Nola bukatzen du zumaiar batek Norvegian lan egiten?
Nik ere ez nuen espero! Lanbide heziketa egin nuen arozgintzan, eta Ostolazan hasi nintzen lanean. Zikloa bukatu nuen, aldatu nahi nuen, eta Xeyra joan nintzen lanera. 2011. urteko krisialdia etorri zen, Azpeitira joan nintzen, han urteak egin nituen, berriro Xeytik deitu ninduten arte. Enpresaz aldatu nuen... eta sekulako kolpea jaso nuen. Ez diot inori opa han pasatutakoa; sei hilabete kobratu gabe, diru pila galdu nuen. Enpresa itxi zutenean zorte izan nuen CAFen hartu nindutelako.
Zer lanetan zabiltza orain?
CAFen hasi nintzenetik Norvegiako proiektuan nago, Oslo erdigunea aireportuarekin lotuko duen abiadura handiko trenean. Tren mota horrekin CAFek duen lehen proiektua da, eta enpresarentzat oso garrantzitsua da, merkatua zabaldu ahal izateko. Oso gustura nago han. Nire harridurarako, arotzak oso baloratuta daude CAFen.
Zein da zure ardura?
Trenen mundu honetan segurtasuna oso zorrotz mantentzen dute; homologazio batzuk jarraitu behar dira, eta hori ziurtatzen duten inspektoreak daude, bai enkargua egin duen enpresak jarritakoak bai CAF berak jarritakoak ere. Inspektore horiek akatsak aurkitzen dituzte, eta ni, linean egoteaz aparte, akats horiek konpontzen aritzen naiz, baita produktuaren hobekuntzan ere. Probak egiteko nabe bat dugu han. Behin trena lineatik ateratzen denean, sistema guztiak probatzen ditugu: elektrikoa, pneumatikoa, mekanikoa, informatikoa. Proba horiek egiten ibiltzen naiz ni.
Zenbat denbora zoaz Norvegian lanean?
Epe desberdinetan egon izan naiz. Bost aste batean, lau bestean... Ez nago han finkatuta. CAFek Norvegian badu egoitza, eta badaude han lanean dauden langile batzuk. Gu, ordea, lan zehatz batzuk egitera joaten gara bertara.
COVID-19aren izurritea nola bizi dute Norvegian?
Krisialdiak han harrapatu ninduen. Iazko otsailean joan nintzen hara lanera, eta hemen guztia itxita zegoenean itzuli nintzen. Handik presaka atera ginen. Egun horretan bueltatzeko hegaldia genuen nire lankide batek eta biok. Gosaltzen ari ginela, hoteleko zuzendaria etorri zitzaigun asanez ezingo genuela joan, Espainiak mugak itxi zituela, eta hoteletik ateratzeko norvegiarrek PCR proba eskatzen zigutela; ospitaletako langileak hotelez hotel zebiltzala, poliziez lagunduta, proba horiek egiten. Zuzendariari esan nion hegaldia nuela, joan egingo nintzela, eta egin beharreko probak aireportuan egingo nituela, ez hotelean. Beste txandako lankideei dei egin nien, baita CAFera ere, eta enpresak Espainiako kontsulatuarekin hitz egin ondoren, denok bueltatu ginen.
Ordutik itzuli al zara Norvegiara?
Geldialdi bat egon zen, baina berriro martxan da. Ordutik beste hirutan joan naiz. Lehenengoan, ekaina eta uztaila artean izango zen, bitxia izan zen. Nahiko baztertuta eduki gintuzten berrogeialdiko hamabost egunak pasa genituen arte. Akordio bati esker, berrogeialdian lan egiteko aukera izan genuen, baina ezin genuen leku publikoetara joan, ezin genuen garraio publikoa erabili; justu-justu hotelera joan gintezkeen.
Nolako egoera dute gaur egun?
Konfinamenduaren ondoren lehen aldiz joan ginenean han ez zuen inork maskararik erabiltzen; denak begira genituen, bai aireportuan bai hotelean. Baina orain neurri horiek hartu dituzte han ere. Leku publikoetan sartzeko maskara derrigorrezkoa da; kalean oraindik ez, baina gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Positiboen datuak ez dira oso handiak, baina hazkunde bat izan da azken aldian, eta aldaera ingelesaren oso beldur dira. Berriro ere oso zorrotz jarri dira Norvegian.
Eskandinaviako herriek zorrotzak izatearen fama badute...
Han, Norvegian, hemen baino askoz zorrotzagoak izan dira. Iazko martxoan dena itxi zuten, eta joan ezin izan zuten jendearentzako bakarrik zabaldu zituzten hotelak. Merkataritza guneetan jendea zuten edukiera eta garbitasuna zaintzen, eta oraindik ere iaz itxitako gune batzuk ez dituzte zabaldu. Norvegian ez dago inongo debaterik; politikariek, adibidez, bat egin dute egoera honen aurrean. Zentzu horretan, Espainian gertatzen ari denak lotsa ematen du. Han ez dut sentitu hemen dugun egonezina; ez dago hemengo amorrurik. Oso urrun gaude. Udan zabaldu behar dela, Gabonetan, orain Aste Santuan... Ez gara kontziente jendea hiltzen ari dela. Debate horrek erre egiten nau, baita etxean dudan egoeragatik. Emazteak zaharren egoitza batean egiten du lan, Zumaian, eta behin baino gehiagotan joan da lanera negarrez, han zer aurkituko zuen ez zekielako.
Norvegiara itzultzeko asmorik ba al duzu?
Orain bertan bidaiatzea oso zaila da. Hegaldia hartzeko negatiboa eman behar duzu, eta orain baldintzak aldatu dituzte: egunean bertan egin behar duzu proba, eta ez dago ezer negoziatzeko aukerarik; lanera zoazen lekuan derrigorrez egin behar duzu berrogeialdia. Hamabost egun egon geldirik, eta horren ondoren hasiko zara lanean, beti ere gauzak ondo badoaz.