Koadernoa hartu, boligrafoari heldu, eta idazten hasi da. Lehen zuria zen orrialdean, letra beltzak ageri dira orain. Hiru lerrotan, hiru gauza jarri ditu. Anastasia Kostutxenko. Ivankiv. Izen-abizenak, eta bere herria.
Ez da egun asko Urola Kosta eskualdean dagoena. Duela 10 urte jaio zen neskatila. Beste hainbat herkiderekin batera etorri zen. Azken urteetan gertatu den bezala, haur ugarirekin iritsi zen hegazkina, Euskal Herrian barrena joateko. Zain zituzten hemengo familiak, bi hilabetez hartuko dituztenak. Zain zegoenetako bat zen Maitere Arrieta azpeitiarra. Ez zuen idatzita eduki beharko orri zuri batean Anastasia Kostutxenko, lehen aldi hartan eduki beharko zuen bezala, ziurrenik. Elkar ezagutzen dute orain. Bosgarren urtez dago Nastia —hala deitzen diote— Azpeitian, beti etxe berean, Arrieta familiarekin.
Hura da bi hilabetereko etxea, baina ez bakarra. Arrietaren ahizpa eta seme-alabak Zumaian bizi dira, eta egun batzuk kostaldean igarotzen ditu ukrainarrak. Oraintxe bezala. Sekulako beroa egiten du, eta Ukrainako batentzat are astunagoa da tenperatura altua. «Beroa, beroa», esaten du tarteka. Arranpla inguruan jendea bainatzen ari da, eta Nastiari uretan sartzeko gogoa etorri zaio. «Ekarri al duzue bainujantzia?», galdetu dio Olatz Arrietak —Mariteren ahizpak— Naroa alabari. «Hemen daukagu, ama». Baina ura behean dago, eta ez bainatzea erabaki dute: «Gaur ezin da Nastia, hurrengo batean hobeto”, esan diote. Lasaitasunez hartu du erabakia.
Euskal ohituretara ondo moldatuta dago Nastia. «Etxekoa da», atera zaio Maritere Arrietari. Duela bost urte, lehenengo urte hartan, pentsatuko zuen etxekoa bilakatuko zela, baina denbora beharko zuela ere bai. Aurreneko aldi hartan, normala den bezala, dena zen ezezaguna bi aldeentzat. Baina nagusiki, oztopo handi hau bihurtu zitzaien horma: «Hizkuntzarekin gaizki ibili ginen. Ez gintuen ulertzen, guk ere ez bera, jakina, eta lehen urte hura oso zaila izan zen». Arrietak onartu du zalantzak izan zituela Ukrainako haur bat ekarri edo ez: «Neure kezkak izan nituen. Etxean esan nien hiru semeei eta senarrari, eta nahi nuena egiteko esan zidaten, ondoen ikusten nuena egiteko».
Normalean, familiak ez du aukeratzen nahi duen haurra. Tokatzen zaiena etortzen zaie. Baina Nastiaren kasua apartekoa da. «Anaia Azpeitiako beste familia batera etortzen zen, eta oraindik ere etortzen da. Familia horretako amak aipatu zidan mutikoak bazuela arreba bat, eta hor hasi zen dena». Horrela heldu zen Arrietaren etxera Ivankiveko haurra. Lehen urteko zailtasunak gaindituta, bigarrenean ere hemen zen, eta gero eta hobeto moldatzen hasi ziren. Hizkuntzaren oztopoa gainditu zuten.
«Hasieran, duda egin genuen berarekin hitz egiteko euskara edo gaztelania erabili. Baina handik datozenak gaztelaniaren erreferentziarekin etortzen dira, liburuxka bat ere ematen diete. Hori hala, gaztelania aukeratu genuen». Ederki hitz egiten du hizkuntza horretan Nastiak. «Baina han ez digute irakasten», esan du, lotsaren marra aurrenekoz nola edo hala gaindituz. Segituan entzun du Naroaren ahotsa: «Aurten, zer helburu jarri dugu?», galdetu dio. Isiltasuna. Elkarri begiratu, eta Naroak lagundu dio: «Euskara ikastea».

Ulertu, ia dena ulertzen du euskaraz. Baina hitz egiten ikasi behar du orain. Lagunduko dio Arrieta familiak, eta lagunduko diote herriko haurrek, denbora dezente igarotzen baitu haiekin. Udalekuetan egoten dira elkarrekin. «Hilabete irauten dute, Azpeitian bertan, eta han joaten da». Gustura ibiltzen da, eta, batez ere, igerilekuan du gustuko, Azpeitikoa: «Asko gustatzen zait».
Zumaiako Itzurun hondartzan ere gustura asko ibiltzen da, eta hori esatearekin batera, hauxe bota du: «Azpeitia baino gehiago gustatzen zait Zumaia». Bietan moldatzen da ondo, baina uda izanik, kostaldean aukera gehiago dauzka gauzak egiteko; horien artean, piraguan ibiltzea. Hala azaldu du Maritere Arrietak: «Azpeitiko udalekuetatik etorri ziren Zumaiara, piraguan ibiltzera, eta asko gustatu zitzaion». Baietz esan du buruarekin Nastiak: «Ez zitzaidan ontzi txikia irauli». Aurten ere izango du aukera piraguan ibiltzeko. Uztailaren 4tik aurrera bi astez jardungo du udako jardueren baitan.
Beste nahi batzuk ere baditu uda honetarako: «Jacara (Aragoia) joan nahi dut», esan du. Arrietatarrek bertara joateko ohitura dute, eta Nastia irrikaz da hara gerturatzeko. «Aquaparkera ere joan nahi dut», gaineratu du. Egingo ditu denak, bi hilabetean astia izango duelako. Txernobilgo haurrak elkartu ere egingo dira, urtero ohitura duten legez bazkaria antolatzen zaielako bat egin dezaten. «Beste gauzaren bat ere antolatzen da urtero. Joan zen urtean, adibidez, Kutxaespaziora eraman zituzten», azaldu du Arrietak. Baina Nastia ez zen joan. «Saninazioak ziren-eta», aitortu du azpeitiarrak.
Anaia eta gurasoak
Hainbat gauza izaten ditu egiteko eta ikusteko. Ez dauka aspertzeko astirik. Jardueraren batean ez bada, etxekoekin jolasean dabil. Edo bestela, anaiarekin egoteko baliatzen du denbora. «Elkartzen dira», kontatu du Arrietak. «Egoten naiz harekin», gehitu dio segituan Nastiak. Gurasoak ere ez dauzka ahaztuta, eta telefonoz hitz egiten dute. Lehengo batean, Skype bidez elkar ikusteko aukera izan zuten, eta momentu berezia izan zela diote Arrietatarrek.
Gurasoak lanean ari dira. «Ama jostuna da, eta aita arotza», esan du Arrietak. Zumaiatik eta Azpeitiatik Ivankivera mugitu du elkarrizketa. Hango egoeraren berri eman du Arrietak: «Txernobilen alboko herria da, 5o kilometro ere ez daude batetik bestera. Arazo handia daukate, Ukrainago Gobernuak ez duelako batere inbertsiorik egiten inguru hartan». Hemendik joan izan dira hango haurrak hartzen dituzten familiak, eta Arrietak jarri die ahotsa hemengoek kontatuari: «Aldaketa handia da. Bizitza maila baxuagoa da».
Istripu larria izan zuen, zentral nuklearra hain gertu izanda. Osasun arazoak ere tamaina berekoak dira inguruan. Hori da haurrak ekatzeko arrazoia: «Osasunagatik da. Sekulako aldea egiten die bi hilabete hemen igarotzeak». Etorri bezain azkar, osasun azterketak egiten dizkiete: «Pediatra, okulista eta dentistarenera eramaten ditugu». Txernobilgo kaltetuak agiria ekartzen dute. «Baina ez dakit zenbaterainoko larri dauden. Nastia, behintzat, osasuntsu dago. Inoiz ez dugu arazorik izan».
Isilik da Nastia, inora begira balego bezala. Bere herrialdeko kontuak entzuten, bertara joango zitzaion, akaso, burua. Burutazioak utzi, eta elkarrizketan sartu da berriz, Arrietak «dantza» hitza gaztelaniaz aipatu orduko: «Oso dantzari ona da. Hango talde batean egiten du dantza». Lotsatuta, baietz xumea egin du buruaz.
Ukrainara ez doa bakarrik
Hemen ere egingo du dantza, eta ibiliko da patinetan ere, «asko gustatzen zaio-eta». Horrela eta lehen aipatutako beste gauza guztiak eginez igaroko zaizkio bi hilabeteak. Tartean urtebetetzea ospatuko du, uztailaren 25ean beteko baititu 11 urte. Orduan izango da agurraren unea. Orduan penak eta tristurak. Hutsunea uzten baitu Nastiak bere herrialdera itzultzen denean.
Aurten, ordea, denei ez zaie egingo gogorra. Maitere Arrietari ez, behintzat. Izan ere, Nastiarekin batera joango da Ivankivera: «Txernobilgo Lagunak elkarteko kideak doaz, gestio batzuk egitera, eta gu geure kasa joango gara. Bizpahiru egun beharko dituztenez lana egiteko, gu ere bizpahiru egunerako goaz». Pozik da Nastia: «Gustura nago hara doazelako. Nire gurasoak ezagutuko dituzte».
Zorigaiztoak bete-betean harrapatu zuen zonaldea ezagutuko du. Orain arte hitzez esan diotena bertatik bertara ikusi ahal izango du. Nastiaren bidez, Ukraina etxeko bihurtu zaie Arrietatarrei: «Orain, komunikabideetan hango zerbait datorrenean, kasu egiten diogu». Ondo dakizki han Errusiaren aldekoak eta kontrakoak daudela. Nastiak segituan esan du zer ez den: «Ni ez naiz errusiarra». Ukrainarra da. Istripu lazgarri hark kaltetutako milaka eta milaka herritarretako bat. Urtean bi hilabetez, egunerokotasun hartatatik ateratzeko aukera duen haurretako bat.
«Datorren urtean ere etorriko da». 17 urte bete arte dauka etortzeko aukera, unibertsitatean hasi arte. Etxekoa da; han etxekoa, eta hemen ere etxekoa. Han etxea dauka, eta hemen ere etxea dauka. Han familia du, eta hemen ere familia du. Elkarrizketa amaitu berritan, badoa oinez, hain gustuko duen fruta alea eskuan duela. Bero egiten du. Baina Ukrainako elur maluta pozik da udako eguzkitan.