Euskara ikasteko udalaren diru laguntzak eska daitezke Zestoan

Andoni Elduaien 2025ko ots. 26a, 11:30

AEK-ko ikasleak, ikasgela baten lanean. (AEK)

Zestoako Udalak euskara ikasi nahi dutenentzako diru laguntza lerroa zabaldu du. Zestoan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek izango dute laguntza eskatzeko aukera.

Euskara ikasteko udalaren diru laguntzak eska daitezke Zestoan. Hango udalak euskara ikasi nahi duten herritarrei emango die laguntza, erakundeak euskara ikasteko duen diru laguntza lerroaren barruan. Onuradun izateko, Zestoan erroldatuta egon beharko du eskatzaileak, 16 urte edo gehiago izan beharko ditu eta udalarekin zorrik ezingo du eduki. Era berean, ikastaroa Zestoako euskaltegian, bestelako euskaltegi edo barnetegi homologaturen batean, edota UEUn, EHUn edo beste hezkuntza zentro aitortu batean egin beharko du eskatzaileak.

Aurrez aurreko ikastaroak, autoikaskuntza ikastaroak, eta online ikastaroak lagunduko ditu udalak, eta beste premisetako bat izango da ikasturtea hasi eta amaitzea. Gutxienez, %85eko asistentzia izan beharko dute onuradunek ikastaroan. Haberen deialdian diru laguntza eskatu izana ere kontuan hartuko du udalak, baita gain-finantzaketa eragin dezakeen beste diru laguntzarik jaso ez izana ere.

Zestoan erroldatutakoek matrikularen %100 jasoko dute, baldin eta ikastaroa Zestoako euskaltegian egiten badute. Matrikula egin ahal izateko, udalak zehaztutako fidantza ordaindu beharko dute aurrez euskaltegiko ikasleek. Ikastaroa bukatutakoan, berriz, aurrez ordaindutakoa osorik bueltatuko zaie onuradunei, beti ere %85eko asistentzia bete eta dagokion agiria aurkezten badute. Azken bi baldintza horiek betetzen ez dituztenek, galdu egingo dute datozen ikasturteetan diru laguntza jasotzeko eskubidea.

Aldiz, laguntza baxuagoa jasoko dute ikastaroa beste euskaltegi homologatu batean egin behar dutenek. Langile posturen bat dutenek matrikularen %50 jasoko dute, eta langabetuek zein ikasleek matrikularen %80. Zenbateko bera jasoko dute beste euskaltegi homologatu batean autoikaskuntza eta online ikastaroak egiten dituzten herritarrek. Ordea, ikastaroa barnetegian egiten dutenek edota UEU, EHU eta bestelako zentroetan egiten duten langileek matrikularen %25 jasoko dute, eta langabetuek zein ikasleek matrikularen %50. Ikasketak unibertsitateetan egiten dituzten langileek ez dute laguntzarik jasoko, eta langabetuek zein ikasleek matrikularen %50.

Diru laguntza eskatzeko epea hamabost egunekoa izango da, matrikula epea ixten denetik aurrera. Horretarako, ikastetxeko agiria aurkeztu beharko dute. Ikastaroa Zestoako euskaltegian egiten dutenek euskaltegian bertan aurkeztu beharko dute dokumentazioa. Beste ikastetxeren batean ikasten dutenek, berriz, eskaera aurrez aurre egin ahalko dute Udal Erregistroan ala Internet bidez. Horretarako, eskaera matrikularekin batera eskaera orria, NAren fotokopia, matrikularen ordain-agiria, langabetuen kasuan langabezia-txartela, eta ikasleen kasuan, ikasle-txartela edo baliokidea aurkeztu beharko dute aurrez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide