak eta erabiltzen nituen, eta ez dakit ba egun hartan ondo erabili nituen [barrez].
Gizon-orkestra formatuarekin ezagutu zintugun hemen, herriko taberna batzuetan-eta eman zenituen kontzertu batzuetan. Formatu hori abandonatu al duzu?
Errekurtso bat izan zen urte hartan ez nuelako birarik edo kontzerturik. Pentsatu nuen tabernetan jo beharko nuela soldata ateratzeko. Bere garaian tabernetan eta jotzen nuen, formatu akustikoan, nire lehenengo diskoak modu horretara atera nituelako. Asko sufritu nuen, ostatuetan akustikoan ez zidaten kasurik egiten eta. Pentsatu nuen zarata egin beharko nuela bakarka, eta banuen gizon-orkestraren formatua probatzeko gogoa, bonboarekin-eta. Egia da jendeak haluzinatu egiten zuela pertsona bakarra halako zarata ateratzen ikusita. Baita, izan ditudan proiektuetatik oihartzun handiena lortu zuena hori izango zen. Baina, egia da pixka bat aspertu naizela. Konposatu izan dudanean gehiago konposatu dut taldera begira, edo beste musikariei begira; proiektu hura gehiago ikusi dut zuzeneko proiektu bezala. Horrek ekarri du ez dudala errepertorioa berritu, ez dudala gehiegi landu edo zaindu, eta berriz ere errepertorio zaharrera bueltatzeak pereza ematen dit. Oraingoz bai, abandonatuta dut eta orain taldearekin zentratuago nago. Hala ere, ez dut guztiz deskartatzen berriz ere hartzea.
Taldearekin lan egitea kontzeptu erabat diferentea izango da. Bakarkako proiektu hark bazuen ukitu anarkikoa; hau, berriz, lotuagoa izango da.
Argi eta garbi. Konposizio denek badute estruktura moduko bat. Han loop batekin hasten nintzen nonbaitera iritsi arte. Kontzeptua oso desberdina da, esan dizudan bezala, gehienbat konposatzerako orduan. Taldearekin maketatu egiten dugu, entseatzeko geratzen gara. Mila buelta ematen dizkiegu kantuei forma egokiak edo gustuko duzun zerbait aurkitu arte.
Lagunak taldearekin zatoz oraingoan. Lagunak da taldearen izena, taldekideak lagunak ere izango zarete.
Urteak goaz elkarrekin jotzen eta herrikoak gara denok Jaime izan ezik. Hainbeste urtetan etorri da Berara entseatzera, uste dudala dagoeneko herrikoa sentituko dela. Musikan beste arlo askotan bezala gertatuko da: asteburuetan zaude lantalde horrekin, baina lagun talde ere bihurtzen da, sozializatzeko orduan zure lagun musikariekin zaude eta. Lanaz eta musikaz aparte zure bizitzako parte ere bihurtzen dira.
Taldearekin hiru disko atera dituzu. Lehenengotik bigarrengora aldaketak izan ziren formazioan. Bigarren eta hirugarren diskoan, berriz, taldekide beraiek zarete. Talde malgua da, edo jada aurkitu duzu behin betiko formazioa?
Ez dakit seguru. Ni oso aldakorra izan naiz. Onerako edo txarrerako. Batzuk zioten nire hurrengo diskoa ez zekitela nolakoa izango zen: instrumentala, gizon-orkestra, akustikoa… Hori komertzialki ez zen ona, baina jendeak, nire disko batera hurbiltzerakoan, jakiteko gogoa izaten zuen. Lagunak proiektua bai ari dela bihurtzen egonkorrena, edo ezagunena. Lehen diskoa, agian, esperimentalagoa edo post-rock ukitua zuena zen, eta besteak rockeroagoak dira. Hasiera hartan bai zen seikotea –gaur egun seikotea izatea oso zaila da, eta bakoitzak bere proiektuak ditu–, baina orain egonkortu da. Lauzpabost urte goaz elkarrekin, gustura gaude, badugu soinu bat eginda, eta pentsatzen dut baietz, jarraituko dugula formazio honekin.
