Gipuzkoako Zesta-Punta Eskolen Eguna ospatuko da igandean Zumaian. Goizean haurren eta emakumeen partidak izango dira, eta arratsaldean profesionalen neurketa.
Zesta-puntari bultzada eman nahian, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Zesta-Punta Eskolen Eguna antolatu du igande honetarako. Zumaian egingo da, Aitzuri frontoian, eta kinielez, bazkari batez eta profesional mailako partidarekin osatu dute egitaraua. Bertan, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez puntista zumaiarrak jokatzen ikusteko aukera izango dute bertaratuko direnek.
Jai giroko jardueraren helburua izango da lurraldeko zesta-punta eskolek egiten duten lana txalotzea, eta hein batean, etorkizuneko puntistak kirolera bultzatzea. Beotibar (Tolosa), Danok Bat (Mutriku), Donostia Jai Alai (Donostia), Gazteleku (Andoain), Hondarribiko (Hondarribia) eta Zumaiako (Zumaia) klubak elkartuko dira Aitzuriko hitzorduan.
Goiz partean, 10:00etan hasita, benjaminen, kimuen, infantilen eta emakumeen kinielak jokatuko dira Aitzuri frontoian. Gaztetxoek zesta-punta probatzeko aukera ere izango dute. 14:30ean bazkaria izango da –150 lagun baino gehiagok eman dute otordurako izena–, eta haren ondoren, 16:30ean, profesional mailako puntisten partida jokatuko da. Herriko bi pilotari handiek, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek, bikotea osatuko dute Aritz Erkiagaren eta Eric Irastorzaren aurka. Laurak ere maila handiko puntistak dira, eta ikuskizuna ziurtatuta egongo dela aurreikusten dute antolatzaileek. Sarrerak 5 euroan izango dira salgai frontoiko leihatilan eta Lubaki kiroldegian.
Eskolen egoera
Arrakastatsuak izan dira negutik gaur egunera Euskal Herriko frontoietan antolatu diren zestapunta jaialdiak. Telebista bidez ere eman izan dira, eta ikusle kopuru polita bereganatu dute. Zesta-punta eskolen egoera, ordea, bestelakoa dela dio Iñaki Aizpurua Zumaiako Kirol Elkartearen barruan zesta-punta saileko arduradunak. Igandekoa bezalako jardunaldiekin federazioak gaztetxoen artean "afizioa sortu" nahi duela ere gaineratu du. Lan horretan, ikastetxeetan zesta-puntan aritzeko ekintzak egin direla ere azaldu du: "Gimnasiako orduetan frontoietara eraman dituzte zesta-punta zer den erakustera". Atzo bertan egin zuten ekintza horietako bat.
Pandemiak eragina izan duela ere nabarmendu du Aizpuruak. "Pandemiagatik jende askok utzi egin du zesta-punta. Bestalde, modalitate hau bigarren mailako kirola da batzuentzat, eta aukeraketa egin behar denean utzi egiten dute". Adin tarte batzuetan hutsuneak dituztela ere gaineratu du arduradunak. "Kadeteen mailan, apenas dugu puntistarik, eta aurten zailtasunak izan ditugu Herriarteko Txapelketan izena emateko, kadete mailan aurkeztea ere beharrezkoa delako".
Gaur egun 25 bat puntista ditu Zumaiako klubak, "beteranoak kontuan hartu gabe". Azken aldian goraipatzeko moduko emaitzak ere lortu dituzte, eta Maite Ortiz de Mendibil, Frida Watkins edota Gonzalo Agirre gazteek lortutako emaitzak dira horren adibide.