Iñaki Osa Goikoetxea: "Nire maila ematea eta horrekin gozatzea da niretzat handiena"

baleike.eus Aktualitatea. 2019ko urt. 9a, 10:39

2018a urte borobila izan da zumaiarrarentzat. Parte hartutako txapelketa ia guztiak irabazi ditu, eta urte bukaeran, hamabigarren Bakarkako txapela jantzi zuen.

2018ko denboraldia bukatu berri da. Zein balorazio egiten duzu? Oso ona. 2017an partida gutxi jokatu nituen, eta 2018an, berriz, hasieratik Mexikora joan nintzen. Han dena eman nuen, gero Euskal Herrira itzuli nintzen eta hemen ere oso ondo ibili naiz. Emaitzak ere aldekoak izan ditut, beraz, ezin dut gehiago eskatu. Orokorrean, 2017an baino partida gehiago ere jokatu dituzu. Bai, hala izan da. 2017an ez zidaten Redbullekin jokatzen utzi, eta iaz, ordea, bai. Orduan, askoz partida gehiago jokatu ditut. Mexikora joan zinen iazko otsaila erdialdean. Mexiko Hiriko frontoia ireki zen, eta bertan egon nintzen ekaina bukaera arte. Han egon nintzen denbora tartean astean bi partida jokatzen nituen. Aste batzuetan jai izan genuen eta bidaiatzeko aukera aprobetxatu nuen. Nolako giroa sumatu zenuen? Egia esan, arrakasta gehiago izango zuela uste nuen. 90eko hamarkadan, Mexikon jendeak frontoira joateko afizio handia zuen. Orain, ordea, askok frontoiaren irekieraren berri ez zutela irudi zitzaidan, promozio falta zegoela... Zesta-punta herritarrengana berriro ekartzea falta da, agian. Poliki-poliki kirolak funtzionatuko duela uste dut. Pilotari onak izan ginen, koadro polita egon zen, eta partida onak atera ziren. Zer moduzko frontoia da Mexiko Hirikoa? Izugarria da. Iaz, zesta-puntarako lau hilabetez egon zen irekita. Bestela, beste ekitaldi batzuk antolatzen dituzte bertan. Jende asko sartzen da, eta partida jakin batzuetan harmaila beteta ikusten zen. Partida onak eta txapelketak antolatzen zirenean jendearen erantzuna ona zen. Maila profesionalean, zer moduzko esperientzia izan zen? Jokatzen oso ondo sentitu nintzen. Bi txapelketa egon ziren, eta horietako bat irabazi nuen. Emaitzetatik aparte, nire maila eta ikuskizuna ematea, eta horrekin gozatzea da niretzat txapelketarik handiena. Ekainean itzuli zinen etxera. Mexikoko egonaldia baliagarria egin al zitzaizun hemengo denboraldiari ekiteko? Zalantzarik gabe. Aurreko hiru urteetan uztailean hasi nintzen jokatzen, eta nahiz eta sei hilabeteko denboraldi-aurrea egin neure kasa, ez da berdina. Partidetako erritmoak berak laguntzen dizu sasoian mantentzen. Horrela, otsailean hasi nintzen martxa hartzen poliki-poliki, eta denboraldi guztia maila onean egin eta bukatu nuen. Aurreko urtetan, berriz, denboraldia ia amaituta nuenean hartzen nuen martxa eta ezin izaten nuen hainbeste gozatu. Udako denboraldi bikaina egin zenuen. Besteak beste, Miarritzeko Urrezko Eskularrua, Mutrikuko Irekia, Hossegorreko, Gernikako eta Hondarribiko Grand Slamak irabazi zenituen. Bai, denboraldia ongi joan zen. Jokatutako txapelketa guztietako finaletan izan naiz. Batzuetan irabazle atera naiz, eta besteetan bigarren egin dut. Bizpahiru izan ezik beste guztiak irabazi ditut. Oso denboraldi borobila izan da; aurten, horien erdiarekin ere konformatuko naizela pentsatzen dut. 39 urte beteko dituzu aurten. Adinak eragiten al du? Nire garairik onena igaro dela uste dut, baina kantxa barruan esperientzia asko dut. Adibidez, gazte batek 15 kilometro egiten baditu frontoian, nik 8 egingo ditut. Hau da, gutxiago mugitzen naiz, bistarekin gehiago jokatzen dut, eta orokorrean, fisikoa eta arnasketak gehiago zaintzen ditut. Beste era batean jokatzen dut. Hala ere, oraindik lehiatzen jarraitzeko maila ona dudala uste dut. Garaipen asko izan dituzu. Ez da inor aspertzen irabazteaz, ezta? Ez, ez. Dudarik gabe. Azkenean kirolaria horretarako prestatzen da. Emaitzak aldekoak direnean gainera, normalean, maila ona ematen ari zaren seinale izaten da. Hala ere, emaitzak beti onenak ez izan arren, kantxan nire maila ematen gozatzen dut gehien. Udazken aldera, berriz, Gernikako Urrikoa eta Madrilgo eta Pauko txapelketak ere irabazi zenituen. Bartzelonan jokatu zen Munduko Binakakoan, ordea, laugarren egin zenuen. Emaitza, agian, ez zen onena izan, baina ederki jokatu genuen. Bai finalerdian, baita hirugarren eta laugarren postuetarako partidetan ongi ibili ginen. Ezin da beti irabazi. Batzuetan tanto bategatik irabazten duzu, eta bestetan horregatik galdu. Orokorrean, baina, oso pozik itzuli nintzen bizitakoarekin. Frontoia beteta egon zen partida guztietan. Madrilen jokatu zen txapelketaren kasuan, esaterako, komunikabide asko joan ziren. Zesta-puntak asko erakartzen ditu. Publikoari dagokionez, berriz, gutxiago egon zen. Iazko urtea bukatuz, Bakarkako txapelketa jokatu zenuen Imanol Lopezen aurka, non eta Zumaian. Egia esan, oso polita izan zen txapelketako bi zumaiarrak finalera iristea. Jende asko izan zen gainera partida hura ikusten. Txapelketa bera Zumaian jokatzea ere pauso handi bat izan zen; inoiz gure herrian ez baitzen finalik jokatu. Partida ongi atera zela uste dut, eta jendeak goxatu bazuen, zer gehiago eskatuko dut ba! Galtzen hasi zinen, ordea... Hori da. Lehenengo seta galdu egin nuen, eta hurrengo biak irabazi egin nituen. Partidak horrela izaten dira. Batzuetan ongi hasten zara, eta gero erritmoa gelditu egiten duzu... Aldaketak egoten dira. Galtzen hasi nintzen, baina partidari buelta ematea lortu nuen. Urtea amaitzeko, Gabonetako desafioa ere jokatu zenuen. Zer moduz joan zen? Berezko desafioa Imanol Lopez eta Egiguren, Irastorza eta nire aurkakoa zen, baina bai Irastorza baita Egiguren ere lesionatu egin ziren aurrez. Ondorioz, Olhak Lopezekin jokatu zuen eta Minviellek nirekin. Gernikan jokatu genuen partida bat eta bestea Donibane Lohizunen. Biak beste bikoteak irabazi zituen. Iparraldean beti izan du indarra zesta-puntak, eta egun ere indartsu dago, ezta? Bai, hala da. Uda sasoian jaialdi asko izaten dira. Bi hilabete eta erdiz asteartero eta ostegunero partidak izaten dira Donibane Lohizunen. Miarritzen ere abuztuan astero bi, eta Hossegorren ostiralero. Jende asko joan ohi da, batez ere Donibane Lohizunera. Iparraldean Canal+ Frantzia telebista kanalari esker ikusgarritasuna ematen zaio zestari, eta hain zuzen, haiek eskatzen dute urtean zehar partida gehiago jokatzea. Aurtengorako zein asmo dituzu? Orain, pare bat hilabetez, atseden hartuko dut, eta, maiatza inguruan, Mexikora joango naiz pare bat hilabetetarako. Ondoren, etxera itzuliko naiz eta urtea bukatu arte hemengo partida eta txapelketetan arituko naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide