Iraultzaren barruko iraultza

Aritz Mutiozabal 2012ko aza. 6a, 12:41

Kubarekiko adiskidetasun eta lankidetzarako Euskadi-Kuba elkarteak Emakume kubatarrak. Iraultza bat beste baten baitan erakusketa zabalduko du gaur Alondegiko Oxford aretoan, Zumaiako Udaleko Berdintasun sailaren babesarekin. Erakusketa ibiltaria da, eta dagoeneko hainbat herritan ikusteko aukera izan da. Oraingo honetan, Zumaian egingo du geldialdia, eta azaroaren 19ra arte izango da. Kubako emakumeen errealitatea ezagutzera ematea du helburu Euskadi-Kuba elkarteak Horretarako, informazioz eta argazkiz zortzi panel jarriko dituzte aretoan. Horietan, 1959ko Kubako Iraultzaren garaipenetik emakume kubatarrek arlo guztietan egindako aurrerapausoak (sexu eskubidean, osasunean, kulturan eta beren autonomian, besteak beste) zeintzuk izan diren laburbiltzen dira, baita gaur egungo erronkak zeintzuk dituzten ze­­haztu ere. Datu horien berri emanez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gainean hausnartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Emakumeen parte-hartzea Emakume kubatarrak. Iraultza bat beste baten baitan erakusketaren harira, Euskadi-Cuba elkarteak emakume kubatarrek Iraultzaren garaipenean izan zuten garrantzia nabarmedu nahi du, bai hasierako borroka bai ondorengo aldaketetan eta erabakietan. Horrekin batera, 1960an eratutako Emakume Kubatarren Federazioa ekarri dute gogora. Gizarteko arlo guztietan emakumeen berdintasuna bermatzeko politikak eta programak sortzea zuen helburu batzarrak, eta, gaur egun, 4 milioi afiliatu baino gehiago ditu. Kubako biztanleen ia erdia emakumeak dira. Legebiltzarreko kideen %43 osatzen dute; %65ek unibertsitateko ikasketak dituzte; eta langileen %46 dira: lan teknikoak eta profesionalak egiten dituztenak %66 dira; ikertzaile zientifikoak %48; eta lankidetzarako nazioarteko misioetan dabiltzanak %52. Kubako Iraultzaren lorpen handienetako bat emakumeak herrialdeko bizitza ekonomikoan, politikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartzaile aktibobihutzea izan da, baina «kultura patriarkaletik jasotako aurreiritzi eta estereotipo sexistak gainditzeko erronkari aurre egin behar diote oraindik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide