Harri handien lehiarako prest dira eskualdeko harri-jasotzaileak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abe. 16a, 08:50

Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Imanol Illarramendi Santio Errekako eskolan. (Aiora Larrañaga/Hitza) Herri kirolzaleek abenduaren 18a gorriz seinalatuta dute egutegian, igandean jokatuko baita Asteasun, Harri Handien Euskal Herriko Txapelketako finala. Bertan izango dira eskualdeko bost harri-jasotzaile. Ostolazaren Eskolako Jokin Eizmendi zarauztarrak, Aimar Galarraga oriotarrak eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak parte hartuko dute lehian. Baita, Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak, eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak ere. Harri Handien Txapelketa lehia «zorrotza eta gogorra» da harri-jasotzaileentzat, eta igandeko finalari begira, harri handiekin prestatzen ari dira azken hilabeteetan. Joseba Ostolazaren eskolakoak esaterako, astean bitan elkartzen dira Aiako Santio Erreka auzoan duten egoitzan entrenatzeko. «Astelehenetan eta ostegunetan harriarekin entrenatzen dugu, eta astean behin edo bitan Orioko arraun elkarteko gimnasiora joaten gara pisuarekin prestatzera». Buru-belarri entrenatzeaz gain, umorea eta giro ona beti presente izaten dute harri-jasotzaileek, eta bata besteari erronka botatzen ere ibiltzen dira gazteak. Dena dela, lehia prestatzen ari direnean kontu handiz ibiltzen dira gehiegikeriarik egin gabe, astakeriek kalte egin baitezakete. «Esfortzu gehiegi eginez gero, nerbiorik eta indarrik gabe geratzeko arriskua dago. Azkenean hobetu beharrean, behera egin dezake harri-jasotzaileak», azaldu du Jokin Eizmendik. Prestaketa espezifikoa Harri handien txapelketa eta harri txikien lehia oso desberdinak dira, eta prestaketa espezifikoa behar izaten du norgehiagoka bakoitzak. Ondo daki hori Aimar Irigoienek, bi txapelketetan parte hartzen duen harri-jasotzaile bakarra baita. «Harri txikiekin aritzeko erresistentzia lantzea oso garrantzitsua izaten da, erabiltzen ditugun harriak 100-125 kilo artekoak izaten baitira». Harri handiekin, berriz, «gorputza karga handietara ohitu» beharra dagoela azaldu du, «eta aldaketa hori egitea ez da erraza izaten. Horrez gain, txapelketa guztietarako bezala, gimnasioko lana eta elikadura zaintzea ere oso garrantzitsua da», aitortu du errezildarrak. Harri Handien txapelketan kirolariek lau harri erabiliko dituzte, eta bakoitzarekin hiru minutuko lana egin beharko dute: 200-175 kiloko laukizuzena, 175-200 kiloko zilindroa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola izango dira altxa beharko dituzten harriak. Helburuak zehaztuta Harri-jasotzaile bakoitza bere helburuak zehaztuta joango da txapelketara. Jokin Eizmendi zarauztarra, iazko Harri Handien txapelduna da, eta aurten ere «txapela irabazten» saiatuko da. Aimar Irigoien izango du zaruztarrak aurkari zuzena. Errezildarrak adi-adi jarraitu du Eizmendiren ibilbidea. «Jokin Eizmendi oso indartsu dago, azken bi urtetan txapela hark irabazi du, eta lehia polita izango dugula uste dut. Ni lehengo maila ematen saiatuko naiz, baina ez da erraza izango» aitortu du Irigoienek. Imanol Illarramendirentzat eta Jon Unanue Goenatxo III.arentzat lehian parte hartuko duten lehen aldia izango da, eta «lan txukuna» egitea da bi harri-jasotzaileren helburua. Goenatxo III.ak San Andres jaietan bi marka pertsonal jarri zituen: 175 kiloko kubikoari eta 213 laukizuzenari bi jasoaldi eman zizkien. «Lan hori hobetzeko asmoz noa txapelketara», azaldu du azkoitiarrak. Galarragak, bestalde, iaz Harri Handien Txapelketan egindako marka pertsolana hobetzea izango du helburu. Harrijasotzea goruntza Azken urteetan gorakada bat izan du Urola Kostan harri-jasotzeak. Eskualdean bi eskola sortu dira, eta horrek harri-jasotzaile gazteak erakarri ditu. Eskolek kirola probatzeko aukera eskaintzen diete gazteei. «Lehen harri-jasotzea gustatu arren, gazte askok ez genekien nora jo harrijasotzen hasteko. Orain, berriz, irakasle oso onak ditugu eskualdean», eskertu dute gazteek.
Igandean Urrezko Harrijasotzaile lehia jokatuko da Igandean Urrezko Aizkolari Kopa eta Urrezko Harri-jasotzaile Txapelketa jokatuko dira 12:00etatik aurrera, Zarauzko Aritzbatalde frontoian. Harri-jasotzaile txapelketako finalerdia izango da asteburukoa, eta eskualdeko hiru harri-jasotzailek parte hartuko dute lehian, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iñigo Eizagirre zarauztarrek, eta Orion bizi den Joseba Ostolaza zestoarrak. 150 kiloko koadroa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabiliko dituzte saioan. Finalerako sailkatzen den harri-jasotzaileak, Izeta II.a izango du aurkari, zarauztarra finalerako sailkatuta baitago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide