«Nire kasara diseinatzen hastea oso baztertuta daukat», dio Txomin Plazaola (Zumaia, 1978) moda diseinatzaileak. Gustura dago Bartzelonan, Armand Basirentzat lanean. «Arropa zure izenean egiten duzunean, prezioek ezin dute konpetitiboak izan, areago kalitatezkoa egin nahi baduzu. Eta zail ikusten dut aktoreren batek Oscarretara nire soinekoren bat eramatea».
Zerk erakarri zintuen moda mundura? Txikitan amaren arropa moldatzen zenuen horietakoa al zinen?
Beti gustatu izan zait arropa, eta gaztetatik jolastu izan dut horrekin. Baina diseinua ikasten hasi nintzenean ez nuen oso argi arropa egiten hasiko nintzenik. Donostian eskolan hasi nintzenean, interiorismoa nuen buruan. Gero, grafikoa gustatzen hasi zitzaidan, eta lehen maila amaitzear nintzela konturatu nintzen moda diseinua nuela gustukoen. Orduan, Bartzelonara joan nintzen. Udan girotzeko ikastaro bat egin ostean, bigarren mailara sartu nintzen zuzenean, Escola d´Arts i Tecniques de la Moda-n. Ramon Llull unibertsitatearekin bat egin zuen ondoren. Eskola ona zen. Baliabide asko ez bazuten ere, irakasleak oso onak ziren. Asko ikasi nuen, eta izan ditudan lan guztiak, azken hau izan ezik, irakasleen bidez lortu ditut. Irakasleak industriarekin zuzeneko kontaktua zuten.
2002an sari bat irabazi zenuen, Creamodan, Bilbon. Horrek ere ateak irekiko zizkizun, ezta?
Ba ez pentsa. Euskal Herrian ez dago moda industriarik, eta niri behintzat inork ez zidan deitu saria irabazi ostean lana eskainiz. Dirua ondo etorri zitzaidan, hori bai, eta izendapena bera ere bai, curriculuma osatzeko.
Euskal moda ez da existitzen, beraz?
Ez. Diseinatzaile euskaldun mordo bat dago, baina Katalunian edo Galizian ari da lanean. Denda dutenak ezagutzen ditut, baina ez dute hainbeste oihartzun.
Eta Kataluniak eskaintzen al du horretarako aukera?
Ez. Sormen aldetik ez dago pasarela garrantzitsurik, guztia industriarekin lotuta dago zuzen-zuzenean. Marka batentzat aritzeko antolatuta dago. Eta neurri batean horrela askoz hobeto ateratzen duzu bizimodua. Kulturalki, gainera, hemengo gizartea ez dago diseinua erosteko prest, ez du baloratzen, Italia, Frantziaedo Inglaterrakoa bezala. Han diseinatzaile gazteak askoz gehiago zaintzen dira. Sariak-eta ematen dituzte, baina zure lana, pasarelan erakusten duzuna, ezin bada komertzializatu, ez bada egia bilakatzen, gezur moduko bat da.
Eta zer helburu du, zure ustez, Cibeles gisako pasarela batek?
Madril hiri gisa promozionatzea, besterik ez. Diseinu guztia, modernoa, Katalunian egon da beti. Eta horrek sortzen dion konplexuari aurre egiteko, diru gehiago dagoenez Madrilen, ba Cibeles antolatzen dute.
Hartu al duzu behin ere parte halako pasarelaren batean, zure izenean?
Ez, ez. Creamodan (lehen Euskoconsumo zen) aurkeztu nuen hura nire tesia zen, Welcome to Torremolinos bilduma. Gustuaren inguruko hausnarketa zen, zer den gustu onekoa eta zer txarrekoa, nola igaro daitekeen elementu bat gustu txarrekoa izatetik chic izatera. Niri kistch iruditzen zaidan ikonografia baliatu nuen: futbol mundua, miss-en mundua, Corte Inglés-en logotipoa...
Hausnartu egin zenuen, eta zein ondoriotara heldu zinen? Nork erabakitzen du zer den gustu onekoa eta zer txarrekoa?
Ez da azaltzeko erraza, baina gauzak modan jartzen dira. Hori ukazina da. Joerak usaindu egin daitezke, koloreak... Naturalki, batzuk entxufeak konpontzen dakite eta besteok honelako kontuez dakigu. Batere kosta gabe erabakitzen duzu, akaso silueta batek nazkatuta zauzkalako eta zerbait freskoaren bila zabiltzalako. Eta sarritan, freskotasun hori helburu, ordura arte gustu txarrekotzat jo diren gauzetan erreparatzen duzu inspirazio bila. Izan ere, gustu onekoa dela onartuta badago, denek onartzen badute, horri ezin zaio buelta gehiago eman. Beste alde batera begiratu behar da, eta erronka onartu: gustu txarreko gauzak gustu oneko bihurtu, findu, eta derrigorrezko elementu bilakatu.
Zuk Armand Basin egiten duzu lan. Nola da marka handi baterako jardutea? Zer aukera eskaintzen dizkizu?
Marka handia dela dirudi, baina ez da hainbeste. Emakumezkoen departamentuan bi lagun gara diseinuan, esaterako.
Askatasunik izaten al duzu sortzerako orduan?
Enpresa honetan badut, beti izan dut. Baina askatasuna duzu zure parametroak zein diren dakizun unetik, horien baitan mugi baizaitezke. Badakizu zein den zure bezeroa eta zein aurrekontu duzun, zenbat gasta dezakezun.
Nola da zure sortzeko prozesua?
Lehenbizi gai bat bilatzen dut. Zinetik etortzen zait askotan inspirazioa. Ikusten ditudan pelikulek azaltzen dituzten emakume mota ezberdinetan fijatzen naiz, eta hori islatzea gustatzen zait. Udako azken bildumarako Io sono l’amore eta The private lifes of Pippa Lee filmetan inspiratu nintzen. Biek ala biek emakume helduak aurkezten dituzte, klase sozial altukoak, eta itxuraz perfektua den bizimodua dute, batere zoriontsu egiten ez dituena. Guztiarekin hautsi eta zu berri hori osatu behar dute. Hori da abiapuntua.
Abiapuntua baduzu. Zein da hurrengo urratsa?
Io sonno l’amore-ko look-a asko gustatu zitzaidan, Art Decó italiarra, filmaren argazkia, protagonistaren estilo sinple baina duina... Hortik hasi nintzen koloreetan-eta pentsatzen. Gero hainbat zerbitzari kontsultatzen dugu, pantonek zein kolore eskaintzen dituen ikusteko. Ondoren ehun azokatara joaten gara, eta ehunek ere koloreen inguruko informazio asko ematen dute. 30-40 etxe inguru ikusten ditut, eta askok koinziditu egiten dute koloreei dagokionean. Tendentzia baten barruan egoteak salmentekin laguntzen du.
Moda aldizkeriek eta enpresa talde handiek agintzen duten tokian ba al da sormenerako lekurik?
Gaur egun Internetek eskaintzen du aukera hori. Asko mugitu behar duzu, baina badago halako subkultura bat, musikari eta modari lotutakoa. Autopromoziorako aukera ona da, eta urrutira heltzea ahalbidetzen du. Baina, betiko moduan, main stream-ek irentsi egiten ditu horretara jotzen duten diseinatzaileak ere. Punkiak ginen, eta aburgesatu egiten gara. Jean Paul Gaultier, esaterako, l´enfant terrible zen. Eta gaur industria mailan LVMHko (Moet Henessi Louis Vuitton, luxusko 50 marka baino gehiago dituen nazioarteko enpresa) partaidea da. Baina dena dela ere, moda munduan beti egin behar duzu zerbait puskatzailea, deigarria, punkia, iraungo baduzu. Hizkuntza propioa izan behar duzu. Baina heldu egiten zara, eta horrekin batera, zuri publiko osoa ere bai. Eta horretara ere egokitu egin behar duzu.
Hau guztia ez al da friboloegia?
Modak badu puntu hori. Friboloa da. Arropa ez da beharrezkoa. Horregatik balitz, denok etxean dugun arropa nahikoa izango litzateke, ez bizitza baterako, hirutarako baizik. Kapritxoa da.
Hori esanda, non kokatuko zenuke zure burua, moda=dibertsioa edo moda=praktikotasuna?
Erdian. Aurrekoa esanda ere, oso beharrezkoa iruditzen zait moda. Eta moda esaten dudanean, estetikaz ari naiz. Estetikak zoriontsu egiten nau. Nahiago ditut gauza politak itsusiak baino. Leihotik eguzkia ikusiz gero, errazago jaikitzen naiz ohetik euria ari duenetan baino. Maila batean eta
bestean denoi axola digu estetikak. Zure ez moda ere moda bat da. Quechua arropak ere norbaitek diseinatzen ditu. Ezin da modatik ihes egin. Denok gara tribu bateko kide, eta etiketa jartzea da kontua. Guk hori egiten dugu, gure publiko objektibora heltzeko.