Iaz argitaratu zenuten III diskoa. Hori izango al da kontzertuko oinarria, edo beste diskoetako abestiak ere sartuko dituzue errepertorioan?
Oinarria bai dela disko berria. Udan sartu ditugu aurreko diskoko abesti batzuk, rockeroagoak, baina oinarria azken disko hau izango da.
Kritika oso onak jaso zenituen disko horrekin. Urte amaierako disko onenen zerrenda askotan agertu zen.
Poz handia hartu nuen. Batzuek zioten disko desberdina zela. Gero, urte bukaeran agertzen diren balantze horietan bai agertu zela diskoa kutunen artean, eta, nola ez, poza hartu nuen. Diskoa egiteko izan dituzun lanak eta buruhausteak merezi izan dutela ikusten duzu. Gero, aurrez esan dugun bezala, proiektuak izan duen egonkortasunak diskoa ateratzerako orduan atentzio gehiago izateko ere lagundu du. Atentzioa izan dezakezu eta diskoa ez gustatu, baina badirudi hemen maila mantendu dugula eta jendeari gustatu zaiola.
Ez zara geldirik egotekoa. Lagunaken bigarren eta hirugarren diskoaren artean kanta instrumentalen disko bat ere plazaratu zenuen (Ez-nostalgia. Pieza instrumentalen bilduma, Bidehuts, 2019). Ez dakit orain ere proiekturen bat baduzun esku artean.
Azken disko hori pandemiako egun libreetan sortzen hasi nintzen. Aldi berean, hasi nintzen gitarrarako pieza instrumental batzuk sortzen. Hasieran inprobisatutakoak ziren, eta gero kasete martziano batean grabatu nituen, Gitarra onomatopeikoa izenekoan (Mascarpone, 2018). Nire asmoa bada horiek grabatzea negu honetan-edo, Gitarra onomatopeikoa 2 izango den diskoan-edo. Gitarra soilekoak izango dira, eta ez dakit, bukatutako piezak izango dira, itxitakoak.
Gero, ez dakit hau aurreratu dezakedan, baina Bonberenearen urteurrena dela eta Pettiri eta guri abesti batzuk egitea eskatu digute. Single formatuko ep bat izango da, eta alde batean gure bi asbesti izango ditu eta bestean Pettiren beste bi. Udazkenean aterako da.
Disko mordoa atera duzu urte hauetan guztietan. Hala ere, agian zuzenekoan sentituko zara erosoen.
Zuzeneko musikaria naiz gehiago. Eroso nagoen lekua da? Esango nuke baietz. Estudioan gehiago sufritzen dut, bereziki nire diskoak grabatzerakoan. Dena ondo atera behar duen horretan gehiago sufritzen dut. Zuzenekoetan libreago sentitzen naiz, disfrutatzeko momentuak izaten dira. Gero, estudioko une batzuetan disfrutatzen dut, baina esango nuke gehiago direla sufritzen egoten naizen uneak!
Ibilbide luzea da zurea, baina esan daiteke azken urte hauetan egin zarela ezagun publiko zabalago batentzako. Zure momentua dela uste al duzu?
Betidanik sentitu izan dut musikari bezala banuela oihartzuna, baina, esan dezagun, artista bezala ez hainbeste. Gauza desberdin asko egin ditut eta agian publikoa deskolokatuta uzten nuen. Orain badirudi badudala oihartzun pixka bat artista bezala ere. Batzuek esaten didate orain dela nire momentua. Ez dakit, baina bai, sentitzen ari naiz badudala beste oihartzun bat eta jendeak apreziatzen nauela artista bezala ere. Egia esan, lanbide honetan badaude momentuak pentsatzen duzula gazteagoak etorriko direla eta zure momentu hori bukatuko dela. Baina bai, sentitzen dut momentu on batean nagoela eta oraindik ere gauza onak emateko gai izango naizela.