Zumaiako emakumeek historian zehar egindako ekarpena aztertzen ari dira Miren Osa eta Maitane Subijana. Izan ere, lanean, bizitza sozialean, ekonomikoan zein politikoan emakumezkoek egindako ekarpenak aztertzeko beka eskuratu dute, eta "herriko egunerokotasunean hain garrantzitsuak izan diren emakumeen testigantzak" jaso nahi dituzte.
Ikertzaileen esanetan, zehazki, merkataritza eta ostalaritzaren historia emakumeen erraietatik aztertu eta herriari egindako ekarpena ezagutaraztea da asmoa: "Historia gizonen begiradatik idatzi eta kontatu da, baina jakitun gara gizonek kontaturiko historia hori ez dela objektiboa, ez dagoelako kontakizun bat eta bakarra". Azaldu dute beti entzun izan dutela herriko merkatari asko emakumeak zirela, baina aldi berean, etxeko andrearen irudia ere saldu dela, eta testuinguru horretan, saltzaile eta erosleen arteko harremanak aztertu nahi dituztela, begirada feminista aplikatuta urteetan erreproduzitutako genero harremanak identifikatzeko.
Osak eta Subijanak etxean entzun izan dute Goiko plazan "azoka, kaleen bizitza eta denda anitzak" izaten zirela. Baina ikertzaileen belaunaldiak apenas jaso du horren arrastoa, eta gainbehera hori ardatz hartuta abiatu dute ikerketa, esparru horretan andrazkoek zuten rola kontuan hartuta. San Jose kalean hasi, eta Mari kalera arteko perimetroa aztertuko dute: Erribera kalea, Foruen plaza, Idazkari kalea, Eusebio Gurrutxaga plaza eta Harategi kalea barnebilduz, besteak beste.
Lehenengo pausoa izango da 1940 eta 2000 urteen arteko Zumaiako merkatari, ostalari eta azokako baserritarren inbentario bat egitea. Hala, transmisiorako baliabideak sortu eta gaur egungo Zumaia ulertzeko zenbait gako eskaini nahi dituzte. Ikerketa hori garatu ahal izateko, elkarrizketak egiten hasi dira. Lekukotza horien edukia izango da ikerketaren ondorioa, baina hipotesi batzuk proposatu dituzte dagoeneko. Honakoak dira horietako batzuk: gazte-gaztetatik lanean hastea ohikoa zela, negozioak familiartekoak izanagatik ondorengoak jarraipena ematera "behartuta" zeudela eta gehienetan emakumeek hartzen zutela erreleboa, soldata propiorik maiz ez zutela izaten, dendak emakumeen topagune izaten zirela, eta produktuak saltzetik harago, sostengu emozionala eskaintzen zietela bezeroei.
Orain arte "ahoz aho" topatu dituzte elkarrizketatuak, baina Alde Zaharrean erosle zein saltzaile aritu den emakume oro gonbidatu dute testigantza ematera. Guztien izenak eta izanak biltzearen zailtasunaz jakitun dira, baina "ahalik eta proiektu anitzena" izatea nahi dute, eta horretarako, zenbat eta testigantza gehiago bildu, ikerketa orduan eta "aberatsagoa" izatea espero dute, baita jasota geratuko den "historia" ere.
Testigantzak emateko prest dauden herritarrak Berdintasun Sailaren bidez edo mirentx.osa@gmail.com helbidera idatzita jar daitezke ikertzaileekin harremanetan. Argazkiak ere jaso nahi dituzte, eta beraz, eskertuko lukete norbaitek halakorik izanez gero, proiekturako uztea. Behin proiektua amaituta, materiala jabeei itzuliko diete.