Epailearen erabakiz, Bascotecniak erosiko du Lagun Artea enpresa

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 9a, 18:30

Erosleak 13 milioi euro ordaindu eta 42 langile mantenduko ditu. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek lehenbailehen bildu nahi dute jabe berriekin. Sarralleren eta Izadiren eskaintza egokiagoa zen zuzendaritzarentzat, langileentzat eta administratzaile konkurtsalarentzat.

Lagun Artea enpresaren ataria. (Baleike.eus) Lagun Artea enpresaren likidazio fasea asteartean bukatu zen, Pedro Malagon epaileak epaia jakinarazi ostean; izan ere, Zumaiako enpresa erosteko likidazio lehiaketan Bascotecniaren alde egin du Donostiako Merkataritza arloko epaitegiak. Lagun Artea enpresa erosteko bi eskaintza zituen epaileak mahaiaren gainean, administratzaile konkurtsalak proposatuta: Bascotecniarenaz gain, Sarralle eta Izadirena. Bigarren eskaintza horren aldeko iritzia eman zion administratzaileak epaileari, lanpostu gehiago bermatzen zituelako. Zuzendaritzak eta langileek ere iritzi berbera azaldu zuten enpresaren likidazioa azken fasean sartu zenean. Epaileak hartutako erabakiaren harrituta azaldu da Amaia Odriozola Lagun Artea enpresaren zuzendaria. "Kolpe gogorra izan da guretzat. Azken urte eta erdi honetan beste aukeraren alde egin dugu lan; Sarralle eta Izadirenaren alde, alegia. Bideragarritasun plan bat ere egin genuen. Bere garaian, hainbat kaleratze egin genuen, horrek guztiak eragiten duenarekin. Orain, berriz, beste 37 pertsona kaleratuko dituzte". Sarralleren eta Izadiren eskaintzak jasota zuen Lagun Arteak gaur egun dituen 79 lanpostuei eustea. Bascotecniarenak, ordea, 42 lanpostu ziurtatzen ditu. "Guretzat Bascotecniak aurkeztutako plana ez zen argia. Ez zuen jartzen zer egin behar zuen enpresan, esku artean zituen zenbakiekin beste ondorio batzuk ateratzen ziren... Bagenekien diru gehiago jarriko zuela, baina baita horrek lanpostuen galerak ekarriko zituela ere. Epaiarekin diruak irabazi duela ikusi da", azaldu du Odriozolak. Lanpostuak mantendu Bascotecniak hamahiru milioi euro ordainduko ditu Lagun Artea erosteko. Diru kantitate hori aste honetan aurkeztu beharko du Donostiako Auzitegian, ELAko Aitor Iturainek azaldu duenez: "Asteartean atera zen epailearen autoa, eta bost egun dituzte dirua jartzeko. Hortik aurrera beraiekin hitz egiten hasiko gara". ELAko ordezkariaren iritziz, hasiera batean, Sarralleren eta Izadiren eskaintza hobea zen lanpostu guztiak mantentzen zituelako. "Hasieratik, gure nahia ahalik eta lanpostu gehien mantentzea izan da, eta bi aukeran artean, Sarrallerena eta Izadirena egokiagoa zen. Azkenean, Bascotecniak irabazi du, baina 42 langile baino gehiago mantentzearen alde lan egingo dugu". ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek enpresa eroslearekin lehenbailehen biltzeko asmoa dute: aste honetan edo hurrengoan bilera batera deituko dituzte jabe berriak. "Lanpostuei eta lan baldintzei dagokienez, guztiontzat onuragarria den akordio batera iritsi nahi dugu. Epailearen ebazpena jakin aurretik Bascotecniakoekin hitz egin genuen, eta eskaintza motz geratu zela aitortu ziguten. Hau da, 42 lanpostu baino gehiago salba daitezkeela". Ebazpena herenegun jakinarazi zuen Donostiako epaitegiak, eta autoan adierazi duenez, ezingo da haren aurkako helegiterik aurkeztu. Lagun Artea enpresaren zuzendariak adierazi duenez, epaian jartzen duenaz gain, "ez daki" ezer gehiago. "Ez dakit hurrengo pausoak zeintzuk izango diren edo zer egin beharko dugun. Gure lanari jarraikortasuna ematen ari ginen azken urte eta erdian, eta orain administratzaileak esan beharko du zer egin behar dugun". Lagun Artea enpresaren administratzaile konkurtsalak bi eskaintzen balorazio txostenak martxoaren 5ean aurkeztu zizkion epaileari, eta orduan hiru asteko epea zabaldu zuten helegiteak aurkezteko. Zumaiako enpresaren likidazio prozesua, berriz, iazko urrian hasi zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide