Maider Alberdi: "Auzolan hauek oinarri sendoak utziko dituzte"

Maria Maya Manterola 2020ko mai. 15a, 09:13

Maskarak egiten ari diren ehunka jostunen sarea koordinatzen ari da Maider Alberdi zinegotzia, Iñaki Ostolaza alkatearekin batera. Datozen egunetan herritarrei etxez etxe banatzea da asmoa.

Nola eta nondik sortu da jostunen sarea osatzeko ideia?

Maskarak erabiltzeko gomendioa eta horiek lortzeko egon daitezkeen zailtasunak kontutan hartuta komenigarria iruditu zitzaigun herritar bakoitzari maskara bana banatzea. Lehenago ere aritu ginen maker sarearekin elkarlanean egoitzetako langileentzat eta komertzioetarako materiala sortzen. Eta herritarrentzat ere gomendagarriak zirela ikusita, bakoitzari maskara berrerabilgarri bat helarazteko modua pentsatzen aritu ginen.

Herritar asko beraien kabuz maskarak egiten hasi ziren, eta hasieratik egon zen prestutasuna maskarak egiteko. Gainera, aurrez antolatutako boluntario sareek oso ondo funtzionatu dute: Gaztetxekoekin batera martxan jarritako erosketen sareak edota maker sareak, adibidez. Herritarren erantzuna izugarria izan zen. Eta, beraz, pentsatu genuen herritarrak horretarako prest bazeuden, zumaiar guztientzat maskara berrerabilgarriak egin genitzakela.

Zuek banatu al diezue boluntarioei josteko beharrezko materiala?

Udalak prebentzio eta higiene neurriak bermatzen zituen materiala bilatzeari ekin zion horrela. Prozesua atzeratu du material egokia eta testatua lortzeak, baina herritarren segurtasuna bermatzea ezinbestekoa izan da prozesu hau martxan jartzerakoan. Horrek prozesua atzeratu du, material homologatua lortzea kosta egin baitzaigu, baina herritarren segurtasuna bermatu nahi izan dugu.

Zer erantzun izan du ekimenak? Zenbat jende ari da parte hartzen?

Ekimenak oso harrera ona izan du, egun gutxitan 180 boluntariotik gora zeuden sarean. Ia guztiak emakumezkoak dira eta adin oso desberdinetako herritarrak batu dira ekimenera; 20 eta 80 urte arteko pertsonak. Eskertzekoa da hartu duten konpromisoa, lan handia ari dira egiten. Egia esan, emozio handia sortzen digu sortzen ari den guztiak.

Zenbat material sortuko duzue?

Herritar bakoitzari maskara bana banatuko diegu: 10.000tik gora egingo ditugu. Bi tamaina ezberdin izango dira, helduenak eta umeenak. Horietako bakoitzaren neurria egokitzeko modukoa da, herritarrek etxean jasotzen dutenean ikusiko duten eran. Zentzu horretan, aipatu nahi duguna da 180 pertsonaren artean egindako maskarak direla, eskuz eta auzolanean. Ez dira fabrika batean sortutakoak; esku bakoitzaren marka izango du maskara bakoitzak. Baina nabarmendu nahi duguna da ehunak %99ko eraginkortasuna duela.

Nola antolatu duzue lan prozesua?

Udalak materiala egokia erosi ostean, Decotena enpresak materiala moztu du, gero jostunei entregatzeko. Udaleko langileek boluntarioek moztutako materiala jostunei etxeetan entregatu diete. Horiek bideo-tutorial bat jarraituz maskarak josten dituzte; Mireia Segura eta Rosa Perezek egin dute tutoriala. Astebeteren bueltan, langile eta boluntarioak jositako maskaren bila pasatzen dira. Ondoren, boluntarioek gutunazaletan sartuko dute maskara erabiltzeko gidarekin batera, eta enpresa banatzailearen esku utziko dugu herriko etxe guztietara bidaltzeko.

Noiz banatuko dituzue?

Dagoeneko 3.000 maskara inguru josi dituzte boluntarioek. Hala, lehen botean, 65 urtetik gorako zumaiar guztiei bidaliko dizkiegu maskarak. Datorren astean zehar espero dugu banaketarekin hastea. Bitarte honetan, jostunek lanean jarraituko dute, falta diren maskarak egiteko eta ahal den epe laburrean zumaiar guztiek beren etxeetan maskara berrerabilgarri bat jaso dezaten.

Noiz arte iraungo dute boluntariotza sareek?

Egoerak horrela jarraitu bitartean, beharrei erantzuteko boluntario sareak eusten ahaleginduko gara. Jostunen lana, esaterako, printzipioz, zumaiar guztientzat maskarak egitean bukatuko da. Edozein kasutan, azpimarratu nahi genuke zein eskertuta gauden. Izugarria da zumaiarrak krisi honi ematen ari diren erantzuna, eta aurrera begira ere komunitatea egiten ari den lan honek beren aztarna uztea nahiko genuke. Elkar zaintzen duten herritarrak ezinbestekoak dira eta egoera honetan sortutako elkartasun keinuek eta auzolan ekintzek aurrera begira ere oinarri sendoa utziko dutela uste dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide