Egin topa, Bertilen omenez

Aritz Mutiozabal 2013ko abu. 8a, 04:00

Pato celoso erakusketan ikus daiteken margolanetako bat da (Bertil Lagerström) Bertil Lagerström margolari suediarrak herrian utzitako arrastoren haritik, Hurrengo taberna arte, Bertil erakusketa antolatu dute Zumaian haren artelanekin. Iazko azaroan zendu zen, eta haren gertukoek omenaldi xumea egin nahi diote egitasmoarekin. Igandean inauguratu zuten erakusketa, artistaren urtebetetze datarekin bat eginik (berez astelehenean zirela uste dute), eta abuztu osoan ikusteko aukera izango da 15 tabernetan; hau da, Algorri, Beheko Plaza, Goiko, Gure Txokoa, Ihintza, Inpernupe, Itzurun, Justa, Kabi, Leize, Maluta, Metro, Nikol, Trapaia eta Txikixan. Antolatzaileek Bertilen artelanak biltzeko deialdia egin zuten joan den hilean. «Jakin bagenekien zumaiarren eskuetan bere obra mordoa zegoela. Hori horrela, bi helburu izan ditugu. Alde batetik, bere obra katalogatu dugu; denborarekin gero eta zailagoa izateaz gain, galtzen joaten da, eta herrian zer dagoen jaso nahi genuen. Eta bestetik, obra horiekin erakusketa bat antolatu», azaldu du Bertilen lagun eta ekimeneko kide Ander Hormazuri artistak. 108 margolan Antolatzaileek 108 margolan jaso dituzte, baina guztiak ezin izan dituzte erakusgai jarri. Azkenean, horietatik 70 lan inguru zintzilikatu dituzte tabernetako hormetan, gehienak ur-margoz eginak. Margolanez gain, ehunka argazki ere bildu dituzte katalogorako. «Izan ere, Suediatik ekarri zituen argazki eta negatibo guztiak», dio Hormazurik. Lagerström-ek bere buruari eginiko autorretratua (B.L.) Artista suediarraren lagunek, harekin arte-langintzan aritutakoak zirenez, bere obra gehientsuena ezagutzen zuten, baina ezustekorik izan dute artelanak jasotzen hasi zirenean. «Urte as­ko pasa dira bere hasierako lanetatik azkenengoetara, eta pixkanaka gogoan genituenak azaltzen joan dira. Taberna bateko jabeak, bestalde, Bertilen margolan bat jarri du erakusketan, guk ezagutzen ez genuena. Koadro horren berri ez geneukan, adibidez». Hormazurik argitu duenez, artista suedarraren obra gehienak Suedian egin dira. «Zumaian egindakoak gutxi batzuk baino ez dira». Gazterik iritsi zen Zumaiara. Festazalea zen, eta urtero-urtero San Fermin jaietara etortzen zen. Hori horrela, Zumaian topatu zuen udako bere egonaldietarako bizilekua. «Suedia baino maiteagoa zuen Zumaia, bertako jendea eta bertako giroa. Herrian bizitzen geratzeko ahalegina ere egin zuen, eta lan bila ere aritu zen», oroitu du Hormazurik. Gainera, berehala egin zuen harremana herritarrekin eta herriko artista jendearekin. «Beti hartzen zuen parte tabernetan egiten genituen erakusketetan». Erakusketa kolektibo hark Hurrengo taberna arte izena zuen, eta dozena bat urtean antolatu zuten herriko artistek, 90eko hamarkadan. Hamar urte hutsean pasatu ostean, ekimena berreskuratu dute artista suediarraren gorazarretan. «Hasieran Oxford aretoan egin genezakeela pentsatu genuen. Bera, ordea, oso tabernazalea zenez, tabernetan jartzea egokiagoa zela iruditu zitzaigun, eta garaiko ekimenari berriz bizitza ematea». Era berean, belaunaldi gazteagoetakoei haren lana ezagutzeko parada eman nahi diete. Bertilen Zumaiako eta Suediako lagunak, igandean, erakusketaren inaugurazio ekitaldian. (Argazkia: Roberto Gutierrez) Suediako lagunekin Margolari suediarraren lagunek igandean inauguratu zuten erakusketa. Ekitaldia bitan banatu zuten: eguerdian, Erribera kalean poteoa egin zuten, eta arratsaldean, Erribera kaletik kanpo geratzen diren tabernetan ibili ziren, txarangarekin; Roberto Gutierrezek eginiko ikus-entzunezko bat ere eman zuten Ihintza tabernan. Bertilen Suediako hainbat lagun ere gerturatu zen. «Haiek ere txundituta geratu ziren herrian bere zenbat obra dagoen, eta zenbat maite genuen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide