Finantziazioa lortuz gero, Aste Santurako irekiko dute Zumaiako kanpina

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko mai. 22a, 15:26

Zumaiako kanpinaren ezaugarriak
  • Kokagunea. Basustako magalean, izen bereko hegazti-haztegi zaharra zegoen lekuan eraikiko dute kanpina.
  • 560 plaza. 151 partzelatan banatuta egongo da. 21 partzela mobile home-ntzat izango dira, 10 bungalowentzat eta gainontzekoak autokarabana, karabana eta kanpin dendentzat.
  • Igerilekua. Heldu zein haurrentzat.
  • Jatetxea eta taberna. Kanpoko enpresa batek kudeatuko du.
  • Denda. Harrera-lekuaren aldamenean.
  • Eguzkia hartzeko gune zabala. Dutxa eta komunen eraikinaren gainean egongo da kokatuta terraza handia.
  • Guztien erabilerako aisialdiko gunea.
Garai batean Basusta hegazti-haztegia zegoen lekuan eraikitzekoak dira Zumaiako kanpina. (Amaia Ventas/Hitza) Finantziazioa lortuz gero, 2014ko Aste Santurako irekiko lukete Zumaiako kanpina. Hala jakinarazi du Juan Luis Saezek, proiektuaren arduradunak. «Bankuek azkenengo baiezkoa eman zain gaude. Azken izapideak falta dira, xehetasunekin amaitzea». Finantziamendua nork emango dien gutxi gorabehera «lotuta» dute, eta banketxeek proiektua behin betiko onartzea izango da azken pausoa. «Egitasmoak itxura ona duela esan digute bankuek». Ildo horretatik, behin erantzuna jaso eta «paperak eskuan» dituztenean eraikitzen hasi ahalko dira. Hori laster gertatuko dela espero du Saezek. Guztia aurreikusi bezala gertatzen bada, 560 lagunentzako kanpina sortuko dute Basustako magalean. Pasa den maiatzaren 2an Zumaiako Udalbatzarrak Basustako M1 guneko plan berezia aho batez onartu zuen, ezohiko plenoan. Iñaki Agirrezabalaga alkateak jakinarazi zuen azken arau subsidiarioak aldatzea adostu zutela; hau da, landa lurrak ekipamendurako baliatzea. Hori izango litzateke kanpina eraikitzen hasteko onartu beharreko azken pausoa. Urtebete pasatu da udal ordezkariek plan hori behin-behinean onartu zutenetik. 2012ko maiatzaren 31n erabaki zuten kanpina egiteko egitasmoak «onura publikoa» zekarrela. Halako azpiegitura bat gune horretan egiteko plan berezia gauzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia besterik ez zen falta orduan. Pasa den martxoaren 25ean onartu zuen Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiak planak interes publikoa zuela. Denbora tarte horretan askotariko azterketak egin dituzte proiektua bideragarria den ala ez jakiteko. Besteak beste, irisgarritasuna eta ingurumenean izan zitzakeen eraginak ikertu dituzte hainbat erakunde eta administraziok. Lehen mailako instalazioak Aurrekontua lortuz gero, lehen mailako kanpina eraikitzeko asmoa dauka Saezek. Guztira, 21.000 metro koadro hartuko  ditu, eta Basusta hegazti-haztegi zaharra zegoen lekuan egongo da kokatuta. 560 plaza egokituko dituzte gune horretan, eta 151 partzeletan banatuta egongo dira. Horietako 21 mobile home-entzat gordeko dituzte Saezek azaldu duenez eta beste 10 bungalowentzat. Gainontzeko partzelak autokarabana, karabana eta kanpin dendentzat izango dira. Horrez gain, askotariko zerbitzuak eskainiko ditu. Heldu zein haurrentzat igerileku handia, eguzkia hartzeko belarrezko terraza zabala, taberna eta jatetxea—kanpoko enpresa batek zuzendu eta kudeatuko du—, denda, haurrentzako aisialdiko gunea, zuhaiztia, dendatxoa eta guztien erabilerarako toki bat egokituko dituzte, esaterako. Espazio hori mugikortasun mugatua dutenentzat egokituta egongo da, gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide