Kiroldegiko beheko kantxaren erabilera arautzeko neurriak hartu ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 7a, 17:14

Haurrak kiroldegiko kantxan, artxiboko irudian. (Danbolin)

Erabilera libreko orduekin batera, astean hirutan adin tarteka lehentasunak ezarriz ordutegiak zehaztu ditu, "guztiek espazioaz gozatzeko aukera izan dezaten".

Kiroldegiko beheko kantxaren erabilerari eragingo dioten aldaketak iragarri ditu Zestoako Udalak.

Haurren eta nerabeen erabilerari eragingo diote, bereziki, aldaketek. Izan ere, kiroldegiko beheko kantxa "era librean erabiltzeko aukera" dute horiek beren aisialdirako, baina erabilera libre horrek sortu izan ditu eragozpenak; txikienen kalterako, hain zuzen. Honela azaldu du udalak: "Kantxaren erabilera nabarmena da, eta egunero adin tarte ezberdinetako haur asko bertaratzen dira jolastera. Ikusi denez, adin tarte ezberdinetako haurrak elkartzean, nagusienak gailentzen dira espazioan eta gazteenak sarri jolastu gabe geratzen dira".

Horregatik erabaki du udalak kantxaren erabilera arautzeko neurriak ezartzea. Egutegi bat osatu du, asteko egun bakoitzean haurrek kantxa erabiltzea libre izango duten orduak jakinarazteko eta, era berean, asteko hiru egunetan (asteartean, ostegunean eta larunbatean) adin tarteka erabilerarako lehentasunak zehazteko, "guztiek espazioaz gozatzeko aukera izan dezaten". Horrela, astearteetan 17:00etatik 18:30era LHko ikasleek izango dute kantxa erabiltzeko lehentasuna, eta 18:30etik 20:00etara DBHkoek; ostegunetan, 17:00etatik 18:00etarakoa izango da LHkoen lehentasunezko tartea, eta 18:00etatik 19:00etarakoa DBHkoena; eta larunbatetan, LHkoek 16:00etatik 17:00etara eta DBHkoek 17:00etatik 18:00etara izango dute kantxa erabiltzeko lehentasuna.

Beheko koadroan jaso dituzte haurrek kantxa erabili ahal izateko ordutegiak, libreak zein lehentasunak ezarrita izango dituztenak. Zalantzak dituztenek edo informazio gehiago nahi dutenek, udalaren Jarduera Fisiko eta Kirol sailera jo dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide