Idazle zumaiarra, artxiboko irudi batean
Astero ipuin labur bat idatzi eta
Mikroipuin-labea izeneko blogean argitaratzen zuen Josu Waliñok (Zumaia, 1972). Duela hiru urte ekin zion ariketa literarioari, eta 2011ko abendura arte luzatu zuen, Amaiera izeneko lanarekin biribildu arte. Azken urtean sortutako ipuin guztiak berrikusi eta zuzendu ditu, eta bilduma txukun batean argitaratu ditu, formatu digitalean.
Liburua baleike.com/mikroipuinak blogean eskuratu daiteke dohainik.
Mikroipuin-labea sarerako espresuki sortutako literatur blog gisa sortu zenuen. Hori horrela, logikoena bilduma bera ere formatu elektronikoan sarean eskuragarri jartzea al zen?
Berez, proiektuak bilduma gisa logika galtzen duela esango nuke.
Mikroipuin-labean argitaratutako ipuin gehienek lotura estua dute idatzitako unearekin, ordungo gertakizun batekin, edo nik pertsonalki bizi nuen zerbaitekin. Ondorioz, mikroipuinak uneari zegozkion, eta blog izaera oso egokia zen bat-batekotasun horri erantzuteko. Bildumak aje hori du, denboraz kanpo perspektiba galtzen baita eta horrek irakurleari irakurketa zaildu egiten baitio. Baina, bestalde, ipuin guztiak elkartu eta irakurleari bilduma gisa eskaintzea beharrezkoa ikusten nuen. Hortik orain urratsa ematea.
Euskarri fisikoan argitaratzeko asmorik ba al duzu? Hausnarketarik egin al duzu horren inguruan?
Hori izan zen nire asmoa, baino editoreek ere zail ikusten zuten proiektua ipuinak beste euskarri bati begira idatziak izan zirelako. Horregatik orain digitalki argitaratzea erabaki dut.
Autoekoizpen gisa landu eta zintzilikatu duzu liburua, erabat doan. Zu zeu zure buruaren editore?
Gaur egun, autoekoizpena oso aukera interesgarria da edozein idazlerentzat, bai digitalki bai paperean. Askatasun handia ematen dizu liburua sortzeko garaian, baita banaketari begira ere. Nik doan zabaltzea erabaki dut, hainbat arrazoigaitik. Alde batetik, jatorrizko blogak
Creative Commons lizentzia librea duelako, eta lizentzia hori interesgarria iruditzen zaidalako literaturarako. Horregatik liburua ere lizentzia librez zabaltzea erabaki nuen. Bestalde, ni ez naiz literaturatik bizi, idaztea zaletasuna da niretzat. Ematen duen diruagatik egin behar banu, ez nuke idatziko. Ondorioz, liburua ahalik eta jende gehienera iristeko helburuarekin doan banatzea erabaki nuen.
Ariketa moduan piztu zenuen labea, tarteka ipuin azkar bat egosteko. Erronka moduko zerbait bezala?
Bai, nire buruari jarritako erronka izan zen. Une hartan ez nuen denborarik ezer luzea idazteko, eta formula hau bururatu zitzaidan modu jarraituan idazteko.
Harrezkero, hiru urte pasatu dira. Finkatutako erronkak eta helburuak bete direla esango zenuke? Gustura geratu zara emaitzarekin?
Bi helburu jarri nizkion nire buruari: ehun ipuin idaztea, batetik, eta hori bete nuen; bestetik, ariketaren bidez teknika eta estiloak lantzea nuen helburu, trebakuntza gisa erabiltzeko, eta hori ere bete nuelakoan nago. Ahalegin berezia egin behar izan nuen monotonia hausteko, oso zaila baita ehun mikroipuin idaztea errepikapenean erori gabe.
Sasoi horretan idatzitako mikroipuin guztiak jaso al dituzu liburuan? Eta modu kronologikoan sailkatuta al daude?
Bai, blogean argitaratutako mikroipuin guztiak jaso ditut bilduman, kronologikoki. Izan nuen sailkapena aldatzeko tentazioa, baina, azkenean, bere horretan uztea erabaki nuen, sailkapen kronologikoak eboluzio bat erakusten duelako, bai gaietan bai idazkeran.
Idazteko eta kontatzeko modua, estiloa, istorioa garatzeko era... Hasierako eta bukaerako lanen artean alderik antzemango al du irakurleak?
Espero dut baietz. Pentsatu nahi dut nik bizitako ikasketa prozesua islatuta ageri dela, eta eboluzio bat badagoela. Hori zen behintzat nire helburua, eta liburuan ikusten dela esango nuke.
Tentazioz beteriko liburua dela diozu liburuaren hitzaurrean. Zergatik?
Bloga bilduma moduan argitaratzea erabaki nuenean, konturatu nintzen irakurleek azalpen bat beharko zutelako. Izan ere, lehen esan dudan moduan, ipuinak ez daude pentsatuta bilduma moduan argitaratuak izateko. Buelta asko eman nizkion gaiari, eta prozesuan tentazio asko izan nituen: bilduma ez egiteko tentazioa, ipuin bakoitzari oin-oharra gehitzeko tentazioa, ipuin batzuk aldatu edo kentzeko tentazioa, sailkapena aldatzeko tentazioa... Nik bizitako tentazioak dira guztiak, eta azkenik hitzaurre batekin konpondu nuen arazoa. Hortik hitzaurreari izenburu hori jartzearena:
Tentazioak.
Mikroipuinak ipuin laburrak dira. Hitz gutxitan gauza asko kontatzea ez da batere lan erraza izango, ezta?
Askotan azalpen luzeagoak baino egokiagoak direla esango nuke. Ipuin labur batek gai asko landu ditzake, eta askotan mikroipuin bat nahikoa izan daiteke ideia baten inguruan mezu zuzena bidaltzeko irakurleari, edo hausnarketarako kezka bat plazaratzeko. Oso formatu polita da mikroipuina norberak nahi duena kontatzeko.
Mikroipuin-labea literatur blogak jarraipena izango du aurrerantzean ere, ala bilduma honekin eman diozu amaiera?
Ez. Esan bezala une jakin bateko ariketa moduan jarri nuen martxan bloga. Helburua beteta itxi nuen, eta denbora dudanean nahiago nuke beste proiekturen bat abiatu. Hala ere, onartu behar dut batzutan izaten dudala tentazioa ipuin azkar bat idatzi eta bertan jartzeko, baina ez dut jarraipena emateko asmorik.
Honetaz aparte, haur eta gazte literaturan murgilduta zabiltza azkenaldian. Ba al duzu proiekturik epe laburrera begira?
Une honetan ez. Esan bezala literatura zaletasuna da niretzat eta ez daukat idazteko denborarik. Beti pentsatu izan dut nire burua ez dudala idaztera behartuko denbora edo gogorik ez badut, bestela nire zaletasun bat betebehar bihurtuko nuke, eta hor ez nuke plazerrik aurkituko.
Liburua
- Izenburua. Mikroipuin-labea.
- Argitaletxea. Autoekoizpena.
- Bilduma. 2009tik 2011 bitartean blogean idatzitako ipuin guztiak bildu ditu, eta formatu digitalean jarri du eskuragarri blogean bertan
- Formatua. EPUB ea PDF formatuetan jaitsi daiteke
- Orri kopurua. 103 orrialde.