Asier Hilario iknofosilaren erreplika aurkezten pasa den ostiralean egindako ekitaldian. (Juan Luis Romatet)
Geoparkeen Europako Asteko ekitaldiak hasiz, pasa den ostiralean 53 milioi urte dituen iknofosil edo aztarna-fosil baten erreplika aurkeztu zuten Zumaiako Algorri interpretazio zentroan.
Aintzinako izaki bizidunen gorputzen aztarnak ezagutzen dira fosil bezala. Iknofosilak, berriz, bizidun horiek uzten dituzten aztarnak dira. Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak adierazitakoaren arabera, hamar bat iknofosil daude identifikatuta flyscheko labarretan, zehazki Deba eta Zumaia arteko biotopo babestuan. Balio zientifiko handia duten aleak izanik, etengabeko jarraipena egiten zaiela gaineratu zuten.
Negu garaian izandako denboraleak tarteko, fosil horietako bat erortzeko eta galtzeko zorian egon daiteke. Horregatik, Scolicia motako aztarna-fosilaren erreplika zehatza egiteko proiektua ipini zuten abian Euskal
Geoparkeko lantalde zientifikoak eta Biotopoaren kudeatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Erreplikatutako aleak 50 arrasto baino gehiago ditu. "Euskal kostalde osoan ez da ezagutzen gaurdaino horrenbeste arrasto dituen iknofosilik", azaldu dute. Ekinido arrasto multzoa ikus daiteke bertan, "itsas trikuaren itxurako animaliek egindakoak". Sei metro luze da eta ia metro bat zabal. 53 milioi urte ditu eta 1.000 metroko sakoneran, "itsas hondo ilunean" sortu zen. Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak azaldu zuenez, "ez da ohikoa horrenbeste aztarna-fosil pilatzea geruza bakarrean, oso deigarria da. Baliteke toki hura nutrienteetan aberatsa izatea eta ikusten diren arrastoak elikagaiak pilatzeko izaki haien joan-etorriek utzitakoak izatea".
Erreplika hori IGME Geologia eta Meatzaritza Institutuak egin du, Eleuterio Baeza Museo Geomineroko kontserbatzailearen zuzendaritzapean eta EHUko Arte Ederretako ikasle talde baten laguntzarekin. Erreplika zehatza dela nabarmendu zuten ekitaldian zehar. Hemendik aurrera, Zumaiako Algorri interpretazio zentroan ikusteko aukera izango da.