Herriz herri zabaltzen ari da Gipuzkoa Zutik dinamika

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 5a, 11:22

Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiaren kontrako dinamika Urola Kostako udalerriz udalerri zabaltzen hasi da.

Azkoitia Zutik-en mobilizazioa Azkoitiko plazan. (Eneritz Albizu Lizaso) Ekain bukaeran egin zuen azken batzarra Gipuzkoa Zutik dinamikak Donostiako Gipuzkoa plazan. Jada erabakita zuten Zubietako erraustegiaren kontrako borroka lurraldeko udalerri eta auzoetara zabaltzea aurrerantzean. Eta mugimendu horrek Urola Kosta ere hartu du, udalerriz udalerri. Azkoitia Zutik-ek bizpahiru aste daramatza ostiraletan batzarrak egiten plazan. Mugimendu horren barruan norbanako gisa batu dira herritarrak, esparru anitzekoak. Orain arte bi batzar egin dituzte, eta datorren ostiralean bilduko dira berriro. Zapatu goizean egin zuen azken protesta Azkoitia Zutik-ek. Gipuzkoako Batzar Nagusietako bilkura egin zuten herrian, eta udaletxean bildu ziren batzar nagusietako politikariak eta herriko ordezkariak. Azkoitian izan ziren, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatua. Udaletxe kanpoan, berriz, Azkoitia Zutik-eko kideek erraustegiaren aurkako aldarrikapenak egin zituzten. Azkoitiko gazte bat eraman zuten ertzainek elkarretaratzetik, identifikatzeko. Uztailaren 19rako jarri diote epaiketa azkarra azkoitiarrari, desobedientzia egotzia. Azkoitia Zutik taldeak atxiloketa salatu  du: "Gune publiko batean bildu gara, modu baketsuan, eta ez dugu ulertzen zergatik hartu duten jarrera hori".

Mobilizazioak han-hemen

Zarautzen erraustegiaren kontrako aldarrikapena egin zuten malekoian herenegun. Begiak estalita eta beso zabalik jarri ziren bi lagun, eta kartel bana jarri zuten alboan; batak, erraustegiaren aldekoen besarkadak eskatzen zituen, eta, besteak, erraustegiaren kontrakoak. Ekimenaren antolatzaileen ustez, ekologia, naturarekiko errespetua edo indarkeria ezaren aldeko mugimenduak sortzea «ekidin ezina» da. "Dena asmatzeko dago", diote. Erraustegiari lotuta, hondakin solido urbanoen kudeaketari buruzko mozioa aurkeztu zuten azken ezohiko udalbatzarrean EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek udaletxean. Udal Gobernua osatzen duten bi taldeek —EAJk eta PSE-EEk— kontra bozkatu zuten, beraz ez zen onartu mozioa. Aurretik, hiru herritarrek hartu zuten hitza gaiari buruzko beraien iritzia emateko. Zumaiari dagokionez, hainbat herritar elkartu ziren erraustegiaren aurkako aldarria egiteko larunbatean; eta gaur bertan egingo du batzarra beste behin Zumaia Zutik-ek, 19:00etan, Amaiako plazan. Orion, berriz, bilera deitu dute biharko GuraSOS Elkartea aurkezteko. Duela hilabete batzuk sortu zuen taldea Gipuzkoako guraso talde batek, erraustegiak beraien seme-alaben osasunean eragin ditzakeen kalteez kezkatuta. Salatxo aretoan izango da aurkezpena bihar, 19:00etan. Aian ere martxan da elkarte bera. Azpeitian, berriz, joan den ostegunean egin zuten lehen batzarra. Hamarnaka lagun bildu ziren bertan, eta aurrerantzean dinamikarekin jarraitzea erabaki zuten bertaratuek. Abuztuan biltzea "zaila" ikusten duten arren, irailetik aurrera ere elkartzen jarraitzeko asmoa dute. Hurrengo batzarra etzi egingo dute, 19:00etan.

Uztarriako kazetaria identifikatu

Joan den ostegunean Azpeitia Zutikek antolatutako lehen batzarra egiten ari zirela Uztarria Komunikazio Taldeko kazetari bat identifikatu zuen Ertzaintzak, plazan. Batzarra hasi eta orduerdi ingurura plazara hurbildu ziren bi ertzainak kazetariarengana gerturatu ziren, eta zertan ari zen galdetu zioten Uztarriako kideari. Kazetariak bere lana egiten ari zela erantzun zien bi ertzainei eta horiek beste galdera batzuk egin zizkioten orduan: nondik izan zuen deialdiaren berri, non egiten duen lan, zergatik atera zien argazkia beraiei... Horrez gain, Mozal Legeari aipamen egin eta mehatxu egin zioten kazetariari, argazkiak ez ezabatzekotan horrek izan zitzakeen ondorioak aipatuta. Azpeitiko Udal Gobernuak "bere babesa eta elkartasuna azaldu" dizkio Uztarria Komunikazio Taldeari. "Alde batetik, kazetariek informatzeko zein herritarrek informatuak izateko duten eskubidea" aldarrikatu du EH Bilduren Udal Gobernuak; "eta, bestetik, edozein herri mugimenduk biltzeko duen eskubidea" ere azpimarratu du. Azpeitikoa ez da kasu bakarra. Ekainaren 19an, Argia aldizkariko kazetari bati oldartu zitzaion Ertzaintza, Gipuzkoa Zutik mobilizazioaren berri ematen ari zela. Kazetariak salaketa jarri zuen erasoa egin zion ertzainaren aurka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide