"Nire helburua, esperientzia bizitzeaz gain, ikasten jarraitzea da"

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko abe. 14a, 09:44

Datorren denboraldian, profesional gisa debutatuko du Mexikon Cosme Agirre puntistak. Urteetan izan duen ilusioa beteko du 20 urteko zumaiarrak

Odieta frontoiaren aurrean, puntista zumaiarren lehengo etxea. (Izaskun Urbieta) Hilabete ere ez da pasatu Cosme Agirre zesta puntako jokalariak Mexikora joateko deia jaso zuenetik. Berez, beste plan batzuk zituen, baina ez du aukera galdu nahi izan. "Irailean Miamira (AEB) joatekotan ginen lau gazte, baina bisa ukatu ziguten. Orain, Mexikoko frontoiaren eskaintza jaso dugu, eta aukera horri helduko diogu", azaldu du Agirrek. Atzerrira joateko lehen aukera 16 urterekin jaso zuen zumaiar gazteak; Filipinetara, kasu hartan. Orduan, batxilergoko ikasketak hasi berriak zituen, eta entrenatzaileak ikasten jarraitzeko gomendatu zion. Batxilergoa amaitu, eta robotika ikasketak egin ditu. "Iaz Mexikora joateko deia jaso zuen, baina nahiago izan nuen ikasketak eta praktikak bukatzea", aitortu du. Berriro deia jaso duenean, ordea, ez du zalantzarik izan. "Hasieran Miamira joateko ilusioa nuen, eta dena zapuztu zen. Ez aurrera eta ez atzera gelditu nintzen. Txikitatik izan dut gogoa atzerrira joateko, horretarako entrenatu dut, gainera. Beraz, Mexikoko aukera hau oso ona da niretzat". Mexiko Hirian dago frontoia, eta hara joango da apirilaren erdi aldera. "Astebete utziko digute bertara egiteko. Gero, apirilaren 25ean hasiko da denboraldia". Bi hilabetekoa da Mexikoko denboraldia, eta astero bi partida jokatuko dituzte. Iaz hasi ziren zesta-punta indarberritzeko eta bultzada emateko lanean. Nahiko ongi atera zitzaien, eta datorren urtean jarraitzeko asmoa azaldu dute, nahiz eta aurrekontua baxuagoa izan. "Hastapenetan dago, esperimentu bezala hasi ziren, baina oraindik ez dago aurrekontu handirik", azaldu du zumaiarrak. Miamin ez bezala, ez da kiniela sistemaren bidez jokatuko Mexikoko txapelketa. "Denok denon kontra lehiatuko gara, eta finalaurrekoak eta finala jokatuko dira". Agirre izango da frontoiko gazteena, eta berarekin batera, dagoeneko beteranoak diren Egiguren, Irastorza, Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra ariko dira, besteak beste. "Imanol [Lopez] hartu dute karteleko izar gisa, eta berarekin egin dute publizitate guztia. Ezagun asko doaz, beteranoak gehienak. Horiekin jokatu dut aurretik; azkenean, gutxi gaude zesta puntaren munduan eta denok ezagutzen dugu elkar. Beraiekin entrenatu dut eta izugarria da", nabarmendu du. Hasieran hotel batean egongo da, baina gero beste bi puntistekin batera pisu bat hartuko du. Bertako egoera Zesta puntan hasi zenetik, hainbat zailtasun izan ditu Agirrek bere ibilbidean. "Lehenengoa, frontoia kentzea izan zen. Ondorioz, beste herri batzuetara mugitu beharra izan genuen. Egia esan, gurasoen laguntzarik eta bultzadarik gabe ez nintzen gaur egun nagoen tokian egongo. Askok utzi izan dute horregatik". Horrez gain, zesta puntaren egoera ez da askok nahi bezain ona. "Orain dela gutxi, gazteok zesta puntan jokatzeko aukera izan dezagun, enpresa txiki bat zabaldu dute. Ematen du zerbait egiteko gogoa badagoela. Beraz, gogoa jartzen bada eta gauzak ongi egiten badira, indarra hartuko du berriro ere kirol honek Euskal Herrian", azpimarratu du. Beste bi anaia gazteagoak ditu Agirrek, eta biak ibiltzen dira zesta puntan. Belaunaldi berrietan ikusten du etorkizuna. "Nire adineko jende gutxi gelditzen da Zumaian, eta baita orokorrean ere. Zumaian frontoi berria ireki dutenean, haur eta gazte asko hasi da eta pozgarria da. Txikietan etorkizuna dago, horiek mailaz igotzen direnean ikusiko da. Zumaian, ordea, kirol aukera handia dago, eta askok zesta punta ez den beste kirol bat aukeratzen dute zaharragoak direnean". Ilusioaz eta gogotsu dago esperientzia berria hasteko. "Beti ibili gara horrelako aukera baten bila, eta, orain, aprobetxatzeko garaia da. Hara esperientzia bizitzera, eta batez ere ikastera joango naiz. Bi hilabete bakarrik dira, baina asko ikasten omen da kanpoan; beraz, hori izango da nire helburua".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide