Dantzaren kultura herrira gerturatzeko asmoz Astindu Dantza Elkartea sortu dute 30 kide inguruk, eta Jone Osa eta Uxua elkarteko lehendakaria eta lehendakariordea dira. Gaur aurkeztuko dute elkartea, 20:00etan, Kofradia aurrean, eta irailaren 7an lehenengo bilera irekia egingo dute, dantzaren inguruan aritzen diren herritarrekin batera, aurrerantzeko proiektuak zehazteko asmoz. Elkartearekin harremanetan jartzeko, edo kide izateko astindu.zde@gmail.com helbidera idatz daiteke.
Nola sortu zenuten elkartea?
Jone Osa: Euskal dantzetan ibili izan garen batzuk herriko beste dantza taldeekin elkartzea pentsatu genuen, dantza herrira hurbiltzeko asmoz.
Uxua Gainza: Dantza inguruan dabilen jendea bildu nahi izan dugu elkartea sortzeko. Ikuskizunak eskaintzea baino, dantzaren kultura zabaldu nahi dugu. Hala, irteerak, emanaldiak, hitzaldiak edota bestelako ekintzak antolatuko ditugu. Izan ere, orain arte dantza formazioak norbanakoek antolatu ohi zituzten, baina
guztiok bilduz gero indar eta babes gehiago izango dugula uste dugu.
Zer helburu ditu elkarteak?
J.O.: Printzipioz dantza herrira hurbiltzea da helburua, eta horretarako formazioa sustatu nahi dugu.
Horretarako zer jarduera egingo dituzue?
J.O.: Dantza ikastaroa izan dugu uztailean zehar. Orain, berriz, Euskal Jaietarako fandangoa eta arin-arina prestatzen hasiko gara, gaztetxeko kideekin elkarlanean. Gero, pixkanaka hasiko gara zehazten nolako proiektuak garatu.
U.G.: Izan ere, herriko beste eragile eta taldeekin elkarlanean jardun nahi dugu. Halaber, talde pribatuekin ere lankidetza nahi dugu. Oro har, herrian dauden lekuak aprobetxatu nahi ditugu dantza sustazeko. Hala, haurrek txikitatik dantza barne dezaten, hezkuntzara ere nahi dugu zabaldu; dagoeneko herri eskolako kide bat bazkidea dugu, eta harekin ere hasiko gara lanean norabide horretan.
Ikastaroak antolatuko al dituzue?
U.G.: Nahiago dugu ikastaroen gaia erakunde publikoen esku utzi. Zumaiako Musika Eskolak dantza ere eskaintzen du, beraz, herri mailan babestuta egongo litzateke hori. Zerbait indartzeko eta bultzada emateko egin genezake ikastaroren bat, ordea.
Nolako harrera espero duzue?
J.O.: Jendeak pixkanaka ezagutuko gaitu. Hala uste dugu. Azken urteetan dantza egiteko joera hazi egin da herrian. Beraz, baikorra naiz horri dagokionean.
U.G.: Duela urte batzuk euskal dantza tradizionala egiten zuen Beti Gazte taldea zegoen. Hori desagertu ondoren, beste hainbat talde sortu da; ikastetxeetakoak, dantza klasikoa egiten zutenak edota dantza afrikarrak lantzen dituztenak, kasu. Beraz, Zumaian dantza egiteko joera badago. Dantza estilo horiek guztiak biltzeko elkartea sortzea interesgarria da, eta harrera ona izango duela espero dugu.
Nolakoa aurkezpena egingo duzue gaur?
J.O.: Elkartearen nondik norakoak azalduko ditugu aurkezpenean. Eta ekitaldiarekin batera aparteko bi dantza emanaldi eskainiko ditugu. Wilikema Senou taldeak hogei minutu inguruko ikuskizuna emango du, eta tartetxo baten ostean, Acostumbrate taldearen ordubeteko emanaldia izango da, Kofradia aurrean.