Ray eta Nick, Inazio Tolosa eta Ramon Agirre, protagonistak dituen laugarren antzezlana da hau. Berrikuntzekin dator oraingoan Xentimorik Gabe, hirugarren aktore bat izango dutelako eszenatokian: Nerea Gorriti. Gu primer! antzezlanaren bi emanaldi izango dira: gaur, larunbata, 20:00etan, eta bihar, igandea, 19:00etan. Sarrerak salgai daude Donostia Kulturako atarian, hemen.
Ramon eta zuk sortutako Xentimorik Gaberen laugarren antzezlana da Gu primer! Aurrekoen ildo beretik al doa?
Jarraipena da, baina hau aretorako moldatu dugu gehiago. Hirugarren lagun bat sartu dugu, Nerea Gorriti, pianoa jotzen, abesten, eta agian lehen guk egiten genituen pertsonaia pila bat orain berak egiten ditu. Gu Ray eta Nick ospetsuak gara, hamar urte goaz elkarrekin. Klasikoak bihurtu gara dagoeneko!
Pertsonaia hauek jokoa ematen jarraitzen dute.
Bai, bikote komikoa bihurtu gara, orain hirukotea bagara ere. Aurreko antzezlanen ildo beretik doa, eta komedia eta musika uztartzen ditugu orain ere. Gidoia eta historia landuagoa du honek. Egoitz Lasak lagundu digu gidoia egiten, eta Ramonek eta berak idatzi dute historia. Asier Sota dugu, beti bezala zuzendari lanetan, eta Andoni Mendizabalek egingo ditu argiak.
Zer kontatzen duzue oraingo honetan?
50 urtean sekretua gordeta egon da, eta NASAk gorde du sekretu hori. Ez ziren izan Armstrong, Collins eta hauek izan ilargira heltzen lehenak; gu izan ginen heltzen lehenak, Nick eta ni. Baina sekretua gorde behar izan zen zenbait arrazoirengatik. Orain sekretu hori desklasifikatu egin dute. Orduan, mundu guztiak jakin behar du euskaldunak izan ginela ilargira heltzen lehenak. Akats txiki batzuk izan genituen: kamerari karretea jartzea ahaztu, eta gero, konturatu gabe, ilargiaren alde ezkutura heldu ginen. Ikurrina han dago; ez da ikusten, baina han dago. Gero amerikarrak heldu ziren, arazoak izan genituen, baina Lurrera itzultzen lagundu ziguten. Baldintza zen ezingo genuela esan gu izan ginela lehenak ilargira heltzen. Sekretua gordeta egon da orain arte, eta gure kantuen eta historien bitartez munduari horren berri ematea tokatu zaigu.
Umore absurdoarekin jokatzen duzue.
Lehen ere estilo hori jorratu izan dugu, abentura handiak sortuz. Zuzendariak zioen Marx anaien puntuan geundela. Erritmoa hartzen dugunean badirudi halako puntu absurdo batera heltzen garela.
Ramon Agirrerekin egin duzu antzezlan hau ere. Zenbat urte zoazte batera?
Xentimorik Gabe sortu genuenetik hamar edo 11 urte izango dira. Bestela, ezagutzen garela 35 urte edo gehiago ere izango dira. Ramon antzerkian hasi baino lehenagotik ere ezagutzen nuen; nire arrebaren laguna zen Donostian, eta kuadrillan ibiltzen ziren, familiakoa bezala zen.
Egoitz Lasa duzue oraingoan gidoilari.
Beti izan dugu kanpoko norbait. Pako Aristi izan genuen Kokakola eta barean, eta Xabier Etxaniz Rojo ere izan zen beste batean. Ramonek beti aurkitzen du norbait laguntzeko eta kanpotik ikusteko. Antzezlan honen izena, adibidez, Egoitzek jarri du.
Nerea Gorriti gehitu duzue formulara.
Lehen dena guk biok egiten genuen, eta egia esan, dibertigarria zen. Baina, ikusten genuen aretorako zerbait berria behar genuela, eta emakume bat gure artean sartzea ere ez zen txarra. Nerea gaztea da, oso ondo abesten du, pianoa jotzen du, eta umore handia dauka.
Koronabirusak hankaz gora jarri du gizartea bere osotasunean, eta baita kultura arloa ere. Zuen kasuan ere eragina izan al du?
Maiatzean genuen estreinaldia hemen, Donostian. Deban ere bagenuen beste emanaldi bat maiatzean, eta baita beste nonbaiten ere. Baina dena erori da. Guk jan egiten dugu normalean, jateko dirua behar izaten dugu, eta dirua izateko lan egin behar izaten da. Eta lanik ez badago, ea nondik jaten dugun. Egoera oso larria da. Laguntza eskatzen dugu kulturaren sektorea martxan jartzeko, behintzat. Erdizka bada ere. Kultura denbora pasa bezala ikusten da, baina kultura industria da. Turismoa lehen denbora pasa bezala ikusten genuen, baina begira gaur egun zer indar duen. Kulturarekin, nire ustez, berdin jokatu beharko litzateke. Jende asko bizi gara hortik eta gure dinamika aurrera eramateko laguntza minimo bat behar dugu.
Donostia Kulturaren iniziatibak gurekin hasi nahi izan du, eta oso gustura gaude. Gero, egokitu beharko dugu, baldintza hauetan emanaldia oso martzianoa izango delako: ikusleak maskarekin egongo dira, besaulki bat beteta eta bestea ez... Oso martzianoa izango da. Ohitu beharko gara, poliki-poliki bada ere pandemiari irabazteko; ez dira izan kaltetuak gaitza izan dutenak bakarrik, kaltetuak asko dira.
Nerbioak ere izango dituzue estreinaldiaren atarian.
Beti, beti. Martzianada bat izango delako ere bai oraingo honetan. Beti zalantzak baldin badaude zerbait egiterakoan, orain zalantzak oraindik ere handiagoak dira. Gustatu ote zaio jendeari? Ez? Zure gogoak, zure egoak, hor daude dantzan. Eta orain egoera berri hau dugu. Ohituko gara, baina oraindik ere arraroa egiten zait niri. Gu gara egoera berri honetako kurkuxak. Hasieran zalantzak izan genituen egoera honetan estreinatu edo ez, baina azkenean baiezkoa eman genuen. Ikusleei ere kostatuko zaie aretoetara itzultzea, baina aurrenekoa egiten ez bada, are eta zailagoa izango da. Aurrera egin behar dugu nola edo hala.