Orion izango da lehenbiziko hitzaldi ibiltaria (Joxemari Olasagasti).
Kosta bailarako udalerriek historikoki lotura estua izan dute itsasoarekin. Bertako itsas-ondarea berreskuratzeko, herritarrei ezagutarazteko eta, bide batez, balioa emateko, hainbat proiektu lantzen ari dira Urola Kostako Udal Elkartea eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalak. Proiektuetako bat da arrakasta handiz herriz herri egin ohi diren hitzaldi ibiltariak. Aurten laugarrenez antolatu dituzte, eta Joan Sebastian Elkano nabigatzailea izango dute ardatz, munduari bira eman zioneko 500. urtemuga aintzat hartuta.
Guztira, bost saio egingo dituzte, Kostako udalerri bakoitzean bana, aste honetan hasi eta abenduaren 3a bitartean, igande goizetan. Lehena igande honetan izango da, Orion. Nolakoa zen Victoria naoa? XVI. mendeko euskal ontzigintza eta Orioko ontziolak izenburua jarri diote, eta Lourdes Odriozolak eskainiko du. Orioko udaletxe aurrean abiatuko dute bisita, eta Mutiozabal ontziolan bukatuko da, Alde Zaharrean eta Oria ibai bazterrean zehar ibili ondoren. XVI. mendeko euskal ontzigintzari eta Orion jarduera horrek izan zuen garrantzia historikoa azalduko du hizlariak.
Hurrengo igandeetan, hurrenez hurren, Zumaian, Zarautzen, Getarian eta Aian egingo dituzte. Goiz erdiz irauten duen irteerak dira, 11:00etan hasita, eta gaian adituak diren pertsonek gidatuko dituzte: Iosu Etxezarraga, Xabier Alberdi, Ismael Manterola eta Borja Aginagalde ariko dira gainerako saioetan. Ibilbidea egiten joan ahala, azalpenak eta argibideak eskainiko dizkiete bisitariei.
Doako saioak dira, eta parte hartzeko ezer ordaindu behar ez bada ere, aurretik izena eman behar da Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoetan edo Aiako udaletxean.
EGITARAUA
Azaroak 5, etzi
Orio. Nolakoa zen Victoria naoa? XVI. mendeko euskal ontzigintza eta Orioko ontziolak hitzaldia, Lourdes Odriozolaren eskutik. Orioko udaletxe aurrean hasiko da, 11:00etan, eta Mutiozabal ontziolan bukatuko da; Orioko Alde Zaharrean eta Oria ibai bazterrean zehar egingo dute ibilbidea.
Azaroak 12, igandea
Zumaia. Elkanoren bigarren bidaia eta Zumaiako itsas sendi handiak hitzaldia, Iosu Etxezarragaren eskutik. Olazabal Idazkariaren jauregi aurrean hasi eta San Pedro parrokian amaituta; irteera 11:ooetatik aurrera.
Azaroak 19, igandea
Zarautz. Elkanoren senitarteko zarauztarra hitzaldia, Xabier Alberdiren eskutik. 11:00etan abiatuko dute irteera Zarauzko udaletxe aurretik, eta Frantziskotarren komentuan amaituko dute.
Azaroak 26, igandea
Getaria. Azter dezagun Getariako Elkanoren Monumentua hitzaldia, Ismael Manterolaren eskutik. Udaletxe aurrean elkartuko dira 11:00etan, eta Elkanoren Monumentua aztertuko dute.
Abenduak 3, igandea
Aia. Elkanoren dokumentuak Laurgaingo jauregian hitzaldia, Borja Aginagalderen eskutik. Laurgaingo jauregi aurrean abiatu eta bertan bukatuko dute saioa, 11:00etan hasita.
Izen-ematea
Aia. 943-13 11 44.
Getaria. 943-14 09 57 edo info@getariaturismo.net
Orio. 943-83 55 65 edo orioturismo@gmail.com
Zarautz. 943-83 09 90 edo turismoa@zarautz.eus
Zumaia. 943-14 33 96 edo turismoa@zumaia.eus