Zarautzen, Modelo Aretoan izango dira saioak ostegunean eta ostiralean, 20:00etatik aurrera, sarrera librearekin. Ostegunean film labur batzuk eskainiko dituzte, eta ostiralean film luze bat. Azpeitian, berriz, gaur eskainiko dituzte Zarautzerako aukeratutako film labur berak, 21:00etan Sanagustinen. Hemen daude ikusgai beren sinopsiak:
- Anders. Reinout Hellenthalek zuzendua. Herbehereak, 18 min (2017). Alex nerabe problematiko eta bakartiak benetako lagun bat aurkitu du: Hendrik, arrebaren mutil-laguna. Hendrikek eta Anneliesek familia-etxetik joateko asmoa dutela iragartzen dutenean, Alexek bere kezkei aurre egin beharko die.
- Vidi ja ti nea. Goran Stolevskik zuzendua. Mazedoniako errepublika, 18 min (2018). Neska tomboy eta egoskor batek gizonezkoentzat bakarrik den erlijio-erritual batean aurkituko du bere arazo guztien konponbidea.
- Devi. Karishma Dev Dubek zuzendua. AEB, 13 min (2017). Tarak erakarpen handia sentitzen du Devirengan, bere etxeko langilearengan eta horrek familia eta gizarte tradizioak arriskuan jarriko ditu. Etxean antolatutako afari batean, gonbidatuak elkarrekin harrapatuko dituzte, eta Tarak bere benetako identitatea definitu beharko du berehala New Delhin girotutako film labur honek gaur egun Indian lesbiana izatearen eta armairuan bizitzearen errealitatea aztertzen du.
- Malik. Nathan Carlik zuzendua. Frantzia, 15 min (2018). Malikek ghettoa uztea erabaki du gaur gauean bertan. Dena prest dauka, baina Walik anaia zaharra eta bere taldea bere bila hasi dira leku guztietan. Hasierako plana ihesaldi bihurtuko da.
- Oasis. Alejandro Zunopek zuzendua. Mexiko, 16 min (2017). Ofelia Oasis izeneko gayen tabernara doa bere senarraren bila. Gau horretan, atsekabeaz gain, kontsolatuko duen ezusteko lagun bat ere aurkituko du.
- Nomeolvides. Ferran Navarro-Beltranek zuzendua. Espainia, 7 min (2018). Irene eta Luisa, 70 urteko bi emakume, hilerrira joan dira nork bere senideak bisitatzera. Patuaren ondorioz, euren bideak elkartu egingo dira.
Martxoaren 22an, ostiralean, berriz, Monument Van Trots filma ikusteko aukera izango da Zarauzko Modelo aretoan, 20:00etan; Sebastian Kesek zuzenduTAKO 83 minutuko lana (Herbehereak, 2017).
Sinopsia: Hainbat hamarkadatan, LGTBIQ+ kolektiboak munduan izan duen lagunik onenetariko bat izan da Holanda. Baina, nola garatu zen gayen emantzipazioa Herbehereetan? Nola igaro zen XVIII. mendean sonoditak hiltzen dituen herrialdea izatetik gayen arteko ezkontza legeztatu zuen munduko lehen herrialdea izatera 2001ean? Harrotasunaren Oroitarria dokumentalak Herbehereetako iraultza arrosaren iraganeko eta gaur eguneko historia kontatzen digu, zentsurarik gabe. Eskubideak bereganatzea oso zaila da; galtzea, ordea, oso erraza. Dokumental honek hunkitu eta asaldatu egingo gaitu, izan ere, gogora ekartzen ditu gure historia europarraren zati bat eta bizikidetza nagusitzen den gizartetan sortutako aktibismoa.
Zumaian ere Zinegoak
Zumaian, pasa den astean eman zituzten Zarautzen eta Azpeitian emango dituzten film labur berdinak, eta martxoaren 28an bigarren saioa egingo dute, Aita Mari aretoan, 22:00etan, Retablo film luzea ikusteko aukera izango da bertan. Hemen sinopsia:
Peruko goi-lautada urrunean, 14 urteko Segundok aitak ezkutuan daraman izugarrizko sekretua gordetzen du. Hori dela eta, inguru erlijiozale eta kontserbadoreari aurre egin beharko dio, eta horri esker, inoiz pentsatuko ez zuen lotura estuagoa sortuko da aita eta bere artean. Indartsua, ezustekoa eta harrigarria. Gazte Epaimahaiaren Aipamen Berezia eta Teddy Saria jaso ditu Berlinalean, 2018an.
Zuz: Álvaro Delgado Aparicio L.
Gid: Alvaro Delgado Aparicio L., Héctor Gálvez.
Akt: Junior Béjar Roca, Amiel Cayo, Magaly Solier, Hermelinda Luján.
Peru, Norvegia, Danimarka | 2018 | 101’ | drama | J.B. kitxua eta gaztelania, azpitituluak gaztelaniaz eta ingelesez.