'Han eta hemen' programa, nerabeak elkartasunez blaitzeko

baleike.eus Aktualitatea. 2015ko mar. 31a, 07:00

Caritas elkarteak egiten duen lanaren berri eman dute boluntarioek Maria eta Jose ikastetxean. Esperientzia pertsonalak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute 14 eta 15 urteko nerabeek.

Aukera zentrokoak eta Caritasekoak Maria eta Jose ikastetxean (Juan Luis Romatet-Baleike) Bizitza ez da erraza izan Tlaytmasentzat. Zenbait arazo medio depresioaren zulo beltzean erori zen. Irtenbide bat aurkitu nahian, 40-45 urte inguruko emakume hau Caritas erakundeak abian duen Sarea fundazioarekin jarri zen harremanetan. Lanean txertatzeko jarduerak sustatze aldera eta lan aukerak iristeko desabantaila handia duten kolektiboen artean lanpostuak sortzeko sortu zuen Caritasek fundazio hau 1997. urtean. Lan munduan murgiltzeko arazoak dituzten pertsonei zuzenduta Fundazioak Lezon duen Aukera zentro okupazionalean egiten du orain lan bereber jatorrizko izena duen emakume honek, Oldberriren edukiontzietan jasotzen den arropa garbitu, plantxatu eta konpontzen, Donostiako Moraza kalean dagoen dendan salgai jarri aurretik. Lan horri esker, eta ikasteko gogo aseezinarekin, zulotik atera da eta itxaropentsu dago etorkizunera begira. Maria eta Jose Ikastetxeko 14 eta 15 urte bitarteko ikasle talde batek bere kasua ezagutzeko aukera izan du. Ikastetxe honek Caritasekin akordio bat du sinatuta eta Han eta hemen programaren barruan, erakundeko zenbait boluntario urtean hirutan hurreratzen dira Zumaiara, LH eta DBHko ikasleei burutzen duten lana eta beraiekin harremanetan jartzen diren pertsonek bizi duten egoeraren berri ematera. Ahotsa altxa gabe hitz egiten du Tlaytmasek. Depresioan murgilduta igaro zuen garaia du gogoan. «Arazo pertsonalak izan nituen, indarkeria matxista jasan nuen, depresioan murgildu nintzen eta haurrak ere kendu zizkidaten. Ez nuen ezertarako gogorik, ezta jaikitzeko ere. Trintxer zentroan nengoen [Caritaseko egonaldi luzeko zentroa gizarte bazterkerian dauden pertsonentzat] eta han laguntza jasotzen hasi nintzen. Hala jarraituta inora joango ez nintzela hausnartu nuen, aurrera egin behar nuela. Poliki-poliki, Aukera zentroari esker, martxan jarri nintzen. Hasieran ikusten nuen ez nintzela gai, baina errutinak hartu ditut eta orain ondo nago, gustura. Ikasteko gogo handiak ere baditut. Orain josketa atalean nago, eta beti galdezka nabil gauza bat edo beste nola egiten den. Gauzak egiteko eta ikasteko gai naizela ikusten dut». Tlaytmasekin Josu etorri da. Berak ere Aukera zentroan egiten du lan, eta umorea ez du galtzen. «Hona etortzen banaiz tailerrera ez dut joan behar», dio ikasleen barre artean. Hitz gutxiko pertsona, bizitzan aurrera egin duela diote bai berak, bai zentroko arduradunak. «Ikusi dugu aurrera egin duela; hobeto sentitzen da eta [arazo psikologikoengatik hartutako] pisu asko ere galdu du». Errutinek bere garrantzia dutela azaldu die Josuk ikasleei. «Errutinetako bat egunero ibiltzera ateratzea da; egunero hamabi kilometro egiten ditut, eta horri esker energia gehiago sentitzen dut». Laneko elkarrizketa bat du hurrengo egunean, eta zulotik ateratzeko aurrerapauso garrantzitsu bat bezala jotzen dute guztiek. 14 urteko alaba baten ama, adin tarte honetako ikasleei bizipen hauek azaltzea positiboa izan daitekeela uste du Tlaytmasek, «bizitzak buelta asko eman ditzake-eta». «Lehen egunean egurrezko piezazko gaztelu bat egitea eskatzen zaie», dio fundazioko arduradunak. «Gaztelu hori edozein momentutan eror daiteke, bizitzarekin gerta daitekeen bezala. Gazteek pentsa dezakete egoera hori oso urruti dagoela, baina haserrealdi bat, gurasoak banatzea edo [drogen] kontsumoan erortzeak gainbehera hori ekar dezake».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide