Asier Albite, albaitaria

"Garrantzitsua da ezagutzera ematea betizuek naturan egiten duten lana"

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 30a, 09:45

(Utzitakoa)

Nondik datorkizu behinganako eta, batez ere, betizuenganako pasioa?

Hamalau bat urterekin hasi nintzen ganadu munduan sartzen, batez ere, bertakoekin: betizuekin, larra-behiekin eta abarrekin. Hortik hartu nion gustua ganadu mota honi, eta poliki-poliki liburuak irakurtzen, elkarrizketak ikusten eta topatzen nuen guztia jasotzen hasi nintzen. Albaitzaritza ikastera joan nintzenean, gradu amaierako lana moduan, pentsatu nuen egokia zela bertakoa den eta galtzeko zorian dagoen arraza bati buruzko ikerketa egitea.

Orduan, Lurgintzako Nekazal Kooperatibarekin eta Betizuhazleen Federazioarekin harremanetan jarri nintzen. Ganaduzale gehientsuenekin elkarrizketak egin nituen, baita betizuan adituak zirenekin ere; horien arten, aldundiko albaitari izandako Joxe Mari Plazaolarekin. Hark asko lagundu ninduen. Hari horri jarraituz, bi urteko ikerketaren dibulgazio artikulua izan da CAF-Elhuyarrera aurkeztu nuena.

Beraz, gradu amaierako lana soildu eta artikulu izaera eman zenion.

Hori da, bai. Gradu amaierako lana egokitu nuen CAF-Elhuyar Sarirako, dibulgazio artikulu modura. Egia esan, ez nuen espero irabazterik, ez bainuen horretan ere pentsatu. Nire helburua zen unibertsitate esparruan zabaltzea betizuen ezagutza, eta ahal nuen esparru guztietan gizarteratzea haien inguruko jakituria. Lan hau ahalik eta gehien zabaltzea zen nire asmoa. Duela ia bi aste mezu bat bidali zidaten esanez nire lana aukeratu zuela Neiker Institutuak, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin zerikusia zuen artikulu onena bezala. Egia esan, ezusteko ederra izan da sari hau lortzea, eta oso gustura nago. Halakoak beti dira ongietorriak.

Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear izena du artikuluak. Azkena da, beraz?

Animalia basati guztiak espezieak kontsideratzen dira, eta behin gizakiak parte hartzen baldin badu bere biziraupenean edo aukeraketan, arraza titulua hartzen du. Betizua arraza bat da: gizakia bere sorreran egon da, baina oso azalekoa izan da bere partze hartzea. Beraz, animalia basati bat bezala jotzen da, basurdea edo orkatza balitz bezala. Hori horrela, Europako azken behi basatiena kontsideratzen da; izan ere, mendian bizi da inolako aterperik edo ukuilurik gabe, pentsurik jan gabe, modu guztiz naturalean. Hala ere, kontuan izan behar da gizakiaren parte hartze bat badagoela: adibidez, urtero etxeko edo baserriko animalia guztiek osasun kanpaina bat pasatu behar izaten dute, eta betizu hauek ere bai. Guztiz basatiak ez dira, baina behi arraza basatienak dira.

Eta non topatu daitezke?

Araban ez dago betizurik. Baina, Bizkaian, Karrantzako haranetik hasi eta Ipar Euskal Herriraino badaude, Lapurdi eta Behe Nafarroan; Zuberoan, ordea, ez. Gero, Nafarroan, Iruñetik gora, Baztan inguruan, Goizueta inguruan eta Leitzan; alde hori oso betizu gune garrantzitsua da. Baita Andoain eta Urnieta ere, Gipuzkoan.

Esango zenuke oraindik betizua ezezaguna dela gizartean?

Uste dut baietz. Haurrentzako Betizu telesaioak horri egiten zion erreferentzia, baina jendeak ez zuen loturarik egiten. Alegia, bertako behi arraza denik eta are gutxiago galtzeko arriskuan dagoenik. Agian, badakite betizuen berri, baina ez dakite nolako behiak diren, ez dituzte inoiz ikusi. Horregatik, garrantzitsua dela iruditzen zait jendearengana iristea, eta ezagutzera ematea betizuek naturan egiten duten lana. Urte guztia larratzen pasatzen dutenez, mendia garbi mantetzen dute; hau da, ez dute sasi edo sastraka gehiegi pilatzen uzten, bioaniztasunaren onurarako. Gure kulturaren parte dira eta egun egiten dituzten funtzioak zeintzuk diren nabarmendu behar dira. Baita horiez arduratzen diren abeltzainek maitasun hutsagatik egiten duten ikaragarrizko esfortzua ere.

Arriskuan dagoen arraza bat da. Une honetan zenbat daude eta arrisku hori ekiditeko zer neurri hartu beharko lirateke?

Betizu-hazleen Federazioko datuen arabera, mila betizu abelburu inguru daude gaur egun. Animalia jakin bat ehunetik behera badago jada desagertzeko zorian izendatzen da, eta milara iristen denean arriskuan dagoela esan nahi du. Neurriei dagokienez? Betizuen ezaugarri morfologikoak kontuan hartu behar ditugu, eta egun errentagarritasun ekonomikoa bakarrik baloratzen da. Nolanahi ere, polikipoliki jendearen ikuspegia eta Europako Batasunaren politikak aldatzen ari dira, eta baloratzen hasi dira naturarekiko sustengarritasuna, abeltzaintza ekintza eta landa garapenak sustatuz. Beraz, betizuak hor izango luke bizirauteko modua. Haragiaren ekoizpenerako erabili daitezke, baina ezin da ahaztu ekosistemaren zerbitzuan eskaintzen duten guztia.

Betizuak eutsiko dio, orduan?

Duela 50 urte inguru askoz ere egoera larriagoan zegoen. Betizuak ari ziren nahasten haragitarako arraza produktiboagoekin, eta kinka larrian zegoen. Egun, lurralde bakoitzak bere arrazaren elkartea dauka, federazioa existitzen da, dirulaguntzak daude ganaduzaleentzako, eta ganaduzaleak animatuta daude aurrera jarraitzeko. Orduan, nik neuk etorkizuna ikusten diot. Agian, nahi bezain azkarra ez da izango, baina eutsiko dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide